COVID-29

2020ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
Hamar urteko salto bat baino ez. COVID-19a nola edo hala gaindituta, birusaren mutazio berri batekin egingo dugu topo. COVID-29a deituko diogu, originalegiakez izateko. Gaixotasuna oso kutsakorra da, eta aurrez bizi izandako egoerara bueltatu gara. Baina ez gaude puntu berean. 2029an ahoko seguruagoak dauzkagu, ospitaleetan sorrera berriko arnasgailu gehiago daude eta testak azkarrago garatzen dira. Hala ere, gaixotasunak hedatzen jarraitzen du, eta neurri murriztaile berriak gehitu dira aurreko pandemiatik mantentzen zirenetara. Berriz etxetik lanera/eskolara eta handik etxera.

Aurreko esperientzia izanda, ez du hain traumatikoa ematen, baina oraingoan nahiko ezberdina izango da. Hamar urte oso denbora emankorra da teknologiak perfekzionatzeko eta aplikazio anitz zabaltzeko. Eta ez bakarrik medikuntzan edo immunologian. Era berean, osasun-larrialdiei erantzuteko babespean, lege-aldaketak gauzatu dira, populazioarekiko neurri berriak ezartzea ahalbidetzen dutenak.

2029an, itzalita egonda ere sateliteei kokapen zehatza ematen dieten sakelako telefonoak baino ez daude salgai. Baina, mugikorra izan ala ez, NAN berriak txip-igorle bat integratzen du kokagunea jakitea bideratzen duena. Salbamendu kasuetarako oso lagungarria izan daitekeen gailuak jakinarazten du, halaber, nor dagoen erroldatze-etxetik kanpo baimendu gabeko orduetan. Agiria gainean ez eramateak isun handia ekartzen du, baina orain isuna ez da heltzen kaletik pasatzen den polizia-patruilaren eskutik. Lurralde osoa kontrolatzen duen lokalizatzaile-sistema baten bidez informazio hori erregistratu, eta isuna automatikoki tramitatzen da. Sakelako telefono zein dokumentu txipdunek elkarrekin dauden gailuak ezagutzea errazten dute, bizikideak ez diren lagunen elkartzeetarako disuasio-elementu gisa.

Eta antzekoa autoekin. 2027a baino lehen matrikulatutakoak libratu baziren ere, data horretatik aurrera guztiek daramate gidatze-ordenagailu bat, ezinbestez posizioa ematen duena. Satelite-sarearen bidez auto berrien kokapena monitorizatuta dago beti, eta, ezarritako zirkulazio-zonatik ateraz gero, oharpen-mezu bat heltzen da momentuan. Zabaldu berria den 7G teknologiak operazio hauek guztiak sinestezinezko azkartasun eta doitasunarekin egitea bideratzen du.

Hala eta guztiz ere, posiblea da oraindik aparatu igorle guztiak etxean utzi eta kontrol-saretik ihes egiten saiatzea. Oso gutxi ausartzen dira jada, batzuk ehizatuak izan eta hedabideetatik oparo zabaldu ostean. Izan ere, Poliziak lehen era puntualean erabiltzen zituen droneak hiriko zeruaren elementu ohikoak dira orain. Egun, askoz sinpleagoa da ezarritako mugaketak inork ez apurtzea kontrolatzea. Gutxiagotan ateratzen da Polizia korrika eta presaka norbaiten atzetik. Komisaldegitik edo etxetik bertatik tele-poliziarena eginez, esleitutako droneekin aritzea estres gutxiagoko aktibitatea da. Drone hauek hiritar bakoitzaren telefonoa eta NANa identifikatzeko gaitasuna daukate, eta kaletik dokumenturik gabe nor dabilen detektatzekoa. Dronearen bozgorailutik identifikatzeko eskaerari muzin eginez gero, orduan bai hurbiltzen da patruila, droneak iheslariaren kokapena ematen dion bitartean.

Droneak beste funtzio askorekin ekipatu dira, besteak beste, aurpegi-miaketaren bidez oinezkoen artean ahokorik gabekoak hautemateko edota errepideetatik doazen kotxe zahar guztien matrikula irakurtzeko eta dagokien eremutik kanpo ote dauden antzemateko.

Polemikoagoa da droneen beste erabilera bat, kalean zalaparta handia eta parlamentuan ika-mika nabaria sortu zuena, baina, azkenean, gobernu eta oposizioko alderdi batzuen hitzarmenaren ondorioz onartu zena: manifestazioak airetik kontrolatzea eta, beharrezko ikusten dutenean, jendea sakabanatzea gas narritagarriak jaurtiz eta kanoi sonikoak erabiliz.

Droneen teknologia izugarri hobetu da AEBetako armada Afganistanen erasotzeko elementu gisa erabiltzen hasi zenetik, gerra-agertoki ezberdinetan probatuta: kurduen kontrako eraso turkiarrak, erresistentzia palestinarraren jazarpena okupatzaile sionistengandik, edota ejertzito azeriak armeniarren posizio eta gerra-ibilgailuetan erraztasun handiz eragindako suntsiketa. Erabilera militarretik erabilera polizialera pausu bat zegoen eta negozio-lerro honek oso garapen handia izan du. Aldi berean, Estatu batzuek manifestazioak erreprimitzeko eta terroristatzat hartuak kalean bertan neutralizatzeko erabilera legeztatu dute.

Gailu eta aplikazio hauen garapenak inpaktu ekonomiko nabaria dauka Euskal Herrian. Izan ere, telefono berrien osagai batzuk, txip igorleak eta euskal kaleak eta zeruak kontrolatzen dituzten drone asko hemen bertan ekoizten dira. Unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresa teknologiko ezberdinez osatutako klusterrak hartzen du parte aspaldidanik kontrol-elementu hauen garapen zein ekoizpenean ere. Hain zuzen ere, abiatu berri den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Planaren ardatz nagusietako bat da, diru publikoa ugari jasoz. Ekonomia suspertzen duela eta aitzindari garela esaten digute buruzagi politikoek, eta langile askok itxaropentsu hartzen dituzte mezuak, lan ugari eta kalitatezkoak sortuko direlakoan. Garapen teknologiko berriak Garapen Jasangarrirako 8., 9., 11. eta 17. helburuekin bat datoz ,eta aplikazio guztiek euskarazko bertsioa daukate. Gainera, Europan homologatutako Kode Etikoa betetzen dute.

Hemen, momentuz, droneek ez dituzte pertsonak hiltzen. Bakarrik gure aingeru begirale dira, une oro gure onerako gu kontrolatuz, hiritar batzuen amorrurako, beste batzuen miresmen eta txaloen artean, eta gehiengo baten ustezko halabeharrezkoarekiko onarpenez.

Hamar urte falta dira COVID-29aren agertoki horretaraino. Zientzia fikzioa? Inondik inora. Aipatutako teknologia eta azpiegitura, errealitatea da 2020an. Garatze pixka bat, zabaltze masiboagoa eta lege aldaketa batzuk baino ez dira falta 2029an egia bihurtzeko. Txertoekin bezala, asmoak errealitate bihurtzeko epeak asko labur daitezke interes eta finantzaketa nahikorik egonda. Eta, salbuespeneko egoera argudiatuta, jendartean indartutako boterearekiko permisibitatea oso lagungarria izango da laburbideak hartzeko.

Ez, ez da testu honen xedea norabide horretan ideiak ematea. Botere guneetan eta teknologia berrien industrian mugitzen direnen buruetan aspaldidanik daude. Noraino helduko dira/gara? Utziko dugun punturaino. Horregatik ez dago sobera hamar urteko salto bat egitea eta ekarriko digutena aurreikustea. Gertuegi dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.