Mendi ibilbidea

Lea ibaiko ibilbidea

Historiaz jositako parajeak bistaratuko ditugu Lea ibaiaren ondoan ibili-ibilian.
Bengolea burdinola Gizaburuagan ikusiko dugu.
Bengolea burdinola Gizaburuagan ikusiko dugu. JOSEAN GIL-GARCIA Tamaina handiagoan ikusi

Josean Gil-Garcia -

2019ko ekainak 18

Lea ibaia ez da oso luzea, baina gauza jakina da Oiz menditik Kantauri itsasora bide bihurgunetsuan arrasto ugari uzten dituela: makineria hidraulikoak, burdinolak, ontziolak eta, besteak beste, urarekin loturiko makina bat aztarna historiko ikusiko ditugu Lekeitiotik Aulestira doan zidorrean.

Ibilian hasteaz batera, Marierrota izeneko eraikuntza bitxiak atentzioa emango digu. Lea ibaiaren paduraren altzoan ikusiko dugu hura, lozorroan, atseden hartzen egongo balitz bezala. XVI. mendean eraikia izan zen Lekeitioko itsas errota sonatua, eta, gaur egun eraikina berreskuratu ondoren, interpretazio zentro bat egokitu dute barruan. Bengolea burdinola zaharra Gizaburuaga atzean utzi eta berehala ikusiko dugu. Akaso, ibilbidean zehar ikusiko dugun elementurik esanguratsuena izango da. Errota bera erortzeko arriskuan dagoen arren, garrantzi handia izan zuen behiala. Hala egiaztatzen dute, bederen, errota eta burdinolak aztertu dituzten adituek. Euren aburuz, Bengolea burdinola Bizkaiko konplexuenetakoa izan zen.

Marierrota eta Bengolea

Lea ibaiaren ondoan ibiliko gara oraingoan. Lekeitioko (Bizkaia) Independentziaren plazan abian jarriko gara. Santa Maria basilika aurrez aurre dugula, Isuntza hondartza paretik egingo ditugu lehen urratsak. Santa Elena etorbideak ederki lagunduko digu horretan. Isuntza zubira iritsita, Lea ibaia zeharkatu eta eskuinera egingo dugu Marierrota aldera jaisteko intentzioarekin. Porlan bidean aurrera, beraz, 1555ean eraikitako errotara ziztuan helduko gara.

Ibaiaren paraleloan doan harresitik jarraituko dugu, hots, ubidearen eta ibaiaren artean altxarazitako hormatzarrean barrena. Harresia amaituta, bideak eskuinera joko du. Hurritzen artetik metro batzuk egin ostean, landareok lekukoa pasatuko diete arteei, hau da, magal karstikoari hertsiki lotzen zaizkion hosto iraunkorreko enbor ilunei.

Artadia atzean utzi eta ehunka metro aurrerago, behialako ospitalearen hondakinetara helduko gara. Haren ondoan bideak banantzen direla, eskuinera jo eta Gizaburuagara doan bideari oratuko gatzaizkio. Osteratxo lasaia egingo dugu jarraian, presarik gabe. Errepide estu batera aterata, behera egin eta Lea ibaiaren gainetik igaroko gara. Zubia atzean utzi bezain laster, ezkerrera jo eta bide lauan barrena eginda, Oleta auzora iritsiko gara. Taberna ondoko zubian ibaia gurutzatuko dugu. Segituan, eskuinera jo eta ibaiaren ondoan ibiltzera gonbita emango digu zidorrak. Betiere lizarrak eta haltzak lagun ditugula, begi bakarreko zubi txiki batera helduko gara. Eraikin zumea gurutzatu ondoren, ezkerretik jarraitu eta basabide batera irtengo gara bizkor-bizkor. Bolua eta Abitxa inguruan, bideak eskuinera egingo du.

Gizaburuagako udalerrian sartuko gara bat-batean. Errepide nagusiko espaloitik ibilita, Lariz auzora iritsiko gara. Larizoleta baserrira bidea lagun, bidea ibaiaren esanetara jarriko da, beste behin ere. Lariz Aurre errota zaharraren hondakinetara helduko gara laster. Belardia eta haltzak gogaide, ibilbide ikusgarrian barrena jarraituko dugu. Errepidera iristean, ezkerra hartu, ibaia gurutzatu eta Gizaburuagara iristeko 700 metro inguru falta direla ohartaraziko digu bide seinaleak. Ezkerraldean ubidea, ur biltegia eta Ereza baserria ditugula, eskuinera egingo dugu. Ubidearen paraleloan egin ditugu lehen metroak. Gero, bideak errepide estu bateraino lagun digula, eskuinera egin eta Gizaburuagan sartuko gara.

Gizaburuagatik irten eta malda pikoari aurre eginda, eskuinera hartuko dugu aldatsa amaitu baino lehen. Bengolea inguruan ur-jauzi dotorea ikusiko dugu. Errepide batera irtengo gara gero. Orduan ezkerrera jo, eta aldats goran jarraituko dugu. Errepidetxoak ezkerrera egitean, asfaltoa utzi eta bidexkari helduko diogu. Ibaiaren ondora itzuliko gara berriz, eta Angiz auzotik igarota, ibarrean aurrera egingo dugu Aulestira doan bideari heltzearen kariaz. Uren araztegiaren ondotik igaro eta berehala, errepide batera iritsiko gara. Ibaia eskuinaldean daramagula, Aulestin emango diogu amaiera ibilbideari.

Bide seinaleek Munitibar aldera egiteko aukera emango digute. Baina guk Lekeitiora itzuli egingo gara. Autobusa har daiteke herriko plazan. Ibiltzeko gogoa ez bada guztiz ase, joanean egindako ibilbide bera osa daiteke.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Murga eta Tapia jarduneko sailburuak, gaur, Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan. ©Javier Zorrilla / Efe

Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak ezarriko ditu pilaketarik ez sortzeko

Andoni Imaz

Tapia jarduneko sailburuak adierazi du «agertoki berri bat» iritsiko dela, eta osasun larrialdia ezartzeak ez duela esan nahi iragan hilabeteetako neurriak hartuko dituztenik. Jendea ez pilatzeko, edukiera murriztuko dute zenbait lekutan, eta ordutegiak mugatuko dituzte.

Bilboko Zorrozgoiti zahar etxeko egoiliar bat, atzo. ©MIGUEL TOÑA / EFE

Etsipena, beldurra eta nekea zahar etxeetan

Aloña Beraza Peña

Zahar etxeetako kutsatzeek gorakada nabarmena izan dute azken asteetan, eta langileak beldur dira ez ote diren itzuliko gaitzaren lehenengo olatuko egoerara. Egoiliarren artean ere kezka da nagusi.

Salvador Illa Espainiako Osasun ministroa, atzoko agerraldian. ©CHEMA MOYA / EFE

Jaurlaritzak osasun larrialdia ezarriko du astelehenetik aurrera

Irati Urdalleta Lete - Olatz Esteban Ezkati

Tapia eta Murga sailburuek gaurko agerraldian emango dituzte xehetasunak. Madrilek hartu ditu lehen neurriak, egoera epidemiologikoak okerrera egin duela eta: tabernek 01:00ean itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezingo da bezero gehiagorik sartu. Kalean erretzea ere debekatuta egongo da, bi metroko tartea bermatu ezin bada.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Martxoko egun zailenetan PCRak orain bezala eginda, 6.000 kasu izango genituen»

Maite Asensio Lozano

Pandemiaren jarraipena egiten ari den lantaldeari esker COVID-19aren transmisioa moteldu egin dela uste du Ignacio Garitano epidemiologoak. Bigarren olatua iritsi dela berretsi du, baina orain askoz positibo gehiago detektatzen direla nabarmendu du.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna