ATZEKOZ AURRERA

Kristalezko ziegatik begira

'Begirada bat barrutik' egitasmoa abian jarri du Sarek Iruñeko Sarasate pasealekuan, urruntzea pairatutako preso batek espetxean bizi duena ikusarazteko. PP saioa boikotatzen saiatu da.

Begirada bat barrutik egitasmoan parte hartu dutenetako bat, Sarasate pasealekuko ziegan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2018ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Metalezko ohe txiki bat, izarak nahasita. Mahai bat. Eta aulkia. Besterik ez, zortzi metro koadroko espazio itxian. Ziega bat. Barruan dagoen emakumea bueltaka dabil, bere pentsamenduetan galduta. Mahai gainean dauden papera eta arkatza hartu, eta idazten hasi da, minutuak nolabait hiltzeko. Ordu erdi igarota, baina, preso zirudien emakumea altxatu, berokia hartu, eta gelatik atera da. Ziega horretan ez baitago giltzarraporik, ez metalezko barrarik, ez eta adreiluzko paretarik ere.

Orain Presoak dinamikaren barruan, kristalezko ziega bat paratu du Sare erakundeak Iruñeko Sarasate pasealekuan. Helburua da presoen egoera islatu eta «salbuespenezko espetxe politika bidegabea» salatzea. Atzo goizetik, txandaka ari dira ziegan sartzen hainbat gizarte eragile eta ordezkari politiko nahiz sindikal, bakartuta egotearen sentsazioa bertatik bertara ezagutzeko.

Euskalerria irratiko esatari Reyes Ilintxetak egin du 30 minutuko lehen txanda. Parte hartzaile bakoitzak denbora hori balia dezake ziega barruan nahi (eta ahal) duena egiteko. Ilintxetak elkarrizketa egin die Miren Zabaleta eta Arantza Santesteban preso ohiei. «Ziega batean esnatzea oso antzekoa da edozein espetxetan. Egun berbera behin eta berriz errepikatzen dela ematen du», azaldu du Zabaletak.

Ilintxetaren, Santestebanen eta Zabaletaren ondotik sartu da Anabel Arraiza aktorea. Ziega barruan emandako denbora baliatu du preso dagoen senide bati eskutitza idazteko: «Berak egunero sufritzen duenaren antzeko bizileku batean nengoela kontatu diot, eta gaizki sentitzen hasia nintzela». Ordu erdi nahikoa izan da klaustrofobia sentsazioa areagotzeko: «Honako hau ez da benetako ziega bat, eta ez du paretarik. Kristalaz bestalde, jendea ikus dezakezu kalean gora eta behera. Horregatik, une batez saiatu naiz kanpora ez begiratzen, benetako pareta baten aurrean banengo bezala, eta berehala hasi naiz itolarria sentitzen».

Arraizaren txanda bukatuta, egitasmoaren hasiera ekitaldi ofizialari ekin diote antolatzaileek. Egungo espetxe politika «salbuespenezkoa» aldatzeko deia egin diete Espainiako eta Frantziako gobernuei: «Sufrimendua eten beharra dago, iragana ahanzturan utzi gabe eta biktima guztien aitortza eta ordaina lehentasunezko betebehar gisa kokatuta», azaldu dute Joseba Azkarraga Jaurlaritzako Justizia sailburu ohiak eta Arraizak berak, Sareren izenean. Azkenik, urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan egitekoak diren manifestazioetan parte hartzeko deia egin dute.

Ekitaldia bukatuta, beste hainbat eragile sartu dira ziegara; besteak beste, Amaia Izko abokatua, Patxi Urrutia Sasoia erretiratuen elkarteko kidea, Martxelo Diaz Gara-ko kazetaria eta LAB, ELA, EHNE, EH Bildu, Etxerat eta Iruñeko peñetako ordezkariak.

Beltranen hordagoa

Ekitaldiaren erdian azaldu da Ana Beltran, PPko burua Nafarroan. Aurretik, hedabide guztiei emana zien bere agerraldiaren berri. PPk azkenaldian maiz erabilitako estrategia bati heldu dio legebiltzarkideak: ekitaldi politiko jendetsu baten erdian paratu eta boikotatzen saiatu. Sarasate pasealekuan gora eta behera ibili da PPko legebiltzarkidea, urduri, kazetari eta kamerarien arreta erakarri nahian.

Bertaratutako jendeari ere begietara egiten dio so, desafioka. Harro. Herritarrek, baina, ez diote jaramonik egin. Batzuek bizkarra eman diote, disimulu handirik gabe. Sareko ordezkarien hitzaldia bukatuta, PPko buruaren inguruan bildu dira kazetariak. Orduan hasi da, baina, Maider Ansa musikariaren emanaldia. Ziega barruan ari da abesten eta gitarra jotzen. Bozgorailuetatik ateratzen diren doinuek erabat estali dute Beltranen ahotsa. Saiatu da are ozenago mintzatzen. Oihuka, ia. «Umiliazioa!» eta «lotsagarria!» izan dira garbi aditu diren hitz bakarrak.

Azkenik, metro batzuk atzera egitea erabaki dute Beltranek eta haren ondoan doazen PPko beste kideek. Burumakur aldendu dira, eta zebra bidearen ondoan egin behar izan dute prentsaurrekoa, Espainiako Poliziaren furgonetek babestuta. Han, Beltranek Nafarroako Gobernuari egotzi dio «Bilduren aurrean belauniko» jarri izana, eta Espainiako Gobernuko ordezkari Jose Luis Arastiren dimisioa eskatu du, Sareren ekitaldia baimendu izanagatik. Bitartean, 50 bat pertsonak elkarretaratzea egin dute parlamentuaren aldamenean, Navite biktimen elkarteak deituta, Orain Presoak dinamikarengatik protesta egiteko.

Begirada bat barrutik egitasmoak gaur izanen du segida. Honako eragile hauek parte hartuko dute: Julio Soto bertsolariak, Txema Esteban marrazkilariak, Joxerra Senar BERRIAko kazetariak, Joseba Santamaria Diario de Noticias-eko zuzendariak, Ana Fernandezek —sakabanaketaren ondorioz istripuan hildako Sara Fernandezen ahizpak—, Salhaketak eta Sortuk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.