Arrakala demokratikoa Europan

Amaia Goikoetxea
2022ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Lehengoan, Jordi Evolek elkarrizketatu batzuei aitortu zien ez dela duela zenbait urte bezain aske sentitzen, iruditzen zaiola orduan baino askatasun txikiagoa duela. Batek baino gehiagok dugu irudipen triste hori; izan ere, eta hobekuntzak gorabehera —formari eragiten diote errealitateari baino gehiago—, onartu egiten ditugu gizarte aurreratu batean, gizarte demokratiko batean, onartezinak diren jokabideak eta gabeziak. Natural-natural eta batere mindu gabe ikusten dugu nola zenbait gabeziak arriskuan jartzen dituzten Giza Eskubideen, hau da, hain maiz aldarrikatu eta beti zabarkeriaz tratatzen diren eskubide horien oinarrizko zutabeak.

Aurrerapenaren bidez, Historian aurrera eginez zerbait lortzekotan, ahalik eta gizatasunik eta jakintzarik handiena lortu behar dugu, eta herritarrak aske izateko eta sentitzeko gai izatea, ausardiaz eta kementsu bizi daitezen, beldurrik gabe.

Teorian hain argi dugun hori, hain oinarrizkoa den hori, ez dator bat inondik ere eguneroko zenbait jarrerarekin, eta, hain zuzen, jarrera horiek erakusten dute oraindik ere lan izugarria dugula egiteko askatasuneranzko eta heldutasun demokratikoranzko bide luzean.

Pablo Gonzalezi gertatutakoa Europako lurretan dagoen hutsune demokratikoaren erakusgarri bat da, eta ganorazko ezein herrialdek edo lanbidek ez luke onartu behar halakorik: euskal-errusiar kazetari hori atxilotu eta preso hartu dute, espioi lanak egitea leporatuta, eta inkomunikatuta daukate, legeak baimendu baino luzaroago jada, bere abokatuarekin eta senideekin inolako harremanik gabe; gainera, ez dute aurkeztu akusazio hain larri hori justifikatzeko inolako frogarik.

Haren senideek eta abokatuak adierazi dutenez, ez diete arretarik jarri, ez dute inolako babesik, eta hainbat trabari, nahaspilari eta gerra garaian onartezina behar lukeen konplexutasun burokratikoari aurre egin behar diete: horregatik guztiagatik, kazetariaren bakartzea luzatzen ari da, erabateko inpunitatez, kontuan hartu gabe haren errugabetasun presuntzioa bermatu behar dela.

Poloniak entzungor egiten die kazetarien nazioarteko elkarteen informazio eskaerei, eta oraindik ez du aurkeztu ustezko espioitza delitu hori egiaztatzeko frogarik.

Askotariko entitateek, erakundeek eta kazetaritza elkargoek kezkagarritzat jo dute atxiloketa hori. Eskatu dute akusazioak frogatu daitezela, alde batera utzita Espainiako eta Poloniako agintariek esaten eta isilpean zabaltzen dutena; Pabloren abokatuari eta senideei haren berri eman diezaietela; eta atxilotuaren eskubide juridiko eta prozesalak errespeta daitezela.

Poloniak ez dio erraztasunik eman Gonzalo Boye abokatuari, eta, are larriagoa dena, Pabloren emazteari ez dio eman behar duen informazioa. Kazetariaren senideak bidegabekeria izugarria pairatzen ari dira.

Poloniako eta Espainiako zerbitzu sekretuak, berriz, zurrumurruak eta Pabloren bizitzari buruzko datu ilunak zabaltzen ari dira han-hemenka, eta ahaleginak egiten ari dira oihartzuna kentzeko haren lankideek auziari buruz esandakoari, baita gaia hedabideetan lantzea eragozteko ere...

Frogarik gabe edo froga faltsuak erabiliz kazetarion lana susmopean jartzen duten bakoitzean, leporatuta espioiak garela eta egon behar ez genukeen edo haiek nahi ez gaituzten toki batean gaudela, aspaldiko azpikeria bat erabiltzen dute, batere originaltasunik gabea, eta bete-betean eraso egiten diote Kazetaritzaren esentziari.

Zoritxarrez, inor ez da ausartuko Poloniari ezer eskatzera edo hura zalantzan jartzera; zein-eta Polonia, demokraziaren eta Prentsa Askatasunaren arloan hutsune handiak dituen herrialde bat. Baina gerraren testuinguruan eta errefuxiatuak hartzeko egiten ari den lana aintzat hartuta, den-dena barkatuko diote, baita barkaezina den hori ere.

Kazetaritza errukarria, kazetari errukarriak, garai hits eta tirabiratsu hauetan beren lana egitera ausartzen diren horiek... susmopean daude beti, gutxienekoa ukatzen zaie, eta aise azpiratzeko modukoak dira. Horiek horrela, Giza Eskubideak eta Justizia balantzaka dabiltza, zenbaitek askatasunaren kontrako lurrikara gisa ikusten dugun arrakala horren gainean.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.