Ez dago Zientziari buruzko bertsio bakarra, eztabaidatu dezagun!

2020ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Hipotesiak frogak bezain garrantzitsuak dira, behar ditugun galderak, baita haien balizko erantzunak, balorapenak eta ihardespenak, funtsezkoak zaizkigu bizitzeko egokitu zaigun egoeran. Ez dago daturik edo gertaerarik haiek ulertarazteko ikuspegietatik kanpo. Inoiz baino premia gehiago dugu hala gizarteaz nola zientziaz behar bezala eztabaidatzeko. Zoritxarrez, funtsezkodebate hori, ematen denean, azalkeriaz eta gazteleraz ematen ari da. Alde batetik, honetan ere, benetako zentsura baitago eta, bestetik, ikuspegi desberdinen arteko elkarrizketa gauzatu beharrean, erabateko deskalifikazio jitea nagusi baita mediatan eta gizarte sareetan. Horren partez, aldiz, zientziari buruz aritzeko eta zientzien konparaketa egiteko epistemologiaren beharra daukagula uste dut.

Zientziaren metodoa badakigu zer den baina zientzien eraikuntza ikertzen duen filosofia epistemologia dugu; halere, ez dago epistemologiaren ikuspegi bakar bat.

Zientzia mota bakoitza (dela medikuntza, fisika edota kimika...) ezin daiteke epistemologia eskola desberdin bakar batetatik aztertu. Horrela ez dakar konparaketarik; beraz, epistemologiaren kontzeptua argitu beharra dago eta hortik eskola desberdinek ematen dizkiguten ikuspegiak ezagutarazi. Hau guztia aztertu ondoren bidea irekia izango dugu esku artean daukagun arazoaz hitz egiteko, alegia:

Zientzietan nahiak ba al du zer esanik?, Zientzia neutrala al da?, Zientziaren garapena gizarte interesetik at al dago?, eta Zientziak interes zehatzik baldin badu, Zientzia zehatzei edota Giza zientziei metodo berdina aplika diezaiekegu? Berdinak izan behar dira Osasun Zientzietan, demagun, Neurologiari eta Psikiatriari egokitu beharreko metodoak?

Goazen, bada, gaia ikertzen hastera: Zientziak aztertzerakoan zer azpimarratu behar da, ezagutza sortzeko prozesua edo, aldiz, ezagutzaren baliozkotasuna?

Bide batetik ala bestetik abiatuz gero epistemologia diferenteak izango ditugu. Hona hemen, labur bilduz.

1. Positibismo hutsa.

Eskola honetakoek dioskute epistemologiarik ez dagoela. Mende honetako hasierako jendeak (A. Compte eta beste) horrelako planteamenduetan sinisten zuen. Gaur egun, Argien mendea atzean geratu delarik eta modernitateak eragindako gizartea ezagututa, ez dirudi zientzia hain fidagarri denik.

2. Formen ikerketak.

Zientziaren metodoak baliozkoak otediren aztertzen dutenak bi ikuspegitatik.

Alde batetik logiko-positibistek diote(Popper eta Lakatos) metodoak baliozko izateko barruko koherentzia izan behar duela, emaitzak axolarik ez duela, arrazoinamenduak berak egia baitakar. Izan ere, askotan errealitateak akatsera, hutsegitera garamatza. Zientzia betiko errealitatearen aurka eraikitzen da, errealitatea bera aldatzeko asmoz.

Bestetik, errefusatzaileek (Mach eta Wittegenstein) defendatzen dute zientzia ez dela behin betirako egindako gauza bat, beraz, teoria orori ihardespenak jarriz berriztatzen da zientzia.

Honek hirugarren bidea dakar: Errefusatze sofistikatua, zeinak dioen baliozko teoria (ona bere testuinguruan) lehenengoak baino datu enpiriko gehiago duena izango dela. Kantengandik datorkigun metodoa hartuz eskola honetako partaide batek (Feyerabend) esaten digu egiatzat ezin daitekeela ezer har:

Teoria batek hutsak baditu ere, ez dugula baztertu beharrik. Printzipioz, teoria guztiak bilaka daitezke (Euskortasunaren hastapena) eta, ondorioz, hasieratik beretik ezin esan daiteke teoria berriak txarrak direnik. Bestalde, Teorien anizkoiztasunaren hastapena dugu, zeinaren arabera teoria desberdin batzuk baditugun eta batak ez die besteei garatzeko aukerarik kendu behar.

3. Arrazoiaren materialismoaren ikuspegiak (Bachelard) bi zientzialari mota bereizten ditu. Argia, koherentzia eta zientziaren metodoa maitatzen dituena alde batetik, eta, bestetik, itzalen artean mugitzen dena, intuizioz; izpiritu poetikoa. Kontrako bi ikuspegi horiek elkar osatu egiten dute momentu guztietan.

4. Iraultza zientifikoen historizismoa (Kuhn eta Brunschvicg).

Teoria honetan ez zaio garrantzirik ematen datuari bakarrik. Gakoa da zientziaren ezagutza nola eraikitzen den. Gizakiak egiten du zientzia eta zentzu honetan zertarakoak emaitza determinatzen du. Zientzia iraultzaren egitura aztertzen dute garai bakoitzeko metodo nagusiari antzemateko (paradigma): Fisikaren metodoa XVII. mendean, Historiarena XIX.ean eta abar. Zientzia guztiek garaiko paradigmaren baimena beharko lukete baliozkoak izateko.

5. Epistemologia genetikoa (Piaget).

Teoria baliozkoa denetz jakiteko nola sortu den jakin behar da hauen ustez. Ezagutzak metakor eta progresiboa izan behar du. Zientziaren genesia (sorkuntzaren bilakaera) ezagutuz gero bere baliozkotasun-irizpideak konprobatzen dira.

6. Materialismo dialektikoa (Althusser).

Teoria honi sintaxiaren azterketa ez zaio axola (ezagutza nola eraiki den), ezta semantikaren ikerketa ere (zer-nolako esanahia duen ikerketa horrek testuinguru zehatz batetan). Inportanteena pragmatika da; hau da, ezagutza bakoitzak zein giza-egitura bultzatu nahi duen, alegia.

7. Genealogismoa (Foucault).

Ikuspegi honetatik, jakintzaren arkeologia egin beharra dago, baina Historiaren kontzeptu berriaren argipean. Ez genuke hor kasualitaterik erabiliko, ezta denboraren ideiarik ere, une bakoitza lehen gertatutakoaren ondorio dela pentsatzen badugu Historia gaurko ikuspegitik baldintzaren ari gara eta, beti, kausalitatearen bidez ari gara pentsatzen.

8. Sistemen Teoria Orokorrak (Von Bertalanffy) epistemologia berri bat eraiki nahi izan zuen beste egiteren ekarpenetan oinarriturik (Erabakiaren teoria, Jokuaren teoria, eta abar...). Zibernetika aplikatuz teoria guztiak harremanetan jarri nahi zituen. Zientzia desberdinen bereizketak ez dira azpimarratu behar, beren erlazionatzeko ahalmena baizik. Zientzi mota bakoitzak errealitatearen arlo berezi bat aztertzen baitu.

Beraz, eta besteak beste, hementxe geratzen dira epistemologiaren ekarpenak ideien mailan, baina, berriro diot, ezin da pentsatu Zientziari buruzko bertsio bakarra dagoenik (utikan pentsamendu bakarra!) ezta debaterako beste ikuspegiak baztertuz eta irainduz (eskuindar, kapitalista, hippi, nazi... deituz). Eztabaida behar da, eta ez zientzialarien artean soilik, gizartean ere bai, eta euskal gizarteak euskaraz eztabaidatu beharko luke.

Bistan da faxismoa gizabanakoaren arrazionaltasunak ekarri(ko?) zuela eta,aldiz, bestela pentsatzea behar dugula ihardespenak isildu gabe. Akats larrialitzateke arrazionaltasunaren alde egotea sentimenduak baztertuta. Horrela eskuinari subjektibotasuna oparituko genioke. Errefutazionismoa ez baita Negazionismoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.