ATZEKOZ AURRERA

Donostiakoak, «adeitsuak»

Donostia bisitatzen ari diren turistek Kontxako hondartza eta Parte Zaharreko pintxoak goratu dituzte. Hala ere, hirian «jendearen adeitasuna» gustatu zaie gehien.
Elise eta Marie-Laure Oblin ahizpa normandiarrak, Donostiako Bulebarreko banku batean eserita.
Elise eta Marie-Laure Oblin ahizpa normandiarrak, Donostiako Bulebarreko banku batean eserita. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

Mikel Elkoroberezibar Beloki -

2018ko irailak 1
Donostialdeko baserritarrek berek ereindako barazki eta loreak saltzen dituzte goizero Bretxako merkatuan, eta kolorez eta jendez betetzen dituzte arkupeak. Katherine Ning estatubatuarra tomate batzuei argazkiak ateratzen ari da sakelako telefonoarekin. New Yorken bizi da, eta bi aste igaroko ditu Iberiar penintsula ezagutzen, bere kasa: «Granadan, Sevillan, eta Bilbon izan naiz; hirugarren eguna dut Donostian, eta Bartzelonara joango naiz bihar goizean goiz». Eskolan frantsesa ikasten izan zuen Euskal Herriaren berri, eta Donostia entzuna zuen gastronomiarengatik: «Euskal kulturaz oso gutxi nekien, baina entzuna nuen hemen beste hizkuntza bat hitz egiten dela. Imajinatzen nuen Donostia hiri espainiar bat izango zela, baina hona etortzean ikusi dut oso kultura desberdina dutela eta jendea oso harro dagoela bere identitateaz».

Donostia turistaz betetzen da urte osoan, eta gehienbat, udan. Hiriari buruz, Kontxako hondartza eta pintxoak azpimarratzen dituzte, bai eta jendearen adeitasuna ere.

Maria eta Benjamin Sanchez senar-emazteak Bulebarrean paseoan dabiltza, hiriko planoa eskuan hartuta. Filipinarrak dira jatorriz, baina Australian bizi dira, eta astebete igaro dute Donostian: «Hondartzan egon gara, elizak ikusten, Parte Zaharrean, museoetan... Erosketak ere egin ditugu, eta pintxoak jaten ibili gara. Hemengo janaria oso goxoa da!». Haien alaba Londresen bizi da, eta hango lagun batzuek gomendatuta etorri dira Euskal Herrira: «Etorri aurretik ez genekien ezer Euskal Herriaz, ez genekien existitzen zenik ere!». Zoragarria dela deritzote.

Berdea, jende jatorrarekin

Ana Graciak eta bere alabak bazuten Euskal Herriaren berri, Errioxan (Espainia) bizi baitira: «Euskal Herriaren ondoan bizi garenez, ondo ezagutzen dugu, eta asko gustatzen zaigu: hain da berdea eta hain du jende jatorra. Hartu kontuan: Errioxan ETB ikusten dugu!».

Ama-alabak pare bat egunerako joan dira Donostiara, «guztia» ikusteko helburuarekin: «Askotan egonak gara Donostian, baina monumentu guztiak ikustera gatozen lehen aldia da. Besteetan, hondartzara joaten ginen, eta pintxoak jaten genituen; oraingoan, horiez gain, katedrala, monumentuak, Miramar jauregia, eta Haizearen Orrazia ere bisitatu ditugu. Orain, ibilbide turistikoa hasiko dugu. Estropadak ikusten egon ginen atzo!».

Bulebarreko turismo bulegoaren sarreran jendea biltzen hasi da, eta errioxarrak haiengana hurbildu dira, ibilbide turistikoa hastear baita. Argi du Ana Graciak: «Donostiako lekurik ederrena Kontxako hondartza da. Zoragarria iruditzen zait, eta are gehiago gauez». Alabak berretsi du, buruarekin baietz esanez, amak esana.

Gidaren azalpenei adi, taldea Alderdi Ederrerantz joan da. Hala ere, Bulebarra ez da turistaz hustu. Kioskotik gertu dagoen banku batean eserita daude Elise eta Marie-Laure Oblin ahizpak, motxila handi bana hanken artean dutela. Normandiakoak (Frantzia) dira, eta oinez egin dute Ipar Euskal Herriko kosta; bi egun Donostian pasatu, eta Bilbo bisitatuko dute. «Lehenengo aldia dugu Euskal Herrian, eta aldatu egin da euskaldunez genuen irudia: uste genuen ez zirela oso gertukoak, turistekin gehienbat, baina ikusi dugu oso jatorrak eta adeitsuak direla».

«Bagenekien Euskal Herrian tradizio batzuek indarrean dirautela; esate baterako, esku pilotak edo txistorrak», esan dute ahizpek. Donostian Ipar Euskal Herriko «etxe tipikoak» bezalakoak aurkitzea espero zuten, baina ikusi dute «desberdina» dela. Bestalde, ez zuten euskararen berri: «Ez genekien hemen euskara hitz egiten zenik, gaztelera baino ez zela mintzatzen uste genuen». Katalanarekin nahastu dute euskara.

Mari Carmen Suao eta Antonio Mesa senar-emazteek eta euren alaba txikiak, berriz, ez dituzte nahastu, Tarragonako (Katalunia) herri txiki batekoak baitira. Hirian gau bat baino ez dute egin, eta orain udaletxea ikustera doaz. «Oraindik oso gutxi ikusi dugu. Apartamentua Abuztuaren 31 kalean dugunez, atzo Parte Zaharrean ibili ginen gehienbat, eta pintxoak jan genituen. Hemen ondo jaten da», esan du Mesak. Kontxako hondartza eta Anoetako futbol zelaia ezagutzen zituzten aldez aurretik, eta «hiria ezagutzeko» baliatuko dute egonaldia. Gehien gustatu zaiena? Jendearen adeitasuna: «Iritsi bezain pronto, emakume donostiar batek apartamentua aurkitzen lagundu zigun, oso adeitsu».

«Euskara da munduko hizkuntzarik zaharrena», esan die gidak ibilbide turistikoa Bulebarrean hasi berri duten turistei, ingelesez. Kontxarantz joan dira, eta gero, pintxoak jatera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna