Erregearen kaiera

1789an Luis XVI.a erregeari eskariak helarazteko erabili zituzten kaierak berreskuratu ditu Macronek, herritarren ideiak jasotzea helburu.

ander perez zala
Hendaia
2019ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Herriko etxeko balkoian Frantziako banderarekin, Europakoarekin eta ikurrinarekin batera dagoen afixak laburbiltzen du Hendaiako biztanleen (Lapurdi) kexetako bat: «Elkarrekin, zerbitzu publikoa defenda dezagun». Mezuaeuskaraz eta frantsesez dago.

Udaletxera iristean, lehen abisua atean dago: «Kexen kaiera Errepublikako presidente jaunari itzuliko zaio, frantsesei jakinarazitako prozesuaren harira. Errespetatu ezazue, mesedez, dokumentuaren forma, baita pertsonak ere, irainak eta zuzenak ez diren adierazpenak saihestuta». Izan ere, eztabaidetan parte hartzeaz gain, herritarrek kexak eta ideiak Frantziako Gobernuari helarazteko beste modu bat dute: cahier de doleance delakoa, Kexa edota erreklamazio kaierak. Koaderno horiek, gero, prefeturara eramango dituzte, bilana egin eta gobernuari bidaltzeko. Kaiera horiek batez ere 1789an egin ziren ezagun, Luis XVI.a erregeari bideraturiko eskariak idazteko; urte horretako martxoa eta apirila bitartean, 60.000 koaderno inguru bete zituzten.

Hendaiako herriko etxean ezarritako kaieraren kasuan, ez du arrakasta oso handirik izan; herritarrek eskari gutxi helarazi dituzte koaderno horren bidez: esaterako, Jaka Horien lehen aldarrikapenak, erregaiaren prezioa jaistea eta aberastasunaren gaineko zerga berreskuratzea (ISF).

Urtarrilaren 30ean eta otsailaren 13an egindako eztabaidetan, berriz, ideia gehiago azaleratu zituzten parte hartzaileek. Horien emaitzak udaletxeetan daude ikusgai. Hainbat dira eskariak eta kexak: hauteskundeetan parte hartzea %50 baino gutxiagokoa bada, horiek bertan behera uztea; hauteskunde orokorrak bi urtean behin egitea, ganberen herena berritzeko; funtzionario gehiegi daudela; bankuak nazionalizatzea; BEZa ez igotzea; hilero 1.300 euroko pentsioa izatea; eta VI. errepublika sortzea.

Arrakastarik handiena, ordea, zerbitzu publikoen defentsak izan du. Finantza publikoen zentroa kendu dute, eta hendaiarrek Donibane Lohizunera (Lapurdi) joan behar dute zergekin zerikusia duten auziak konpontzera. Hori berreskuratzeko eskariak 1.352 sinadura lortu ditu jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.