ATZEKOZ AURRERA. Laura Calvo. Goizargiko pedagogoa

«Minik gabe ezin da dolu prozesurik gainditu»

Heriotza gizarteko tabu handienetakoa dela dio Calvok, baina horri buelta eman eta haurrei gaiaz hitz egin behar zaiela. Egunerokoan arrunta den hori, normalizatu. Tailerrak egiten ditu haurrekin.
IÑIGO URIZ / FOKU

Iker Tubia -

2018ko abenduak 14
Heriotza beti hor da, hari buruz hitz egin zein ez. Horregatik, komeni da isiltasuna haustea. Baita haurrekin ere. Hori pentsatzen du Laura Calvo Goizargi elkarteko pedagogoak (Iruñea, 1989). 3 urteko haurrekin tailerra egin zuen atzo Katakrak liburu dendan: Egun batean dena aldatu zen liburuaren irakurketa dinamikoa egin zuten.

Zergatik kostatzen da haurrekin heriotzari buruz hitz egitea? Haurrengatik edo helduengatik?

Heriotza da gizarteko taburik handienetako bat. Jendeak ez du horretaz hitz egin nahi minari loturik dagoelako, eta, beraz, txartzat hartzen delako. Hori albo batera utzita haurrak babesten ditugulako ustea dago. Baina, inor ez dago minetik salbuetsita, ezta haurrak ere.

Minak ez du zertan txarra izan?

Ez, mina baita sendatzeko modu bakarra. Dolu prozesuan batez ere, oroitzapenak min handia ematen du hasieran, eta heriotza betiko dela ikustea mingarria da. Minak sendatzen du hautsitako bihotza.

Haurrentzat ez da txarra, beraz?

Haurrekin gauza bera gertatzen da. Gainera, haurrak ez dira hainbeste denboraz gelditzen emozio horri loturik: sartu eta ateratzen dira. Negar eginen dute, eta gero jostatzen ariko dira. Baina negarrak askatzen laguntzen die. Mina garrantzitsua da sendatzeko, ona da. Minik gabe ezin da dolu prozesurik gainditu.

Zaila egiten da gauza mingarriei buruz hitz egitea, baina.

Haurrei ere hiltzen zaizkie ingurukoak, eta prebentzio lana eta haiekin heriotzaz hitz egitea ez dute modu negatiboan bizi; alderantziz, jakin-min handia dute, eta ulertzen dute bizitzaren parte dela. Beraz, gutxienez jakintza eta oinarriak eman behar dizkiegu.

Nola lantzen duzu heriotzaren gaia liburuarekin?

Haien bizipenak kontatzea asko maite dute haurrek. Solasaldi moduko bat sortzen dugu heriotza guziak lotzen gaituen afera bat dela erakusteko. Horrela lortzen dugu normalizatzea, eta, irakurketaren bidez, haiek beren burua islatua ikus dezakete pertsonaietan.

Marrazkiak egin dituzue gero. Errazago da marrazkien bidez?

Marrazkia egiten dugu haurrek ez dutelako hainbeste gaitasunik hitza erabiltzeko. Barrua hustu eta sentitzen dutena azaleratzeko bide bat da. Ondoren, zer egin duten kontatzen digute. Esperientzia polita da, mingarria den istorio batetik abiaturik.

Normalizazioa aipatu duzu. Ez da modu naturalean bizi?

Hori da joera nagusia. Hau gai sozial bat da: ikus dezakegu publizitatean, hedabideetan... Alde onaz edo azalekoaz hitz egiten da, gainerakoak ez duelako saltzen. Baina bestea ere bizitzaren parte da. Bizitza eta heriotza txanpon beraren bi alde dira, eta haurrek oso ongi ulertzen dute. Istorioak asmatzen ditugunean gehiago kostatzen zaie kokatzea. Lehenago edo geroago, nahi ala ez, iritsiko da, eta egiarekin bizi garenean, askoz ere askeagoak gara. Haurrek jakiteko gosez dira, galderaz beterik daude. Ez zaienez horretaz hitz egiten, uste dute ez dagoela ongi ere haiek horretaz hitz egitea.

Noiz hitz egin behar zaie heriotzari buruz? Hasieratik?

Bai, beti. Kontzeptu batzuk adinarekin ikasten dira, baina azaltzen ahal zaio filmen edo liburuen bidez. Garrantzitsuena da bere adinean galdetzeko gai denari erantzutea, behar duenari buruz hitz egiteko edo galdetzeko espazioa ematea.

Zein dira ezagutu beharreko kontzeptuak?

Heriotza unibertsala dela, ez duela atzera-bueltarik, ezin dela saihestu... Kontzeptu horiek dolu prozesua kudeatzen laguntzen dute.

Dolu prozesuan noraino da garrantzitsua babesa?

Sarea ezinbestekoa da. Dolua prozesu sozial bat da; pertsona horrek une askotan bakarrik egoteko beharra izan dezake, baina sare baten beharra du. Jendearen beroak beti laguntzen du. Horregatik, familiarekin eta lagunekin lan egiten dugu.

Eta haurren kasuan?

Haurrekin berdin. Batzuetan zaila da eskolan anai-arreba, ama edo aita hil zaion beste kide bat aurkitzea. Baina tailerrera etortzen dira, eta haiek bezalako beste hamar haur daude. Horrek aurrera egiteko indarra ematen die.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Iker Tubia

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna