Zer gertatzen ari da Kolonbian?

Nelly Ortiz Cifuentes
2021eko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Zer gertatzen ari da Kolonbian?», galdetzen dio munduak bere buruari. «Zeintzuk dira abesti eta kolore artean protesta egiten duten gazte ausart horiek? Eta zergatik egiten dute hori?». «Gaztetxo» horiek ahaztuak dira, herri xeheko suminduak. Aurreko belaunaldiei aberri amestua lortzeko falta izan zitzaizkien kontzientzia itzartuaren eta tinkotasunaren ordezkariak. Ukapen eta miseria urte hauengatik guztiengatik daude kalean, bizitza arriskuan jarriz gobernu bihozgabe baten aurkako borroka desorekatu batean, non gobernuak balak erabilita erantzuten dien bizitzaren, bakearen eta demokraziaren aldeko aldarrikapenei.

Kolonbian gertatu dena ez da soilik gobernuak pandemia baten erdian ezarri nahi izan zuen zerga erreforma zital baten aurkako protesta bat: batez ere behartsuek osaturiko gizarte mugimendu bat izan da, osasuna, hezkuntza, lana eta zerbitzuak eskatzekoa, zeinak ekitaterik gabeko sistema espoliatu baten pean egituratuak dauden. Ivan Duqueren gobernuak proposatutako erreforma horren helburua zen ekonomia suspertzea eta pandemiak sortutako krisi fiskalaren parte bat konpontzea, eta, horretarako, besteak beste, zergak jarri zizkien kontsumo masiboko produktu batzuei eta zenbait zerbitzu publikori. Gobernuaren beste zuhurtziagabekeria bat izan da hori; izan ere, DANE estatistika departamentuaren arabera, herrialdean azken urte honetan 3,6 milioi biztanle erori dira pobrezian, eta beste 2,78 milioi muturreko pobrezian. Horrez gainera, OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen Goi Mandatariak egindako txostenen arabera, azken bi urteotan lider sozialak, ingurumenaren aldeko ekintzaileak eta giza eskubideen defendatzaileak erailtzen aritu dira, dozenaka, eta, indarkeria horren ondorioz, okerrera egin du Kolonbiako egoera sozial, ekonomiko eta politikoak, lehendik ere samurra ez eta.

Egoera hori ikusita, eta protesta gisa, Lanuztearen Batzorde Nazionalak —langileen sindikatuek eta Hezkuntzako Langileen Kolonbiako Federazioak osatutako batzordeak— lanuzte orokorrera deitu zuen apirilaren 28rako. Orain, langabezia nazionala eztanda sozial bat bihurtu da, pobreziaren eta diskriminazioaren ondorioz, baina baita indar publikoaren errepresio gogorraren eta zibil armatuek manifestazio baketsuei egindako erasoen ondorioz ere. Nahiz eta gobernuak indarkeriaren bidez erreprimitu nahi izan dituen mobilizazioak, protestek hor diraute oraindik ere, eta «Gu hiltzen ari dira» dioten oihuak aditzen dira kalean.

Gobernuak protestei emandako erantzun neurrigabeak bortitz hedatu dira lurralde osoan. Dena den, hala Cali hirian nola Caucako eta Caucaren ibarreko departamentuetako herrietan egindako manifestazioetan erabili dute indarkeriarik handiena armarik gabeko zibilen aurka. Temblores gobernuz kanpoko erakundeak Grita plataformaren bidez egindako balantzearen arabera, indar publikoen 3.789 indarkeria kasu identifikatu dituzte maiatzaren 31ra arte —desagertzeak kontuan hartu gabe—. Kasu horien artean, hauek identifikatu dituzte: indarkeria fisikoa, hilketak, atxiloketa arbitrarioak, indarkeriazko esku hartzeak, erasoen ondorioz begietan kalteak izan dituzten biktimak, suzko armen tiroak, sexu indarkeriaren biktimak eta generoan oinarritutako indarkeriaren biktimak. Era berean, erakunde horrek salatu du atxiloketa eta tortura zentro klandestinoak daudela, mehatxuak eta jazarpenak ere bai, eta orobat salatu du ezen istiluen aurkako eskuadroi mugikorra, Esmad izenekoa, neurriz kanpo erabiltzen ari dela negar gasa eta Venom arma.

Joan den ekainaren 8an, egun batzuk lehenago ezetz esan arren, gobernuak IACHR Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarraren bisita bat onartu zuen, eta lan bilera bat egin zuten, mugatua eta espezifikoa. Lorpen diplomatiko baten gisara plazaratutako ekintza hura egungo gobernuko Uribismo izeneko mugimendu eskuindarrak kontrolatu zuen. Garai hartantxe, langabezia batzordeak negoziazio mahaia utzi zuen; izan ere, gobernuak behin eta berriz adierazi zuen ez zuela sinatuko gizarte mobilizazioa aitortzeko aurreakordiorik, baina, aitzitik, langabezia batzordeko kideei eskatu zien gaitzets zitzatela manifestazioetako blokeoak. Bien bitartean, oraindik ere, estatuaren indarrek kontrolpean dute espazio publikoa, eta herritarren aurkako indarkeriak bere hartan jarraitzen du lanuzte nazionala hasi eta 45 egunera.

Colombia Aurrera kolonbiarren kolektiboko kideok deitoratu egiten dugu Kolonbiako Gobernuak bermerik ez ematea herritarren bizitza zaintzeko, eta sentitzen dugu negoziazioetan gazteak ordezkatuta ez egotea, haiek izanik mobilizazioen protagonistak. Egoera honetan, gure kolektiboak zenbait ekintza egin ditu, eta, azkenean, Nafarroako Parlamentuak mozio bat onartu du, Kolonbian giza eskubideak urratzen ari direla salatzeko. Testuinguru horretan bertan mintzatu da Nafarroako Gazteriaren Kontseilua. Kolektibo gisa, uste dugu gazte kolonbiarren erresistentzia mundu berri baterako itxaropena dela, eta beste behin ere gogora ekarri nahi ditugu William Ospina idazlearen hitz hauek: «Aurrera, adin harroago eta ausartago baten seme-alabak! Den-dena merezi duzue: ez konformatu apurrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.