Erresuma Batuari agurra

2020ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Betidanik maite izan zaitut. Harro, independiente eta nahiko eszentrikoa zara. Bai, badakit zure «gauza txikiak» dituzula, baina nork ez. Harroputza eta berekoia ere bazara. Gainera, kontinentala deitzen diguzu, sorbaldaren gainetik begiratuta. Gaur egun ere, batzuek «Pérfida Albión» deitzen dizute. Orain alde egitea erabaki duzu, eta ni apur bat bakarrago sentitzen naiz.

Londresen ezagutu zintudan 1974ko uda euritsu batean, Bilboko Maristetan eskuratutako nire ingeles ortopedikoa hobetzeko asmotan joan nintzaizun. Udako bi hilabete haiek oso labur suertatu ziren. 1974 hartan, Angie-k, Rolling Stone-ren abestirik onenak, mundu osoko bazterrak astintzen zituen. Amaitzeko zorian zegoen maitasun baten istorioa kontatzen zuen. Nirea zuganako hasi berria zen. Garai hartan 19 urteko ikaslea baino ez nintzen, eta beste sentsazio batzuk ikusi eta bizitzeko irrikaz nengoen. Nire herrialdea leku triste eta autoritarioa zen oso. Zinema aretoetako argazkiak ohial morez estaltzen zituen Aste Santuak. Tentazioak ekiditeko zela zioten. Askatasunaren tentazioa, argi eta garbi.

Urte berean, Monty Python izeneko komediante talde bikain batek euren Flying Circus telebistako programari utzi zioten, hura zen atsekabea. Sei aktore haiek lehertu beharrean jartzen ninduten britainiar idiosinkrasiaz barre egiten zutelarik. Nire ingeles akademiarik onena izan ziren berebiziko komediante haiek. Londresen, Ingalaterran eta Erresuma osoan askatasuna bistakoa zen. Beraz, hurrengo udan ere itzuli nintzen zu hobeto ezagutzeko.

Horrela jakin nuen ehunka familia ingeles, eskoziar eta galesek egundoko harrera egin zietela lau mila ume euskaldun errefuxiatuei gerra garaian: euren artean nire lagunen guraso batzuk. Gobernu kontserbadorearen politika berekoia arbuiatuz, Erresuma Batuko herritarrek, eurentzat garai gogorrak baziren ere, eskuzabaltasuna erakutsi zuten Habana itsasontzian Santurtziko portutik Southamptonera zihoazen umeekin. Haietariko asko urte batzuk geroago itzuli ziren; beste batzuk herrialdean gelditu ziren.

Hegoafrikan jaiotako kazetari ingeles bat ere izan zen, mundu osoari aukera eman ziona Gernikako bonbardaketaren historia ezagutzeko. George Steer-ek The Times egunkariarentzat eraso bortitza jakitera eman zuen, Pablo Picassoren obra famatuari hasiera emanez. Gurea bezalako herri txiki batek eskertzen daki: korrespontsalak bi kale ditu, bata Gernikan eta bestea Bilbon, bere memoriari eskainita, baina batez ere George Steer nor zen gogoratzen dute milaka euskal herritarrek.

Londresko nire lehen uda hasi zenetik 46 urte bete dira. Ordutik beti egon naiz zure ondoan. Irakurle gisa, Eskoziako Saint-Andrews-eko Unibertsitatera joateko beka eman zidaten eta leku zoragarri hartan ezagutu nuen Kate, nire emaztea. Urte batzuk geroago Londresera joan ginen bizitzera, han kazetari gisa herrialdeko leku desberdinetara bidaiatzeko aukera izan nuen, baina batez ere zortea izan nuen BBC bezalako hedabide profesional eta independente batekin kolaboratzeko. Botere politikoarentzat beti deseroso, Londresko Holborn eraikin sendo hartan, hogeita hamar nazionalitate baino gehiagoko lankideez inguraturik, kazetaritzaz gutxi edo asko dakidana bertan ikasi nuen. Beti mantendu dut BBCk kazetaritza duinena ordezkatzen duela. Konpentsatzeko badira beste medio batzuk, baina nahiago dut hauetaz hitz egin ez. Zure telebista publikoak ikusleenganako errespetua du, eta ez ditu agertzen analfabeto zalapartatsu esateko ezer ez dutenik. Ez dakizu beste toki batzuetan zer inbidiak sortzen dituzun.

Azkenean Londrestik Euskadira itzuli ginenean, faltan bota zintudan, baina bizitzan aurrera begiratu behar duzu. Gure familia hazi, eta jaiotzak Exeter eta Bilbo artean banatu genituen.

Urteetan zehar Devon aldeko bisitak etengabeak izan dira, eta beti etxera itzultzeko sentsatzioa izan dut. Zure bilakaera ikusteko aukera ere eman dit, ia beti bizia, baina ez arazo larririk gabe. Iraganeko nostalgia horietako bat da. Jada ez zara inperio bat. Rule Britannia XVIII. mendeko ereserkia baino ez da. Egokia izan daiteke ekitaldi batzuetan, baina errealitatetik kanpo dago. Erresuma Batua beti dinamikoagoa eta toleranteagoa zen bere begiradak etorkizuneko horizonteak jartzen zituenean; iraganean aterpetzeak ez zaitu inora eramango.

Azken bolada honetan bizitzaren pausoa arindu dela dirudi. Gure seme-alabek zure unibertsitateetara joatea erabaki zuten eta bertan bizitzea. Ez daude ezertxo ere pozik hartutako erabakiarekin. Brexit-en alde adinekoek bozkatu dutela, eta ondorioak gazteek ordainduko dituztela uste baitute.

Gainera, badakite zatiketa sakon batek herrialdea ahuldu dezakeela. Ni ere horrekin bat nator. Ez naiz fidatzen zure lehen ministro Boris Johnsonekin. Bere helburu politikoa lortzeko gezur galantak esan zituen. Berak Winston Churchill miresten duela dio, baina Sir Winstonek «odola, izerdia eta malkoak» baino ez zituen agindu. Johnsonek, ordea, herrialde hobea eta bateratuagoa prometatu du. Egiazkoa balitz! Bi gezurrek ez dute egia bat osatzen. Hyde Parkera beraiek ekarritako eskaileratik berriketan aritzen ziren iruzurtiak gogora ekartzen dizkit Jonhsonek.

Agur esan behar dizut. Zure irteera sentitzen dut, nire familia eta lagunek sentitzen duten moduan. Etorkizunean elkartuko gara agian, baina orain egingo dugu atsedena, ze hiru urte hauetan oso astuna izan zara, eta ez ditugu Monty Python-enak gertu brexit-a serio azaltzeko.

Laster ikusiko zaitut; oraingoan nire pasaportearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.