Beharra aukera bihurtu

Alberto Bonilla Fonseca
2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Agerikoa denez, ez dira gutxi 2020-21eko ikasturte atarian hezkuntza-komunitateko kideok ditugun zalantzak eta beldurrak. Honen eraginez, pandemiaren kudeaketan hasieratik gailendu diren jokaera diziplinarioak birproduzitzeko arriskuan gaude, kasu honetan eskolako eremuan. Osasun arazoa gutxietsi gabe, tragedia gisa bizitzen ari garen egoera aukera bihurtzeko proposamena egin nahiko nuke. Horrela, eskola berri baterako aspalditik imajinatu ditugun hainbat proiektu gauzatu genitzake.

Lehenik eta behin, gizarte mailan alboratu beharko genuke gaur egun eskolak haurtzaindegi moduan betetzen duen funtzioa. Ikuspegi pedagogikotik, zaila suertatzen da indarrean dauden goizez eta arratsaldezko ordutegiak justifikatzea. Baina tamalez, azken urteetako aurrerapen teknologiko itzelak ez du berarekin ekarri soldatapeko lan-jardunaldien murrizketa, eta familia gehienetan, bi gurasoak euren lan-indarra denbora luzez saltzera behartuta daude hilaren amaierara iristeko. Beraz, Nafarroan bezala EAEn ezar litekeen jardunaldi jarraia kontziliazio arazo bihurtzen ari da familia askorentzat. Esaten den moduan, etxea teilatutik hasi dugu, eta ikasleentzako guztiz egokia izan daitekeen neurria larritasun handiz bizitzen ari dira familia langile asko.

Hau dela eta, guztiz beharrezkoa litzateke lan-eremuan berehalako neurriak ezartzea: ordutegiak egokitzeko malgutasuna ematea, lantegietako txandak beste modu batean antolatzea (8 orduko hiru txanda egin ordean, 6 orduko lau), seme-alaben zainketarako eszedentziak saritzea...

Bigarrenik, birpentsatu beharko genuke industrializazio-garaian gure lurraldeetako hiri-eremuetan sortutako ikastetxe ereduaren egungo baliagarritasuna. Aukera ezin hobea dugu hiriak eta bere inguruneek eskaintzen dizkiguten espazioei balioa emateko, ikasgune berriak sortuz. Eguraldia lagun, auzoko parkeak, hiritik zehar asma ditzakegun ibilbideak (bakoitza helburu didaktiko bati lotuta) edo hiri inguruko zoko miresgarriak, ikasketa esanguratsua eta elkarreragilea sustatzeko oso probetxugarri gerta dakizkiguke.

Aldi berean, ikastetxe barruko aukera guztiei (liburutegia, informatika-gela, gimnasioa, bideo-gela, patioa) zukua atera beharko genieke, gela bakar baten ohiko erabilpena murriztuz. Ildo berean, Administrazioak kontrolpean dituen espazio guztiak (kiroldegiak, liburutegiak, museoak…) eskola-ibiltariaren ideia honen garapenerako eskaini ahalko lituzke.

Hirugarrenik, ahalegin publikoa egon beharko da. Eta hau ez da soilik profesional gehiago kontratatzea (guztiz beharrezkoa bada ere), baizik eta dagoeneko ditugun baliabide material eta pertsonalak optimizatzea. Eskolen arteko praktika onen trukaketa, Berritzeguneetatik egiten den formakuntza eta jarraipena, ikuskarien aholkularitza lana, Delegaziotik jaso beharko genukeen informazio gardena eta zuzena… inoiz baino beharrezkoagoak izango dira ikasturte berezi honetan. Honi lotuta, ondo legoke lanpostu berriak sortzea, hala nola: eskola bakoitzeko osasun teknikaria, ikasleen desplazamenduetan laguntzeko irakasleak/PTak/hezitzaileak, eskolen artean maiztasun handiz egin beharreko bileren dinamizatzaileak, eskola bakoitzeko asteko memoria aztertzen duen Berritzeguneko aholkularia, jantoki orduan laguntzeko begirale berriak…

Laugarrenik, irakasleok aurpegia eman behar dugula ozenki aldarrikatu nahi dut. Hainbat arrazoirengatik, azken urteotan irakasle askoren artean nekea eta ilusio falta nagusitu dira. Egungo egoerak inertzia batzuk aldatzeko pizgarri moduan balio dezake. Ezin gara murgildu beti goikoenganako doako kritikan (gehienetan merezi badute ere), herri-zerbitzari gisa ditugun erantzukizunak gure gain hartu gabe. Bai egungo legediak zein jaso berri ditugun protokoloek aukera ugari eskaintzen dizkigute gure eskoletako egunerokotasunean onerako aldaketak inplementatzeko. Hauek arrakastatsuak izateko, familien, ikasleen eta beste profesionalen parte-hartzea erraztu behar genuke, eskola partizipatibo eta asanblearioaren ildoan.

Amaitzeko, birus berria harrapatzeko0 arriskurik ez dagoela onartu beharko genuke, hots, beste langileak bezala gaixotu gaitezke. Esan beharrik ez, osasun-arazo larriak dituzten edo zaurgarritasun egoeran dauden pertsonekin bizi diren profesionalei erraztasunak eman beharko zaizkie beren osasuna babesteko (adibidez, beste lanpostu espezifikoren bat bilatuz). Finean, lasaitasuna, konfiantza eta elkarren ulermena helarazi behar dizkiegu gure ikasle eta familiei, denontzako (baita umeentzat ere) hain gogorra izaten ari den esperientzia hau ez izateko soilik maskararen erabilpenean eta ilaretako desfileetan oinarritutako esperimentu diziplinario monumental bat. Animo guztioi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.