Aitziber Sarobe Egiguren.

Bai, gelan mahaietan banaka

2020ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Egunkari honetan bertan, berriki, datorren ikasturtean gelen antolaketarekiko kezka plazaratu da iritzi artikulu baten bidez (Banaka mahaietan?, Eneritz Garro, ekainak 10).

Kezka, noski, COVID-19 koronabirusaren eraginez distantzia soziala mantentzeko beharrak eragingo dituen aldaketen harira dator, orain baino lehen ohikoagoak ziren antolaketak berrezarri beharko direla barrundatzen hasiak baitira hainbat, hezkuntza komunitatean. Kezkaren oinarrian dagoena hauxe da: ikasleen banakako gelaren antolaketak zenbateraino zailduko duen ikasleen arteko elkarbizitza, eta, agian, ikasle-irakasleen arteko harremanak.

Izan ere, ez da gutxi kostatzen ari ikasleak erdigunean jarriko dituzten ikaste-irakaste prozesuak diseinatu eta gauzatzea. Metodologia berriak, ikuspegi pedagogiko garaikideak, neurozientziak garunaren funtzionamenduari buruz erakutsi dizkigun aurkikuntza berriak, eta nola ez, teknologia digitalak... Berrikuntzak azkar eta asko ari dira gertatzen hezkuntza munduan, baina horrek ez du esan nahi abiadura berean aldatzen ari direnik irakasleok irakaskuntzarekiko dauzkagun ideiak eta begirada, eta hortxe jarriko nuke puntua.

Distantzia sozialak elkarrengandik distantzia fisikoa mantentzera behartuko gaitu, azken pandemia eragin duen birusaren kontrako txertoa edota kutsaduraren eraginak arinduko dituen sendagaia aurkitu bitartean. Teknologia digitalen aroan, ordea, zergatik ez ikusi hori aukera moduan? Banatuta egon behar izateak ez du esan nahi ikasleek gelan espazio eta protagonismo txikiagoa izan behar dutenik, ezta sarean elkarrekin lanean aritu ezin direnik ere. Mundu digitala inoiz baino eskurago daukagu. Elkarrengandik gertu egon gabe, elkarrekin komunikatu eta elkarrekin lana egiteko tresna gero eta sofistikatuagoak eta erabilerrazagoak dauzkagu eskura. Aprobetxatzeko gai izango gara?

Ezin daiteke ukatu umeei pantailaren aurrean orduak eta orduak pasarazteak kalteak eragin diezazkiekeela. Etxean, eskolan edota kalean; hor baitago telebistaz gain, gero eta adin goiztiarragoetan baliatzen duten sakelako telefonoa (gainerako gailu elektronikoak ahaztu gabe). Noski, teknologiarako irisgarritasuna ez da inoiz unibertsala izan, eta horrek sor lezakeen arrakala soziala ere hor dago. Serio eta sakon aztertu beharreko hainbat kontu ekarri ditu digitalizazioak, baina, hezkuntzan baliatu edo ez, aspalditik mundu horretan murgilduta dabiltza gure haur eta gazteak.

Distantzia sozialak, bada, ez du zertan saihestu elkarbizitza, eta ezta elkarrekin lana egiteko aukera ere. Elkarren ondoan esertzeak elkarlana bermatzen ez duen bezala (zenbatetan ikusi ditugu gelak txokoka edo taldeka antolatuta eta ikasle bakoitza bere lanak egiten...).

Elkarrengandik urruntzea ez da izango inoren gustukoa seguruenik, baina beste behin ere errealitateak hausnartzeko aukera bikaina eskaintzen digu. Hezkuntzari ere eragin dio, dagoeneko, errealitate berri honek. Ez dago zertan atzera egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.