Gazteak, gogotik eta indartsu

Errobiko Festibalak berezkoa du zirkuitu ofizialetik at aritzea eta talentu beteranoen eta berrien lana uztartzea. Eta nabarmena suertatu da joera hori aurtengo jaialdian ere.

Guylane Renaud eta Beñat Axiarik Beatiho proiektua aurkeztu zuten. BOB EDME.
Juan Gorostidi Berrondo.
Itsasu
2014ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Beteranoen taldetik Bernard Lubat, Michel Portal, Ramon Lopez, Guylaine Renaud eta Angelique Ionatos izan dira Errobiko Festibalaren hemeretzigarren ekitaldian; ibilbide luzeko musikariak guztiak. Bestalde, izan dira gaztetasunaren indarra eta talentua jarri dutenak: Boson zazpikotea, Niño de Elche, Raul Cantizano eta Amaren Alabak. Ostegunean abiatu zen Itsasuko festibala.

Osteguneko nahiz ostiraleko saioak txalapartariekin abiatu ziren (Ttikia eta Handia; Koldo eta Xabi Sorzabalbere), saio labur baina bikainekin. Eta ondoren, Boson zazpikotea. Ez dute egitura hierarkiko bat Okzitaniako Tolosan elkartu ziren zazpi musikariek: Julen Axiari, ahotsa eta perkusioa; Camille Sabathier, biolina; Paul-Antonie Roubet, saxoa; Maxime Laval, gitarra elektrikoa; Maylis Maronne, pianoa; Vicent Toubaud, kontrabaxua eta Dimitri Kogane, bateria. Denek proposatzen dituzte gaiak eta konposizioak, eta denen artean lantzen. Sei pieza eskaini zituzten festibala zabaltzeko, eta freskotasuna eta inprobisaziorako gaitasuna erakutsi. Iturriak, mundu osoan: Mapassa Garai-n erritmo afrikarra eta euskal oihartzunak; Zanzibar-en, irla haietakoak...

Boson zazpikotearen ondoren, Ramon Lopezen 30 minutuko bateria soloa etorri zen. Instrumentu horretan birtuosoa izatea ez da nahiko maila espresibo horri Lopezek bezala eusteko. Harrigarria.Bukatzeko, Michel Portal eta Bernard Lubat; klarinetea eta saxo sopranoa lehenak eta pianoa eta bateria bigarrenak. Txantxekin batera sakontasuna eta lirismoa.

Ostiralekoa jendea zutik jartzen duten une horietako bat izan zen, Raul Cantizano eta Niño de Elcheren emanaldi fresko eta harrigarrian. Bata bestearen aurrean jarri, eta elkar zapladaka hasi zuten emanaldia, bestearen gorputza perkusio instrumentu gisa... Ondoren, ahotsarekin eta gitarra flamenko edo elektrikoarekin, alaitasunez eta salaketez betetako saioa osatu zuten publikoa zutik jarri arte. Poeta toxikoen hitzak, modu bitxian sordinaz tratatutako gitarra flamenkoa, ahots modulazio izugarriak eta ironia handia flamenkoaren topiko guztiei keinuka. Amaitzeko, Soleá aporrá Valentzian (Herrialde Katalanak) poliziak jipoitutako gaztetxoei eskainia, eta La misa buena por Alegrías. Haien arteko konplizitateak, gorputzaren ekimenak eta maila harrigarriko ahotsek emanaldi handia lortu zuten.

Amaitzeko, Beatiho proiektua. Guylaine Renaud eta Beñat Axiarik elkarren ahotsez sortutako ehundura Dominique Reget (biolontxeloa eta zanfona) eta Gerard Siracusak (bateria, perkusioa) osatzen dute: Probentzako kantu eta doinuak Teresa Avilakoaren eta San Joan Gurutzekoaren poesia mistikoaren interpretazio garaikide bat lortuz.

Gaur Gerezien denbora pastoralaren emanaldiarekin burutuko da Errobiko Festibala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.