Gatazka: bukatzen ez den ezinegona

Ricardo Cruz-Lopez Claret
2020ko otsailaren 11
00:00
Entzun
Ruben Sanchez Bakaikoa euskal idazleari, Hondarrak nobela dela-eta, elkarrizketa mamitsu eta sakon bat egin diote Argia aldizkariaren 2020/01/26ko alean, eta elkarrizketa horretan inon baino askoz argiago ikusi dut euskal gatazkak (biolentziaren espirala, borroka armatua, biktimak eta, nobela honetan bereziki, presoak... ) geure artean sortu dituen tristura eta egonezina. Benetan, diot, presoei buruz idazleak agertzen duen hausnarketa ETAren ondorengo aroa hasi zenetik irakurri dudan onenetarikoa izango da, onena ez bada, eta, horregatik, oraindik nobela irakurri ez dudan arren, elkarrizketan agertzen diren funtsezko ideia batzuk jorratu nahi ditut, hausnarketa sufritzen eta bakea aurkitzen ez duen euskal komunitatearentzat aberasgarri izango delakoan.

Lehenik eta behin, ezinegonaren ideia azaltzen du Sanchez Bakaikoak elkarrizketaren hasieratik: «... Garai bertsuan, direla zazpi bat urte, banuen euskal gatazkak nigan utzitako beste ezinegon bat barrutik ateratzeko bulkada». Lerro hauekin nolabaiteko tristura argi eta garbi komunikatu nahi digu autoreak eta puntu honi buruz egin nahi dut lehenengo hausnarketa, euskal gizartean, eta ezker abertzalean bereziki, gai hauetaz hitz egiteko beldur handia baitago eta ez baita sufrimenduaren gaia bere gordintasunean inolaz ere ikusi nahi. Bai, aspaldi dut kezka handi bat neure baitan eta apur bat plazaratu nahi dut hemen: Zer gertatuko da askotan hain arinki «gatazkaren ondorioak» deitu ditugun eta Sanchez Bakaikoak «gatazkaren hondarrak» deitzen dituen presoekin eta iheslariekin? Inork ez daki zer gertatuko den haiekin eta, okerrena dena, euskal komunitatearen zati handi bati ez zaiola gehiegi axola iruditzen zait. Egia da ezker abertzalearen sektorea gai horrek pixka bat gehiago kezkatzen duela, baina askotan, gehienetan esango nuke, presoak borroka egiteko sinboloak dira ezker abertzalearentzat, eta triunfalismo handiz jokatzen du gaia jorratzean eta haien aldeko borrokak planteatzen dituenean. Ondo dago, jakina, ilusioak izatea, baina ez dugu inoiz errealitatea ahaztu behar eta, zein dugu errealitate hori? Bada, Ruben Sanchezek ezin hobeto azaltzen duenez, «... Nire inguruko sektorean gehienok sentimendu nahasi batekin geratu ginela esango nuke. Batetik, arindua, agian; bestetik, astuntasuna, baita 'eta orain zer ?'bat, baita 'eta honetarako ?' bat... orain, sentimendu horiekiko distantzia handiagoa dut, denborarekin gero eta gehiago. Gelditzen dira gatazkaren hondarrak, eta hondar horiekin fidela naiz». Ezin hobeto eta zintzotasun osoz hitz egiten du idazleak eta, benetan, hark esandakoei ez diedala ezer erantsi behar iruditzen zait. Komentario bat bakarrik egingo dut paragrafo honi buruz: gatazkaren hondarrekiko fideltasuna. Bai, fideltasunez jokatzea oso portaera noblea da eta nobletasun eta sentimendu on horiek ez dizkiot Ruben Sanchez Bakaikoari inoiz ukatuko, baina etikaren aldetik gizalegez jokatzeak,—eta zalantza izpirik ez dut Rubenek horrela jokatzen duela—, funtsezkoa izanda ere, ez du beti asmatu dugunik esan nahi. Azken finean, presoak gatazka baten hondarrak badira, argi eta garbi dago, errealitate horrek hondar izateari utz diezaion, arazo hori konpontzeari eman beharko geniokeela erabateko lehentasuna, eta hori ez da euskal gizartean gaur egun egiten duguna, ezta ezker abertzaleak egiten duena ere.

Bigarrenik, borroka armatuaren aurreko zikloarekin euskal komunitateak ez zituela bere helburuak lortu azpimarratu nahi dut. Rubeni emango diot berriz ere hitza, ezin hobeto hitz egiten baitu honetaz: «Borroka armatua amaitzean, konturatu ginen gatazkaren ondorioa izan zela negoziatu gabeko zerbait. Baina borroka hori zerbait negoziatzeko abiatu zen. Beraz... [hitz egokien bila geldotzen du jarioa] ez duzu ezer lortu...». Borrokalarien helburu iraultzaile eder horiek lortu ez baldin baziren, ez al da autokritikarik egin behar? Non dago KAS alternatiba? Inor oroitzen al da Aljeriako elkarrizketez gaur egun? Estrategia horrek huts egin baldin bazuen, eta argi dago huts egin zuela, inork emango al dio inoiz Euskal Herriari benetan gertatu zenari buruzko azalpenik? Beti bezala, herriak, asko sufritu ondoren, benetan gertatu zena jakin gabe jarraitzen du.

Bukatzeko, liburuari eta Rubenen paragrafo eder batzuei lotuko natzaie, artikuluaren muina adierazi eta azpimarratzeko. Nobelako paragrafo bat lehenik: Tupa berriz ere ziegatik: «Gu hemen geratu gaituk, borroka baten fosil gisa. Beste bandakoen etsai zahar eta gure bandokoen hondar. Albo kalte». Rubenek elkarrizketan egiten dituen baieztapenak orain: «Nik horrela ikusten dut. Eta ez diot horrekin inori errurik bota nahi, uste dut oso gauza kolektiboa dela eta ezin dela pertsonalizatu. Baina ondorioa izan da borroka kolektibo baten kalteak azkenean ordaintzen dituztela batzuek. Presoak eta iheslariak geratu dira oker kolektibo estrategiko-taktiko baten albo kalte bezala. Ezker abertzalearen familian konpondu gabe geratu den arazoa da, eta konpontzeko itxura handirik ez duena gaur gaurkoz». Benetan, ia ezin dut ezer erantsi, hain ederki azaltzen baitu Sanchez Bakaikoak Euskal Herrian hainbat eta hainbat urte eta hamarkadatan gertatu dena. Ñabardura pare bat besterik ez diot egingo: lehenik; bai, konponente kolektibo bat izan zuen, dudarik gabe, Euskal Herriaren aldeko borrokak baina, kolektibotasun hori egon arren, arduradunak eta estrategia jakin bat diseinatu zuten pertsonak badaude. Ez da kontua pertsona konkretu batzuen portaerak juzgatzea, baina une batetik aurrera borroka armatuaren estrategiak inora ez garamatzala ikusi zuten ezker abertzaleko buruzagiek, Oldartzen txostena idatzi zutenek esate baterako, zergatik ez zieten gazteei eta presoei hori esan? Beste modu batean jokatu izan balitz, preso eta iheslarien arazoa konpontzea ez zen, agian, errazagoa izango? Jakina, gerta zitekeena ezin dugu inoiz asmatu, baina hipotesi gisa hor geratzen dira hausnarketa hauek; bigarrenik, ados nago Rubenekin, oker estrategiko-taktiko kolektiboa izan zen, bai, baina nik beste puntu bat gehituko nioke esaldiari: oker estrategiko eta taktikoa ez ezik, oker etiko handia ere izan zen; izan ere, ETAren ekintza armatuek, garai batzuetan izan zuten mistika eta idealismotik urrun, une batetik aurrera krudelkeria handia izan zuten, hiltzea inolaz ere merezi ez zuten pertsona batzuk hil ziren ekintza horien ondorioz eta, horregatik, besteak beste, hain zaila da preso eta iheslarien arazoa konpontzea gaur egun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.