Mikel Aristi. Euskadi Fundazioko ziklista

«Abuztuan erakutsi nuen mailari luzaroan eustea izango da helburua»

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Euskadi Fundazioan hasi zuen profesional bidea Mikel Aristik (Bergara, Gipuzkoa, 1993), eta lau urte geroago itzuli da. «Etxea aldatuta dago, baina erraza da egokitzea: mundu guztia ezagutzen nuen», aitortu du.

Zer moduz? Hasiera berri bat da zure ibilbidean.

Ilusio handiz nago, eta urduri ere bai; neurrian. Proiektu berri honi ondo ekiteko gogoz nago.

Zer traza hartzen diozu egitasmoari? Zer giro duzue taldean?

Jende gazte pila bat ikusten dut, arlo guztietan, eta horrek freskotasuna ematen dio. Guztiok ilusio handia dugu, eta hori oinarri garrantzitsua da lanari ekiteko.

Honezkero hitz egingo zenuen Jorge Azanzarekin. Zer eskatu dizu zehazki?

Azanzak aspalditik ezagutzen nau, eta nigan konfiantza handia duela sentitzen dut. Niri horri erantzutea dagokit. Uste du lasterketetan lehiakorra izan naitekeela, eta, nik erakutsi dut sasoiko baldin banago, izan naitekeela. Aurten urtebete gehiago dut, eta ea erregulartasuna lortzen dudan.

Iazko sasoi amaiera onaren ondoren, hainbat eskaintza zenituela onartu zenuen. Zergatik aukeratu duzu Fundazioa?

Etxeko talde bat da, aurretik ezagutzen nuen, eta bere garaian profesionaletan hasteko aukera eman zidan. Orain, oso aldatuta dago, baina jatorria berbera da. Etxe ezaguna da, mundu guztia ezagutzen dut, eta pentsatu nuen hau nire tokia izango zela.

Bi urteko kontratua eskaini izana konfiantza horren eredu da.

Iazko ekainean eskaintzak banituen, eta, egia esan, eskaintza horiek edukitzeak lasaitu egin ninduen, eta hobeto lan egiteko aukera eman zidan. Horri esker lortu nituen abuztuko garaipenak. Zertara datorren hau? Bi urte ziurtatuta izateak lasaitasun puntu bat ematen dit, eta, nire kasuan, laguntza handia izango da kontratu eta antzekoen estresak alboratu ahal izatea.

Esan bezala, abuztuan garaipen bat lortu zenuen Portugalgo Itzulian eta beste bat Limusinen. Beste Aristi bat zen hura.

Errepidean gozatzen ari zen Aristi bat ikusi zen, lasai zegoen eta. Ez zuen kontratu konturik buruan, ahalik eta lasterketa onenak egitea zen ardura bakarra. Entrenatzen ere gozatu egiten nuen.

Irabazteak mesede egiten du?

Handia, eta lehen garaipenaren ostean, dena errazagoa izan zen.

Aristi hori gehiagotan ikustea al da aurtengo zure helburua?

Bai. Hasieran ere erakutsi nuen maila hori, nahiz eta ez irabazi. Pedal kolpe horri ahalik eta gehien eustea da helburua.

Taldearen helburua zein da?

Ez digute langarik jarri. Jakitun dira talde gaztea dela, eta jende beteranoa dagoela emaitza onak lortzeko kapaza dena. Ondo aritzeko gai garen ikusi nahi dute, eta ikusiz joan. Taldeko entrenamenduetan, behintzat, oso ondo ari gara.

Euskadi-Muriasetik iritsi zara Euskadi Fundaziora. Zer gorputzaldi utzi zizun desagerpenak?

Pena eman zidan. Muriasek Euskal Herrira itzultzeko aukera eman zidan. Bi urte on egon naiz, egutegi onarekin, eta etxe horri nire esker ona adierazi baino ez dut. Lan ona egin dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.