Hezkuntza Saileko guraize kamustuak

Itziar Salegi
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Atea jo eta erantzunik ez. Mahaian gurekin esertzeko gonbita egin eta erantzunik ez. Irakasleok ehunka mezu elektroniko bidali ditugu Jaurlaritzako Hezkuntza Sailera. Ez dute erantzun. Ez guri, ezta sindikatu ezberdinei ere. Honela jokatzen du Hezkuntza Sailak komeni zaionean. Bai, komeni zaionean diogu, ez baitute inolako arazorik eszedentzian edo suspentsioan gauden irakasleoi banan-banan deika jarduteko, baimen horiek orain ezin ditugula nahi ditugunean moztu esateko. Deia orain, irailera arte luzatu nahi zenuenean eszedentzia, seme-alaben egokitzapena egin ahal izateko. Deia orain, suspentsioan abendura arte egon eta oposizioen praktikaldian eskatzen diren gutxieneko sei hilabeteak egiteko urtarrilaren 1ean lanean hasi nahi zenuenean. Deia orain, dependentzia duen zure aitarekin egoteko zure anai-arrebekin eginda zenuen puzzlean irail eta urriko arratsaldeak libratzeko jardunaldi murrizketa azarora arte hartu nahi zenuenean.

Abuztuaren 20an deitu dizute gainera, azkar erantzun behar duzula esanez. «Noiz eten behar duzu baimena? Abuztuaren 31n ala urtarrilaren 31n? Abuztuan bada ez duzu denbora askorik, orain ez bada biharko jakin behar dugu». Ikasturte berrirako familia kontziliazioaren krokis konplikatuak forma hartua zuenean, planak hankaz gora jarri dizkizun deia. Zure bikotekidea irailaren 10ean lanik gabe geratu, eta eszedentzia urtarrilaren 31ra arte mozteko aukera ez duzula izango esaten dizun deia. Behar ekonomiko bat urrian sortu eta aipatutako bi data jakin horietara arte jardunaldi murrizketa eteteko aukerarik ez duzula izango esaten dizun deia. Eszedentzian ez dugula kobratzen jakingo al dute hauek? Jardunaldiaren murrizketa baimenean ere murriztutako zatia ez dugula kobratzen jakingo ote dute? Galdera inozoak dirudite, baina honelako neurriak ezartzean, batzuetan zalantzan jartzen ditugu horrelakoak, bestela ezin baita ondo ulertu.

Orain baimenak eteteko bi egun bakarrik aukeran, abuztuaren 31 eta urtarrilaren 31. Lehen 365 egun zenituenean aukeran, orain bi bakarrik: 363 aukera gutxiago. Eta zergatik bi egun jakin horiek? Auskalo, guri ez galdetu zergatik, ez baitigute inolako azalpen argirik eman. Atea jo diegu azalpen eske, hitz egin dezagun; ez dute ireki, ez dute ireki nahi.

Eta honela entzungo ditugu gure hezkuntza sailburua eta gainerakoak, telebista zein egunkarietan, harro, aurtengo ikasturterako protokolo berria azalduz, ikasleen kalitatezko hezkuntza bermatuz, irakaslerian errefortzuak egongo direla ozen esanez, hezkuntza dela gizartean gehien zaindu behar diren alderdietako bat azpimarratuz... bla, bla eta bla. Kareta polita jarrita, baina atzetik, poliki-poliki, handik eta hemendik, murrizketa bat bestearen atzetik emanez. Guraizeak hartu eta nahi duten forma ematen ari dira, baina gu izkina gogorra gara, guraize arruntekin mozten ez den izkina horietako bat. Gainera, artaziak kamusten hasiak zaizkie eta honekin aurrera jarraitzeko guraize handiagoak beharko dituzte, eta agerian geratuko dira.

Ikasturtea hasi da irakasleontzat, sartu dira gure ikasle maiteak gelatan, gure seme-alabak ere bai, eta, atea jo eta esertzeko gonbitari erantzunik eman ez dioten arren, borrokan jarraituko dugu. Hezkuntzako ateaz gain beste batzuk ere jotzen hasiak gara dagoeneko, ez garelako isilduko, entzungo gaituztelako, gure familiako kontziliazioak merezi duelako, gure seme-alabek, gurasoek, dependentzia duten hurbileko pertsonek... behar dutelako, behar dugulako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.