«Nahiz eta berriz urrea irabazi, emozioa ez da iguala izango»

Imanol Magro Eizmendi.
2017ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Iraganera begira jarri da Chourraut. Bost hilabete pasatu dira abuztuaren 11n Rio de Janeiron urrezko domina jantzi zuenetik, baina xehetasun eta emozio gehienak oso argi ditu buruan.

Non duzu urrezko domina?

Kutxa ofiziala duela gutxi eman zidaten. Domina tiradera batean dago, galtzerdiekin. Baita Londreskoa ere, zapi batean bilduta. Norbait nire etxera lapurretan baldin badator, galtzerdien tiraderan domina gutxi batzuk aurkituko ditu.

Begiratzen al diozu?

Ez. Dominekin ez dut fetitxe harreman hori. Zahartzean agian izango dut, baina ondo zaintzeagustatzen zait, ez dut gora eta behera ibili nahi. Baina, tira, irabazi nuen egunean txokolatezko irabiatu pixka bat erori zitzaion gainera.

Bisitek-eta erakusteko eskatzen al dizute?

Ez ditut bisita asko izaten, baina, ateratzen badut, jendearen arreta erakartzen du. Efektu bitxia dauka, jende guztiak janzten du.

Rioko jaitsierak ikusi al dituzu?

Ez, bere garaian ikusi nituen hiruzpalau aldiz, baina ez gehiago.

Bost hilabete pasatu dira. Orain, hotzean, zein oroitzapen duzu?

Irabazi eta berehala, eromena. Irudietan ikusten den eromen hori. Garrasi egiteko gogoa neukan, eta Ane [alaba]. Ekaitz Saiesi esaten nion: «Ane, Ane!» Ekar ziezadala besoetan hartzeko. Izan ere, nahiko arazo izan genuen Ane olinpiar instalazioetan sartzeko, ikusle moduan bai, baina entrenamenduetan joaten ginenean, abenduan, apirilean, ekainean... ez ziguten uzten Ane instalazioetan sartzen. Eta, gero, Jokoetan joan ginenean, izendun batzuen umeak nahi bezala zebiltzan kanalean bueltaka, eta horrek sutan jartzen ninduen! Zergatik haiek bai, eta Ane, bere aita eta ama lehiatzen egonda, ezin zen sartu. Ez zuen trabarik egiten, zaintzailearekin, txoko batean lasai. Zergatik ez digute utzi entrenamenduetan alaba sartzen? Samin handia nuen pilatua alde horretatik. «Orain, irabazi dudanean, sartu egingo da, nahitaez». Ane ikusteko sekulako gogoa neukan, eta Xabi nuen han oihuka: «Baina zer egin duzu! Zer egin duzu!» Hori badakit ez dudala berriz biziko; izan ere, eta nahiz eta berriz urrea irabazi, nik badakit emozioa ez dela iguala izango.

Prentsaurrekoan eman zenuen euskarazko erantzunaren bideoak 100.000 ikustalditik gora izan zituen Twitter eta Facebooken. Ba al zenekien?

Ez ditut asko jarraitzen horrelako gauzak. Ez naiz oihartzuna neurtzen egoten, jendeak zer esaten duen... Ni ez naiz kazetaria. Nik oso sartua dut nire lana entrenatzea eta lehiatzea dela, eta asko kostatzen zait hortik aurrerakoak kontrolatzea.

Lehen sailkapen txandan kale egin zenuen. Bigarrenean sailkatu zinen finalerdietarako. Nola oroitzen duzu huts hura?

Buff... oso gaizki pasatu genuen, guztiok. Zirkuitua ikusi genuenean, antzeman genion arazo bat izango genuela ate horretan. Entrenatzen ere ez zitzaidan ateratzen, ez niri, ez askori ere. Ez nuen argi ikusten, baina, nola egin behar den badakizunez, aurrera. Jaitsiera hura eroso hasi nuen, indarrak zainduz, eta kale egin nuen. Sentsazioa? «Kaka zaharra». Beldurra zen.

Lehen txandatik bigarrenera ordu eta erdiko tartea egon zen, eta gustura oparituko nituen tarte hartan izandako sentsazioak. Gero, bigarren jaitsiera etorri zen, eta indarra erreserbatuz joan nintzen puntu horretara ondo iristeko. Helburua sartzea zen. Pekineko Jokoetan gauza bera pasatu zitzaidan; orduan bi txandak gehitzen ziren, eta, batean hanka sartu nuenez, akabo. Espainiako Txapelketan ere antzekoa pasatu zitzaidan, kale lehenbizikoan, eta gero behetik gora. Horiek oso presente nituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.