ATZEKOZ AURRERA

Karrika bat borborka

San Lorentzo kaleko bestak ospatu dituzte Iruñean. Bestaren antolatzaileak udaleko ordezkariz mozorroturik atera dira karrikara, eta umorea eta giro ona izan dira nagusi.
San Lorentzo karrikako <em>udalbatza,</em> dantzari eta buruhandiekin batera, txupinazorako bidean.
San Lorentzo karrikako udalbatza, dantzari eta buruhandiekin batera, txupinazorako bidean. IDOIA ZABALETA / FOKU

Iker Tubia -

2018ko abuztuak 11
Herri bestak zer diren jakin nahi duenak, Iruñeko San Lorentzo karrikan du erantzuna. Ehun metro eskas baditu ere, besta propioak ditu: egun bateko bestak. Urtero, kalea bor-borka hasten da karrikari izena ematen dion santuaren egunean. Bestarik onenek dituzten osagai guziak ditu: musika, dantza, jatekoa, banderatxoak... Herritarrek herritarrentzat edo auzokideek auzokideentzat egiten dituzten besten paradigma da. Seguruenik, hori da San Lorentzo karrikako jaiaren arrakastaren gakoa.

Kanta ere badute karrikako bestek; jota bat: San Lorentzo pertzan zela /esaten zien judutarrei:/Eman iezadazue buelta / potroak hotzak ditut eta». Hain zuzen ere, kanta horrekin abiatu ziren bestak, gauerdia pasata, erlojuak abuztuaren 10a zela esan bezain pronto. Hiru bizilagunek abestu zuten, karrika hutsik zegoela. Ordurako, koloretako banderatxoak eskegiak zeuden balkoi batetik bestera. Lotara erretiratu ziren hirurak, egun luzea baitzuten esperoan.

Goizean goiz, gaiteroek esnarazi zuten San Lorentzo. Musikak bestan parte hartzeko deia luzatu zien bizilagun guziei. Dena den, eguerdian hasi zen giroa berotzen. Tabernetan, jendea biltzen hasi zen pote bat hartzeko. Bitartean, etxe batzuetan bazegoen urduritasun puntu bat. Besta batzordeko kideek hasierako ekitaldia egiten dute urtero, udalbatza balira bezala jantzirik. Ainhoa Unzue da alkatea, Oier Zuñiga alkate ordea, Alba Gil Besta zinegotzia, Saioa Aured Ekonomia zinegotzia eta Izan Sanchez txupineroa. Galako jantzirik atera ziren. Egunak merezi zuen, eta udalbatzak itxura eman beharra zuen. San Lorentzo karrikan ez dago eztabaidarik galako jantziei buruz.

Ortzadar taldeko dantzari eta musikarien aurrean jarri zen segizioa, eta, lehenik eta behin, Zuñigak karrikako akten liburua irakurri zuen. Bertan idazten dituzte urte osoan gertatzen direnak, bestetan irakurtzeko. Aurten hildako bizilagun ezagun bat gogoratzeko baliatu zuten unea. «Urtero jendartean ikusten genuen, jaiaz gozatzen, poteak hartzen, afaltzen eta Jarauta 69rekin dantzan», esan zuen Zuñigak. «Feminista zen, letra larriz, eta haren lana eskertu baizik ezin dugu egin. Gurekin egonen zarelakoan, Silvia Fernandez Viguera, muxu handi bat». Familiakoak agurtuta, elizaren atarira hurbildu ziren, Jaime Zelaia udaltzainak txilibitua jo eta eskuarekin aurrera egiteko keinua egitearekin batera.

Ehun metroak zeharkatu, eta elizaren aurrean gelditu zen segizioa. Ez ziren sartu. Bidean, agurrak eta musuak, sanferminetako prozesioaren pare. Jende anitz bildu zen plazan, baita turista despistaturen bat ere. Soineko gorriz jantzirik eta pamela ederra buruan, alkateak oihu egin zuen: «Gora San Lorentzoko jaiak!». Sua piztu, eta zeruan galdu zen etxafuegoa, pum!, eztanda egin arte. Ondotik, edozein protokolo ekitaldik behar dituenak: ohorezko aurreskua eta kazetarien galderei erantzutea.

Zortzi urte dira udalbatza berria aukeratu zutela. Zuñigak argitu du nola: «Kale honetan ez dago demokraziarik, behatzkrazia baizik». Aurretik zirenek utzi zutenean hartu zuten lekukoa. Unzuerentzat, bere karrikako bestak «are bereziagoak» bihurtu dira orduz geroztik. «Urteko jairik garrantzitsuena da niretzat. Beti bizi izan dut, txiki-txikitatik; beraz, oso garrantzitsua da niretzat». Azaldu zuenez, bestak urte asko daramatza, eta dagoeneko erroturik dago. Ez soilik San Lorentzon; Iruñea osoan.

Auzokideen besta

Karrikako udalbatza da San Lorentzo bestetako irudi nagusia. Baina ez hori bakarrik: «Jaien irudia izateaz gain, atzeko lan guzia ere guk egiten dugu, kaleko bizilagunen laguntzarekin, noski», azaldu zuen Unzuek. Horrek egiten du berezi: bizilagunek antolatzen dutela dena. Beraz, alkatearen amari bestak ordaintzeko diru bilketa egitea tokatu zitzaion atzo, beste batzuei boletoak saltzea, eta beste askori arratsaldeko tripotx zuria jateko prestatzea. Hori da bestetako unerik garrantzitsuenetako bat. Arratsaldean, bizilagunek tripotxa eman zieten karrika horretatik pasatu zirenei. Pintxorik onena zein mahaitan ematen zuten jakin nahi izan zuten batzuek.

Ez da hori besten unetxo bakarra. Izan ere, ehun metroko karrikako bestak ohituraz josirik daude. Ondoko karrikako Jarauta 69 txaranga arduratzen da urtero gaueko dantzaldiaz atzo Jaiak txaranga, eta, goizaldean, bestazaleak apaizaren etxe azpira joaten dira, San Lorentzoren jota kantatzera. Hala ere, apaiza ez da leihora ateratzen.

Horiekin batera, bada tradizio berriago bat: San Lorentzoko ingurutxoa. Iruña Taldeak duela bi urte plazaratu zuen estreinakoz. Atzo, jakina, jantzi bereziak soinean atera ziren erritua betetzera. Baina afaria da bestetako bereizgarri nagusia. Iruindarrek mahaiak karrikara atera eta bertan afaltzen dute. Karrikatik eta karrikarentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna