Ideologiarik gabeko elementua

Iker Arranz
2020ko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Eguneroko leloa da: birusa. Han eta hemen entzun, irakurri eta sentitzen dugu; elementu arrotz gisa, gainera. Ez dago erreferentziarik fenomeno hau esplikatzeko, ikerketarik ezean ezezaguna zaigu, eta ezezaguna izateagatik arrotz bihurtzen dugu. Laster hasten dira hedabide hainbatetan konspiraziora bultzatzen gaituzten narratibak, alteritate honi gorpuzdura eta nortasun bat ematen. Esplikaziorik ezak sortzen duen azal traumatikoa nola lausotu bilatzen dugu bertan. Leku goxo bat, non ganora eta normaltasun batera eramango gaituzten hitzek gure bihotz taupadak baretuko dituzten. Hitz bakanak izanen dira, baina egoera traumatikoak besterik ez du behar, psikoanalisia adibide, sendabidean jartzeko gure buru aztoratuak.

Era askotara eta hamaika perspektiba erabili daitezke, eta erabiltzen ari gara, fenomeno berri hau aztertzeko: soziala, politikoa, ekonomikoa, sentimentala, kulturala eta abar, eta abar. Hala ere, badirudi aukera horiek guztiek alde batera uzten dutela birusaren jatorrizko ezaugarria: ideologiarik gabeko elementu kontingentea dela. Hamarkadak bizi izan ditugu Euskal Herrian ideologiaren jolasean gure identitatea, kultura eta historia eraikitzen. Ideologiarik gabe, jai! Janzten dugun arropan, ile mozketaren estiloan, gure herrietako karriketan azala galtzen duten karteletan, futbolera joatean, umeak eskolara eramatean; denetan kode ideologikoak kudeatzera asko (gehiegi?) ohitu gara. Gure identitate militantea, gure euskal oasia, gure nazioa, gurea dena ere; dena ideologikoki planteatu dugu: koordenatu batzuk non tradizio politikoak perspektiba sozio-historiko batean ikus daitezkeen, eta ardatz horien artean nabigatzen goaz, printzipioak eta baieztapen etikoak bidean agertzen joango diren heinean.

Mundua hankaz gora jarri duen elementu honek, haatik, ez du ideologiarik. Lehen mundua deitu den horrek ere oraindik birusa arrotz gisa tratatzen du, birusak gizabereon muga politikoak errespetatuko balitu bezala, kontzientzia iraultzailerik izango balu bezala. 2019an estreinatu zen Joker pelikulak, agian, ideologiarik ezaren errebolta unibertsala irudietan errepresentatu dezake. Ezezaguna arrotz gisa hartzean ideologia bat inprimatzen saiatzen ari gara birusaren kode genetikoan. Ezezaguna dena berdin gisa —berdintasun unibertsalaren kondizioan— hartuko bagenu —diferentziaren erosio sakon eta etengabe baten moduan—, asko aurreratuko genuke.

Nazioen sabel azpia erakutsi du ideologiarik ezaren kontingentzia berri honek ere. «Nazioa hil da!» oihuka datorrela dirudi, Nietzscheren bibotearen azpiko ezpainak mugituko balitu bezala. Nazio oro ari da borroka hau nazio gisa irabazten saiatzen, eta nazio gisa galtzeko arrisku bizian jartzen du bere burua. Slavoj Zizekek berriki plazaratu dituen hainbat komentariok ideia komunistaren berreskurapen eta egokitzapen baterako apustu batera eramaten gaituzte, mapa politikoen birpentsatze ideal eta ideologiko batera, alegia. Agian, nazioak ez daki oraindik —eta kostako zaio kontzientzia horri heltzea—, baina argi dago munduko tableroa guztiz aldatu dela. Baliteke kontingentzia honek, Joseba Gabilondoren tesien segidan, Erdi Arora bultzatuko gaituela ezinbestean, inperioen mundu batera, berriro. Krisiak ere aukera berrienmoduan ikus daitezke, eta gurean euskalduntasuna birpentsatzeko aukera emango digu ziurrenik, euskalduna ahaztu edo desagerraraziz, bai Imanol Galfarsorok edo neronek defenditzen dugun modura.

Finean, XX. mendeko iraultzak aurrera eramateko moduak atzean utzi ditu pandemiak. Esan daiteke, orain bai —20 urte berandu—, XXI. mendean belarrietaraino sartu garela, iraultza berri baten eskutik: kontingentzia bat, haustura fin bat historiaren lerro sendoan, ezer eta inor kontuan hartzen ez duen eta ideologia orori ezezkoa ematen dion elementu baten eskutik. Ez da ezer aldatu(ko), baina dena aldatu(ko) da. Garrantzitsuena, hala ere, Alain Badiouk azpimarratzen duen modura, zera da: haustura honek sortzen dituen ondorenak ahalik eta modurik finenean ulertzea. Eta gero gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.