begona del teso
EPPUR SI MUOVE

Manizaleseko kafe soroetan, 88 gau eta egun

2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Iragan Berlinalen Zilarrezko Hartza irabazi zuenetik, eta are gehiago egunotan multibertsoan zehar estreinatu denean, munduko egunkari eta aldizkari estimagarrienetan izen bat eta izenburu bat agertzen dira letra handietan zein txikietan.

Badakit badakizkizuela, buruz eta bihotzez, izen eta izenburu horiek: Hong Sang-soo Hego Koreakozinemagile goi eta sakon mailakoa eta So-seol-ga-ui Yeong-hwa/The Novelist´s Film/La Novelista y su película bere azken (dagoeneko, seguru, bere azken-aurreko) lan sorgingarria.

Denak, maite/miretsi/gurtu egiten ditugun The New Yorker, The Guardian, Lincoln Centerreko Magazina, Londresko Sight &Sound, Parisko Cahiers du Cinéma eta Le Monde, Euskal Herriko BERRIA... horiek guztiak eta beste hamaika belauniko jarri dira/gara hiru lagunek osaturiko lantalde batek sortutako fineziaz gainezka den pelikula honen aurrean. Stendhalen sindromeak jota, zinemaz egarri, gosez, makurtu gara fidel.

Sormena bera periloski inguratzen duten mamu, deabru guztiak agerian (edo ezkutuan) direla, gizakion arteko ezinbesteko, bat-bateko, behinolako, ausazko, balizko, betiereko topaketen inguruan egiten ditu irudi eta berba Hong Sang-sook. Egiten ditu planoak. Egiten ditu orbanik gabeko edertasunak zauritutako konposizioak, egiten ditu zizpuru bat baino ez diruditen emakumeen erretratu zeluloidezko-haragizkoak. Egiten ditu geldi- geldirik diren fotograma hainbaten barrenetan dauden pertsonaien solasaldien hartzeak, eta marko estatiko horiek hautsi egiten ditu zoom baten bitartez edo panorama isilak lagun...

Bai, egunkari goren guztiek urtean zehar bizpahiru film burutu ondoren bizpahiru sari jaso ohi dituen autore markaz fuerakoa ekarri izan dute euren lerroburuetara, nahitaezkoa den aitortza eginez.

Utz diezaiogun, baina, intelektual planta egiteari. Aitor dezagun, beldur barik, egia. Bai, maite dugu biziki Hong Sangsoo-ren zinema. Alta, antipodetan diren beste irudiek, istorioak kontatzeko beste estiloek, filmatzeko bestelako erek gaituzte harrapaturik, mende, amarraturik. Lotsa eman beharko liguke, agian. Baina aspaldiko partez ez dugu lotsarik sumatzen gure baitan.

Plataforma ia guztietan ikusgai den 88 ataleko Café con aroma de mujer telenobelak atrapatu gaitu. Eta ez, ez dugu erremediorik, eta ez dago antidotorik. Izango balitz ere, gutako zientok ez genuke hartuko. Eta ez gara bakarrak horrelako pentsamenduetan. Izan ere, Turkiatik datozen horiei fier eta basati aurre egiten dien Kolonbiako telenobela hori Interneteko atari guztietan lehenengo postuan da, ikusle kopuruari dagokionez.

Eskatuko dizuet, otoi, goi mailako kultur izaki plantak egiteari uzteko. Ia denak izan gara inoiz (edo beti) sekulakoak diren drama horien esklaboak. Bai, euskaldunak ere bai. Ez dut Iparraldekoen berri zehatzik, baina Hegoaldean eta EITBri esker (onez ala gaiztoz) Julia, En cuerpo ajeno, El amor no es como lo pintan eta antzekoekin flipatu ohi genuen joan diren mende eta milurteko horietan. Orduan, utz diezaiogun denok gutxiengo kulturaleko partaide sutsuarena egiteari.

1994an Kolonbian telebistaratu zen izenburu bereko jatorrizko haren bertsio arrakastatsu gaurko honetatik ezin urrundurik nago. Agian Dallas-ekin eta Falcon Crest-ekin hazi eta hezitako izakia naizelako (edade kontuak, beste asko Tronu jokoak, 8 apellidos vascos, Hondar ahoak, Pikuak bezalako mirariekin dira jaioak...). Igual Errioxako eta Duero Erriberako ardotan ibiltzen diren hainbat sendi ezagutu ditudalako, badakit gero eta handiagoa, aberatsagoa, aspaldikoagoa izan ondarea eta etxaldea, orduan eta Shakespeareren gisakoagoa drama... Gerta liteke engantxaturik izatea kafearen esklabo zorionekoa naizelako.

Arrazoiak, bost; eta, egia, bakarra: gustura nabil atalez atal gidoigileen abileziak seko sorgindurik. Badira mila kontakizun elkarri josiak. Badira bilauak eta zintzoak. Badira gizarte mailen arteko diferentzia gaindiezinak. Betikoa, bai. Baina gidoigileek, ekoizleek, errealizadoreek ederki dakite gaur egungo munduan bizi garenok zerbait gehiago exijitzen dugula eta beste kontu asko ez genituzkeela onartuko. Beraz, telenobela honetan, kafeaz nahi duzun guztia ikasteaz gain, ikusiko dituzu arraza eta klase desberdineko kideek osaturiko bikoteak, ikusiko dituzu langileen aldeko aldarrikapenak eta Viscontik berak gustu handiz begiratuko lukeen klase usteldu baten gainbehera antzemango. Dastatuko dituzu sexu-jolas bastante libreak. Ohartuko zara, behingoz, etorkizuna emakumezkoek sortuko dutela. Jakingo duzu bidezko merkataritza zertan den, eta kooperatiben berri jasoko.

Eta hori guztia ofizio handiz filmaturiko eta editaturiko 88 ataleko telenobela batean.

Ados, The Novelist' Film atal bakarreko perla da, eta bertan gizadi osoaren isla intimoa dago. Akort, baina biek atrapatuta izatea normala da. Ez joan psikoterapeutarengana, arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.