ATZEKOZ AURRERA. Claire Hegi. Jostuna

«Gauza politak egiten ahal dira erabilitako jantziekin »

Asmakuntzaren Saria irabazi du Hegik Zeelanda Berriko Oversew Fashion Awards lehiaketan. Moda jasangarriarekiko kontzientzia pizteko baliatu nahi du lortutako saria.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Eihartze Aramendia Iparragirre -

2018ko irailak 12
Duela urte batzuk, erabilitako jantziekin egindako eta Balentziagarengan inspiratutako jantzi bat aurkeztu zuen Claire Hegi (Baiona, 1990) jostunak Bilboko Creamodara, baina lehiaketa bertan behera utzi zuten, eta, ordutik, arantza txiki bat sartua zuen. Arantza ongi kendu du, ordea, Bittori jantziak eman dion sariarekin.

Nolakoa da Bittori?

Biziki polita. Goiko partearen egiteko jeansak erabili ditut, eta gonaren egiteko, palto bat. Arropa bakarra da, baina bi jantzi direla iduri du.

Zein baldintza bete behar zenituen lehiaketan parte hartzeko?

Neurri bat errespetatu behar nuen, haiek casting bat egiten baitute gero modelo batzuekin lan egiteko. Batetik hori, eta, bestetik, jantziaren %80 erabilitako jantzietatik ateratakoa izan behar zuen. Fularrak ezin ziren erabili, adibidez, ezta xingolak ere, sobera erraza baita horien erabiltzea. Horiek ziren baldintza garrantzitsuenak.

Zaila egin zaizu?

Anitz denbora eman dut egiteko, hilabete bat eta erdi gutxi, gorabehera. Ideiak banituen, baina, josten hasten nintzelarik, ez zen batere ontsa ematen, eta berriz hasten nuen. Epe bat banuen, gainera; igorri behar nuen, eta, azken momentuan, jantzien artean topatu nuen nahi nuena, eta hori atera zen.

Anitz dira mota horretako lehiaketak?

Ez, gutxi dira. Denetan xerkatu nuen, baina ez nuen gauza handirik atzeman. Sortzaile frantses batzuek parte hartu zutelako jakin nuen lehiaketaren berri.

Zeelanda Berrian gelditu da, ordea, Bittori.

Saririk lortu ez banu, hamahiru hilabetez egonen zen han, baina, saritua izan naizenez, han egonen da betiko, euren bilduman sartzeko eta jendeari erakusteko. Beraz, beste bat egin dut. Ez da arras berdina, ez baititut jantzi berdinak atzeman, eta hori ere polita da, jantzi guziak desberdinak baitira, esklusiboak. Baionako Lafayette galerian dago jarrita urriaren 10era arte, fularrekin egin dudan beste jantzi batekin batera. Hortik aitzina, saltzen ahalko ditut.

Nondik nora hasi zinen honetan lanean? Eta zergatik erabilitako jantziekin?

Lizeoan hasi nintzen pixka bat, eta, lehen lanean hasi nintzelarik, prototipoak egiten nituen jantziekin. Produkzioa Indian egiten genuen, baina gure jantzia nolakoa izanen zen erakusteko prototipoak egiten nituen. Horrela hasi nintzen, eta jantzi anitz bazela konturatzen hasi nintzen, eta mozten genituen piezetatik beste bat sortzen ahal zela ikusten nuen. Jadanik, jantzi anitz botatzen ditugu, eta interesgarria atzematen dut jantzi horiek berriz baliatzea zerbaiten sortzeko.

Zein jantzi erabiltzen dituzu?

Jeansak anitz erabiltzen ditut; kasik denek baditugu, eta errazak dira atzemateko. Jeans desberdinen oihalak elkartuta ere ontsa joaten dira, eta horregatik maite ditut. Negu honetan, bestalde, amatxiek erabiltzen zituzten artilezko gonak atzeman ditut, eta, horrekin, atorrak edo paltoak eginen ditut.

Nondik eskuratzen dituzu?

Zenbaitetan, jendeak ekartzen dizkit, edo Emausetik eskuratzen ditut; bestela, Kanboko Orratzetik Harira joaten naiz.

Elikadurarekin kontsumitzaile mota bat dagoen bezala,existitzen da moda jasangarriaren kontsumitzailea ?

Ez dira anitz oraino. Errazagoa da joatea merkataritza guneetara, eta han erostea. Zaila da oraino horrelako moda saltzea. Gauza politak egiten ahal dira erabilitako jantziekin, eta hori erakutsi nahi diot jendeari irabazitako sariarekin.

Ehungintza industriak ez daki zer egin erabilitako jantziekin.

Arazoa hor da: sobera jantzi egiten ditu. Dendetan jantzi anitz dira, eta, gainera, biziki fite aldatzen dituzte, eta ez dut uste denak saltzen dituztenik. Jantzien %15 birziklatzen dira soilik. Gainera ez dira kalitatezkoak, ez dute urteetan irauten, eta fite botatzen ditugu. Jeansek oraindik kalitate bat badute, eta ontsa dira gero ere erabiltzeko, baina kamisetak, adibidez, ez ditut erabiltzen, ez baitira kalitatezkoak.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna