Albistea entzun

Mendi ibilbidea

Elhaudi eta San Antoni

Kapera 1385. urtean eraiki zuten. Agaramont eta Lüküzeko jaunek sinatu zuten bakearen omenez egin zuten.
San Antoni kaperaren ikuspegi orokorra.
San Antoni kaperaren ikuspegi orokorra. MIKEL ARRIZABALAGA Tamaina handiagoan ikusi

Mikel Arrizabalaga -

2021eko martxoak 23

Arbailak mendigunearen iparraldeko isurialdean, altuera apala duen gailur-multzo bat altxatzen da. Zuberoa eta Nafarroa Behereko lurren artean muga naturala marrazten duten mendi hauen magaletako zelai zabal eta berdeetan, baserri eta etxalde multzo ederrak sakabanaturik agertzen dira. Horiek denak Muskildi herriaren lurrak dira, Oxkaxeko mendatetik Zuberoan sartzean aurkituko dugun lehen herriarenak, hain zuzen ere. Bertatik abiatu, eta mendebaldera nabarmentzen diren bi gailur ezagutzeko aukera baliatuko dugu: Elhaudi eta San Antoni.

Muskildi beti izan da herri txikia, baina azken hamarkadetan, Zuberoako herri askok bezala, etenik gabe galdu ditu biztanleak. Bertan, zubereraren aldaera den Basabürüko hizkera mintzatzen da.

San Ziprian elizaren ondoan dagoen pilotalekutik abiatuko gara. Antzina, eliza ermita bat izan zen, eta, XVIII. mendetik aurrera, parrokia bihurtu zen. D-918 errepidea , eta aurreko kaletik aurrera egingo dugu aparkaleku bateraino. Lehen bidegurutze honetan, ezkerreko bidea aukeratuko dugu. Eskuinekoa itzultzeko utziko dugu. Marra horiz balizatutako ibilbideak norabide zuzena aukeratzen lagunduko digu. Asfaltoan zehar ibiliko gara zelai zabal eta berdeen artean. Ehüsako lepoak bereizten dituen Elhaudi eta San Antoni mendien silueta ederki ikusiko dugu bertatik. Arrokain etxaldea atzean utzita, margo horiek erakusten diguten bidea eskuinera utzi, eta, ezkerretik, Elhaudi mendiaren magal aldera doan bidea bilatuko dugu.

Elhaudiren iparraldeko hegaletik gora egiten duen bide nabarmenari jarraituko diogu. Asfaltozko bidea utzi, eta ezkerretik igotzen den lurrezko bide zabala hartuko dugu. Borda erori baten ondotik pasatu eta berehala, basotik atera, eta Elhaudi mendiaren iparraldeko hegal zabal eta belartsuan gora egingo dugu. Haranaren panoramika zabalduko egingo da. Ahüsako lepora doan bidea utzi, eta ezkerretik ateratzen dena aukeratuko dugu tontorreraino iristeko. Bertan, harrizko gurutzea ikusiko dugu.

Jaitsiera azkar batek, Ehüsako lepora eramango gaitu, Muskilditik datorren bide balizatuarekin berriro bat egiteko. Hemen ere, Done Jakueren Piamonte Bidearen (GR-78) marra zuri-gorriak izango ditugu lagun tarte batez. Pistak, San Antoni kaperaraino eramango gaitu, izen bera duen tontorrera. Karlos II.a, (Gaiztoa ezizenez ezaguna)Nafarroako Erregearen aginduz eraiki zuten kapera kokaleku honetan, 1835. urtean, lüküztarren eta agaramontarren leinuen arteko bakearen sinadura ospatzeko. Haren kanpandorre hirukoiztarra Zuberoako elizetan eta kaperetan ohikoa da. Ermitaren azpian kripta ikusiko dugu.

Abiapuntura itzultzeko orduan, marra horiz balizatutako bidean barna jaitsiko gara. Hasieran, iparraldeko isurialde belartsuan zehar egingo dugu behera, Oxkaxeko mendatetik datorren pistaren paraleloan, eta marra horiek erakutsiko diguten norabideari segituz. Erraz galduko dugu altuera Eiheregi baserri ederrera iristeko. Lurrezko pista, asfaltozko errepidea bihurtzearekin batera, leundu egiten da. Zelai berdeen artean marrazten den asfaltozko bidearen alboetan, ohikoa da artalde ugari bazkatzen ikustea. Herrira sartu aurretik, harrizko gurutzadura ikusiko dugu, hasierako aparkalekutik gertu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alaveseko jokalariak, partidako gol bakarra ospatzen, Mamadou Loumek sartutakoa. ©DAVID AGUILAR / EFE

Arnasaldisakona

Eñaut Agirrebengoa

Alavesek bigarren garaipena kateatu du, Elxen aurka, Loumen gol bati esker. Jaitsieratik irten da behin-behinean
Rodrigo Salinas Bidasoako jokalaria, jaurtitzen, atzo. ©GORKA RUBIO / FOKU

Bidasoak lehen garaipena lortu du Europako Ligan

Berria

Irundarrek lehen zatian eginiko lanari esker irabazi diote Pfadi, Artalekun, ligaxkako bigarren jardunaldian: 32-28
Pilotari ematear. ©JON URBE / FOKU

Balantzaren desoreka, agerikoa

Mikel O. Iribar

Aspe azken urteetan daraman bolada ona berresten ari da lau eta erdikoan ere; hiru pilotari sartu ditu finalerdietan; Baikok, berriz, bakarra. Asteburuan jokatuko dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.