Frantziako Tourra

Tourrak alde egin dio Landari

Warren Barguilek nahi gabe bota du lurrera murgiarra, eta hark 2.09 galdu du helmugan, haize-babesen eromenaren eraginez. Wout van Aertek irabazi du etapa, esprint oso estu batean

Imanol Magro Eizmendi.
2019ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Balbeak jotako txirrindularia da Mikel Landa (Movistar). Tropelean zorte txarra eta ona erlatiboak direla uste dute askok, eta kokapenarekin eta ahal fisikoarekin loturiko bertuteekin uztartzen dituzte. Eta ez zaie arrazoirik falta, baina batzuetan erorikoak edo matxurak zori kontua baino ez dira, eta Landari bizkarra eman dio azken itzulietan. Aurtengo Italiako Giroan, Simon Yatesek (Mitchelton) bota zuen; eta Tourrean, atzo, Warren Barguil (Arkea) izan zen bide bazterrera bidali zuena. Ordurako, tropela ziztu bizian zihoan, haize-babesen eromenean, eta murgiarra 2.09ra helmugaratu zen. Sailkapen nagusiko ametsa asko urrundu zaio, baita podiuma ere.

Landa ez zen izan denbora galdu zuen izen handi bakarra, Thbaut Pinotek (FDJ), Jakob Fuglsangek (Astana) eta Rigoberto Uranek (E. First) 1.39 galdu baitzuten faborito handiekiko. Haiek bai, haiek haize-babesen ondorioz bakarrik galdu zuten denbora, eta ezin izan zuten murriztu. Faboritoen denbora, berriz, Wout van Aert (Jumbo) etapako irabazleak ezarri zuen. Hiru aldiz munduko ziklo-kros txapeldun izandakoak hainbat erakustaldi fisiko eman ditu Tour honetan, eta atzo besoak altxatu zituen helmugan. Jumbo taldeak hiru esprint irabazi ditu Tourrean, hiru txirrindularirekin.

Ez dago erortzeko egun edo une onik, eta are gutxiago bota zaitzaten. Denak dira txarrak, baina batzuk beste batzuk baino okerragoak dira. Eta Landari testuinguru okerrenetako batean gertatu zitzaion. Helmugatik 19 kilometrora, Julian Alaphiliperen (Quic Step) —lider jarraitzen du sailkapen nagusian— gurpila ukitu zuen Barguilek; oreka galdu, eta sorbaldarekin bota zuen murgiarra. Ez zen izan nahita eginiko erreakzio bat, publikoki barkamena eskatu zion gero, baina Landak jasan zuen kalterik handiena. Erorikoan ozta-ozta saihestu zuen bide bazterrean zegoen auto bat, eta bete-betean joan zen ikusle batzuen gainera. Haiek ere kolpe handia hartu zuten. Murgiarrak, ia mirariz, ez zuen min handirik hartu, baina burumakur zegoen amaieran: «Denbora galdu dut. Bila etorri ginen helburuak ihes egin digu».

Ordurako, tropela ziztu bizian zihoan, haize-babesek eragindako jazarpen proba betean. Landa bizkor altxatu zen, baina hirugarren multzoko txirrindulariekin bukatu zuen etapa. Movistar taldeak bizkor erreakzionatu zuen. Alejandro Valverde eta Nairo Quintana ez beste taldekide guztiak jarri zituen Landaren multzotik tiraka. Baina zailegia zen tartea jatea, are gehiago helmuga gerturatu ahala esprinterren taldeak aurrekoen erritmoa bizitzen hasi zirenean. Landa, orain, esaterako, Geraint Thomasengandik (Ineos) 3.03ra dago, eta Quintana taldekidearengandik 2.11ra. Gaur atseden eguna dute Tourrean, eta Movistar taldean badu zer hausnartua Landaren helburuen inguruan: etapa garaipenak ala sailkapen nagusia?

Landak zorigaitzaren ondorioz galdu zuen denbora; ez, ordea, Pinotek, Fuglsangek eta Uranek. Etapa lasai zihoan, eguneroko ihesaldiarekin, helmugatik 35 kilometrora, eta, ustekabean, Education First haize-babesa antolatzen hasi zen. Saihets haizeak gogor astindu zuen tropela, eta, aukera ikusita, Ineos eta Deceuninck-Quick Step ere sartu ziren. Aurrenekoak, fede handiz, sailkapen nagusiko faboritoren bat jokoz kanpo uzteko asmoz; eta besteak, Elia Vivianiren mesedetan.

Pinot eta Fuglsang, aldiz, lo harrapatu zituen. Haize-babesaren ondoren, bigarren multzoan gelditu ziren. Multzo txikia zen, eta, kilometroak igaro ahala, aurrekoen errenta handituz joan zen. Azkenean, ia bi minutu galdu zituzten, eta lehen hamar sailkatuetatik kanpo daude biak.

Van Aert, indartsu

Etapako irabazlea esprintean erabaki zen. Estua izan zen, Groenewegen (Jumbo) ez beste esprinter handi ia guztiek saihestu zutelako haize-babesa. Aurrean ziren, besteak beste: Elia Viviani (Quick Step), Caleb Ewan (Lotto), Peter Sagan (Bora)... Azken metroak pixka bat aldapa gora ziren, indar esprinta zen, eta Van Aertek helmugatik 250 metrora ekin zion. Atzetik irten zen Viviani, eta zentimetro gutxigatik ez zion aurrea hartu. Van Aertek zeresan handia emango du errepide txirrindularitzan, eta atzokoa ez da izango lortuko duen azken garaipena. Tourrean etapa bat irabazi duten munduko ziklo-kros txapeldunen artean, hamargarrena da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.