Ikasleon hitzarekin zer?

Nikole Ziarrusta Monzon eta Irene Ezkurra Eriz
2020ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ikasturteko lehen seihilekoa bukatzear den unea, inflexio-puntu moduko bat da unibertsitateko ikasleontzat. Geldialdi bat egin eta perspektiba hartzeko tartea eskaintzen diogu geure buruari, egin eta bizi izandakoaren balantzea osatu eta urte berria heltzearekin dauzkagun zereginak zerrendatzeko. Hausnartu, antolatu eta lan egiteko. Baita haserretu eta aldarrikatzeko ere.

Adjektibo diplomatikorik jarri beharko bagenio egoerari, bitxia, arraroa edo ezohikoa aukeratu genitzake. Baina ez da unea egoera hobea izan zedin lan egin behar luketen arduradunei aurpegi garbiketarik egiteko; egoeraren gordina gure azalean pairatu baitugu ikasleok. Egoera ezegonkorra izan da, osasuna arriskuan dago eta erantzukizuna gure lepo gainean jarri dute etengabe, ezjakintasuna eta desinformazioa izan dira gure egunerokoarenoinarri. Egungo unibertsitate ereduan sakontzeko unea baliatzen ari dira, eta ikasleok ikasketa prozesutik erabat at bageunde lez alboratzen.

Aurretik argi bagenuen unibertsitate eredu honek ez gaituela euskal ikasleak erdigunean jartzen, azken hilabeteotako bizipenekin argiago geratu da. Pairatzen ditugun ikasle problematikak era esponentzialean areagotu dira garaiotan eta, ondorioz, ikas baldintzak zeharo okertu zaizkigu. Ikasle bakoitzaren behar eta erritmoak laguntzeko ratioak altuegiak ziren lehen ere; eta orain aurrez aurreko ikasketak murriztu eta ikasketa birtualak burutzera behartu gaituzte; espazio gehiago eskaini, ratioak jaitsi eta beharrezko kontratazio eta inbertsio publikoak egin ordez. Ikaskuntza memoristikoa, indibiduala eta ikasleon garapena bultzatzen ez duen pedagogia eredua aplikatzen zen; orain berdina modu birtualean eta estres maila hirukoitzarekin, errealitatean lur-hartu eta gure behar kolektiboen araberako metodologia zein edukiak prestatu beharrean.

Publiko gisa izendatutako unibertsitateetan ikasteko gastu ekonomikoa altuegia zen krisialdi sanitario honen aurretik; eta orain, pandemiaren testuinguruan eragindako krisialdi ekonomikoari erreparatu gabe, berdin mantendu dira prezioak. Ikasketa materiala, garraioa eta etxebizitza eskuragarri jarri, bekak ugaritu eta tasak jaitsi beharrean, pribatizazioan eta elitizazioan sakontzen dabiltza. Eta ezinbestekoa iruditzen zaigu euskararen egoera eta trataera aipatzea. Nafarroako Unibertsitate Publikoan gaur-gaurkoz oraindik ezin da euskaraz ikasi salbuespenen bat salbu, eta Euskal Herriko Unibertsitatean euskararekiko erasoak areagotu egin dira: euskaraz matrikulatutako ikasleei azalpenak gazteleraz bakarrik bidali dizkigute, azterketak gazteleraz egitera behartu izan gaituzte... Ikusteke dago errektore berriak ze hizkuntzatan eta ze hizkuntzarentzat lan egingo duen. Finean, gure hizkuntza eskubideak ez dira errespetatzen.

Sobera dakigu EHU nahiz NUP publiko izaeratik urrun xamar dabiltzala. Ez soilik enpresa pribatuen interesen arabera jardun eta unibertsitatearen joera merkantilistan sakontzen ari direlako. Euskal Herrian publikoak ikasle zein herritarron beharrei egokitua, euskalduna, herritarra, eskuragarria eta doakoa, feminista, nazionala eta burujabea izan behar duelako gure iritziz. Eta ikasleok unibertsitatean pairatzen ditugun zapalkuntzek eta egoerari erantzuteko aplikatzen ari diren neurriek kontrako norabidea erakusten dute behin eta berriz.

Ez dugu zalantzarik, unibertsitate eredua bera da jopuntuan jarri beharrekoa. Merkatuaren interesen arabera eraikitako eredua kolokan jarri eta gure unibertsitate eredua mamitu eta eraikitzea dagokigu ezinbestean. Agintariek ikasleon beharrei entzungor egin dieten arren, saiakera etengabeak egin ditu ikasle mugimenduak gauzak aldatu daitezen: aldarrikapenak, borrokak, dinamikak... Aurrerantzean ere horretan jardungo dugu, borrokan, ikasleon hitza eta erabakia errespetatu daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.