Niko Iurramendi.
ARRANPLATIK

Estu baino estuago

2018ko ekainaren 26a
00:00
Entzun
Lehen estropadan ikusi genuen bezala, denborak erabat estutzen dira. Lehen hiru sailkatuen artean, hiru segundoren aldea besterik ez dago. Eta ez hori bakarrik, aurreneko zazpi sailkatuen denborak begiratuz gero, 11 segundo ziztrinen aldea dagoela ikus daiteke. Bada, ziztrin idaztea gehiegizkoa da, egin kasu, 11 segundoren aldea oso zaila baita honelako estropada eremu eta formatuan kentzen edo ateratzen.

Urduritasunak urduritasun, sailkapenetan ezusteko handiegirik ez dela egon iruditzen zait. Sailkapenaren goiko aldean espero zirenak goiko postuetan ikusi ditugu, segundo gutxian, agian ez esperotako hurrenkeran. Santurtziko Sotera igo berriaren maila apartekoa izan daiteke aipagarrienetakoa, baina uste dut harritzekoa izateari utziko diola uda aurrera joan ahala. Gu ere nahiko pozik gaude eginiko lanarekin.

Halako estropada batek gorputza bere gaitasunen izkinetaraino eramaten du, burua barne. Bestela, galde egiozue beroaren, tentsioaren, urduritasunaren eta nekearengatik estropada arnasa hartuz soilik amaitu zuen arraunlariari. Arnasa soilik diodanean, arnasa soilik da. Estu bainoago, justu.

Estropada bat amaitu bezain laster, errekuperatu eta hurrengo estropadan dugu begirada denok. Estropada honetan, sailkapenaren arabera aterako gara, launakako hiru txandatan. Ibaizabalen dugu berriro larunbateko zita, ibaia zabalagoa den lekuan, eta zeresan handia emango dute kaleek, traineru gutxi batzuentzat oso aldekoak gerta baitaitezke. Estropadaren aurreneko paladek Euskotren ligan sartu eta bertan puntuak jasotzeko balioko dute; hauek betiere ez dute kaleen ezberdintasunik izango, erlojupekoa baita. Igandean, bertatik urrutira joan gabe, Zierbenan ekingo diogu estropadari. Ea olaturik dakarren Kantauri itsasoak, patroiak lanean ikus ditzagun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.