Izen argirik gabeko txapela

Larunbatean jokatuko da, Bilbon, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finala. Aspaldiko lehiarik parekideena izango dela nabarmendu dute finalistek. Jon Enbeitak jantziko dio txapela irabazleari
Ezker-eskuin, Ibarzabal, Abasolo, Uria, Enbeita, Galletebeitia, Bizkarra, Amuriza, Lekue eta Enbeita bertsolariak, atzo, Bilboko Miribilla kiroldegian.
Ezker-eskuin, Ibarzabal, Abasolo, Uria, Enbeita, Galletebeitia, Bizkarra, Amuriza, Lekue eta Enbeita bertsolariak, atzo, Bilboko Miribilla kiroldegian. A.LOIOLA / FOKU

Ainhoa Larrabe Arnaiz -

2018ko abenduak 12
«Arrisku zoragarri bat» du aurtengo Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalak, Jon Enbeita (Muxika, Bizkaia, 1950) bertsolariaren esanetan. «Normalean, irabazi duen bertsolariari buruz hizketan ateratzen da jendea txapelketatik, baina oraingoan badugu arrisku zoragarri bat: entzuleak bertso saioa eta haren kalitatea ahotan dutela ateratzekoa». Larunbatean jokatuko da finala, Miribillako Bilbao Arena aretoan (Bilbo), eta aspaldiko finalik parekatuena dela azpimarratu dute oholtzara igoko diren zortzi bertsolariek: Aitor Bizkarra, Eneko Abasolo Abarkas, Etxahun Lekue, Jone Uria, Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitia izango dira kantuan. 17:00etan abiatuko da saioa, eta Enbeitak jarriko dio txapela aurtengo Bizkaiko txapeldunari. Atzo egin zuten finalaren aurkezpena, Miribillan.

Urte osoko lanaren emaitza izango da larunbateko finala, Asier Ibaibarriaga Bizkaiko Bertsozale Elkarteko presidentearen hitzetan. «Baso koloretsu baten irudia aukeratu dugu aurtengo txapelketarako, bertsolaritzaren ekosistema osoa irudikatu nahi genuelako». Baso horren adarretako bat da larunbateko saioa, elkarteko kidearen hitzetan. «Txapelketan basoaren zati bat besterik ez da ikusten: bertsolarien lana. Baina badakigu, arbola horiek egoteko, sustrai indartsuak eta bizi handia egon behar dela basoan». Ibaibarriagak azpimarratu duenez, ehun boluntario baino gehiago izango dira lanean larunbateko zitan. 15:30ean irekiko dituzte ateak, eta antolatzaileen lana errazteko eta arazoak saihesteko, garaiz joateko deia egin dute elkarteko kideek.

Belaunaldi aldaketa nabaritu da Bizkaiko Bertso Txapelketako lehian, eta gaztetasuna da finalak duen ezaugarrietako bat. Txapela, baina, beterano batek jantziko dio txapeldunari: Enbeitak. Egin duen ibilbideari omenaldia egin nahi diotela nabarmendu Ibaibarriagak. Izan ere, bertsogintzan ibilbide luzea eginikoa da muxikarra: bost aldiz kantatu du Euskal Herriko Bertso Txapelketa Nagusiko finalean —1980, 1982, 1986, 1989 eta 1993an—; eta beste horrenbeste alditan izan da Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean —1987, 1990, 1992, 1994 eta 1996an—. Bi aldiz izan da Araba-Bizkaiko txapelduna —bi lurraldeak elkartuta egin zen txapelketa 1987 eta 1998 artean—. Bertso idatzietan ere hainbat sari jaso izan ditu Enbeitak, eta musikagintzan ere ibilbide luzea egin du. Pozik azaldu da bertsolaria. «Beharbada, azkenaldiko finalik parekatuena izango dugu larunbatekoa, faborito argirik gabea. Horrek are erakargarriagoa egingo du saioa».

Garaian garaiko berezitasunekin, baina «bide onean» doa Bizkaiko Bertsolari Txapelketa. Hala azpimarratu du Enbeitak: «Uste dut aurrerapausoak ematen joan garela, eta bertsogintzaren ekosistema hau sendotzen eta sustraitzen goazela». Txapelketari lehiakortasuna kentzearen alde azaldu da muxikarra. «Albokoa hobetzeko helburua izan gabe, nork bere burua hobetzeko lehia izan beharko genuke txapelketetan».

Enbeitak esandakoa berretsi dute larunbatean oholtzan izango diren zortzi bertsolariek: faborito argirik ez dagoela uste dute denek. «Aspaldiko finalik zabalena da aurtengoa: zortzi faborito dituen finala da». Hala baieztatu du Lekuek. Berak jantzi zuen txapela azken aldiz, eta ikusteko dago tituluari eusten dion. Lasai dagoela aitortu du. «Dudan onena emango dut». Finalaurrekoen fasean gehitu da txapelketara bertsolari larrabetzuarra, baina ez da bakarra izan: Uria, Amuriza, Ibarzabal, Enbeita eta Galletebeitia ere finalista izan ziren 2016ko txapelketan, eta lehiaren azken fasean sartu dira aurtengoan horregatik. Beraz, Abarkas eta Bizkarra izan dira, kanporaketen alditik abesten jardun diren bakarrak. Lehen aldia du Bizkarrak finalean, eta, 22 urterekin, oholtzan izango den bertsolari gazteena ere bada.

Bi atal izango ditu saioak. Lehenbizi, finalera iritsitako zortzi bertsolariak arituko dira; zortziko nagusian, zortziko txikian, hamarreko txikian eta bakarkako lanean, puntua emanda zein gaia emanda. Puntu gehien lortzen duten bi bertsolariak pasatuko dira bigarren atalera; zortziko txikian, seiko motzean eta kartzelako lanean jardungo dira bi finalistak, eta lehenengo eta bigarren ataletako puntuazioa gehituta puntu gehien duenak jantziko du txapela.

Idoia Anzorandia eta Maite Berriozabal arituko dira gai jartzaile lanetan eta epaile lanetan, aldiz, Ander Txakartegi, Joseba Santxo, Jurgi Fuentes, Leire Etxebarria, Mirari Azula eta Miriam Juaristi izango dira.

Urte osoko lana

Larunbateko finalarekin bukaera emango zaio apirilean abiatu zen prozesu luzeari. Apiriletik maiatzera egin zen udaberriko fasean inoiz baino parte hartzaile gehiago izan ziren lehian: guztira, 78 bertsolarik kantatu zuten, eta horietako 23k lehen aldia izan dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketan. Fase horretatik, 29 bertsolari sailkatu ziren, eta duela bi urteko kanporaketak irabazi zituen Oihana Bartra gehitu zitzaien lehiara orduan.

Finalaurrekoetan hemezortzi lagun aritu dira lehian: kanporaketetako fasetik sailkatutako hamar eta 2016ko edizioan finalean izan zen zortzikotea —Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Xabat Galletebeitia, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue, Beñat Ugartetxea eta Jone Uria—. Hiru finalaurreko jokatu dira, eta hortik atera dira larunbatean lehiatuko diren zortzi finalistak.

Jendetza espero da larunbateko zitan, eta antolatzaileek garraio publikoa erabiltzeko eta aretora sasoiz iristeko gomendioa egin dute. Sarrerak Bizkaiko Bertsozale Elkarteak horretarako atonduriko webgunean izango dira salgai, eta larunbatean ere eskuragarri egongo dira Bilbo Arenako txarteldegietan, 12:30etik aurrera. Saioak iraun bitartean, haurrentzako gunea egokituko dutela azaldu dute elkarteko kideek, eta hezitzaileak ere jarriko dituztela, zaintzarako.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Ainhoa Larrabe Arnaiz

Informazio osagarria