ATZEKOZ AURRERA. Vicente Palomera. Psikoanalista

«Bakardade prekarioen ordez, solidoak behar ditugu»

Harreman profesionalizatuen garaian, Palomerak gero eta bakartuago ikusten ditu pertsonak, eta horrek esan nahi du «bakarrik egoteko modu bat eratu gabe dagoela oraindik», haren ustean.

BERRIA.
Andoni Imaz.
2019ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Bakarrik egoteko modu bat baino gehiago dago, eta, kasu guztietan, ez du lotura zuzenik inguruko harreman sozialekin. Bakarrik, baina bakartu gabe ariko da Vicente Palomera psikoanalista (Espot, Herrialde Katalanak, 1952) gaur, Donostian. Freudiar Eremuaren Mintegiak gonbidatuta, Bakardadea sintoma egiten denean hitzaldia emango du, San Telmo museoan, 19:30ean. Psikoanalisia ez du gaztetako bokazioa: bere buruarekin egin zuen lanketa aurrena, eta besteekin gauza bera egitea aukeratu zuen gero. Freuden eta Lacanen ikasbideak irakasten aritzen da Bartzelonako Seccion Clinica institutuan.

Bizi dugun garaiaren sintoma da bakardadea?

Hiperkonektatuta gauden garaiotan, bakardadeak ezinezkoa dirudi: beti dago norbait beste aldean. Une oro konektatuta egoten saiatze hori, ordea, bakardadearen larritasunaren ondorioa da. Nire ikuspegitik, ikasi egiten da bakarrik egoten. Dena den, esan dezakegu bakardade ona eta txarra daudela, ez baitira gauza bera bakarrik egotea eta bakartzea. Ez dut bakardadearen gorazarrerik egingo, baina harreman sozial asko dituzten pertsona ugari oso bakartuta daude.

Mundua zenbat eta globalagoa, orduan eta bakartuago?

Paradoxa bat da, bakardadeen artxipelago bat. Kontua da nola aurkitzen den bakardade ona. Bakartuta, ezin da nor bere buruarekin elkartu. Paziente batek esaten zidan besteekin egotea saihesten zuela, behin maitatutako horiek ondoren alde batera utziko zuten beldur. Bere buruaren inguruan egiten zuen zuloa. Gizartetik bakartuta egoteak esan nahi du bakarrik egoteko modu bat eratu gabe dagoela oraindik.

Hortaz, gero eta bakartuago bizi gara, bakarrik egoten jakin gabe?

Subjektu batzuk bakarrik bizi dira, baina ez daude bakartuta. Beste batzuk talde baten barruan daude itxuraz, lagun asko dituzte, baina erabat bakartuta daude, egiazko harremanik ez dutelako. Nik uste dut bakardadearen gaia garatu egin behar dela. Ez dute autore askok landu, baina oso interesgarria da.

Nola ikasten da bakarrik egoten?

[Donald Woods] Winnicottek trantsizio espazioez hitz egiten zuen. Pediatra zen hura, eta behaketa klinikoarekin ulertu zuen ume batek nola sortzen duen bere buruarentzako espazioa. Umea eta ama behatuta, ikusi zuen nola haurra amaren ondoan egoten zen, baina jolaserako eremu propio bat ere bazuen, ama lanpetuta zegoenean. Dimentsio hori azaltzen zuen: bakarrik egoteko gaitasuna amarekiko zeukan harremanetik abiatuta eratzen zuen.

Egungo sare birtualekin sortzen diren harremanak arinak eta ahulak izan ohi dira.

Mundu hiperkonektatuan, denok bereizten ditugu lagun arteko harremanak eta harreman profesionalak. Alabaina, profesionalizazioaren hedadurak harreman guztiak profesional egiten ditu. Eta harreman profesionalak neurri batean faltsuak dira, besteak gugandik eskatzen duenaren araberakoak direlako. Besteak konpainia faltsua ematen badizu, bakardade ona aurkitzea oztopatzen du. Zer egin dezake norberak okupazio faltsu batek okupatua ez duenean? Zein da egiazko bakardadea, merezi duena? Norbere larruazalaren azpian ondo egotea da kontua, baina bizitzaren erritmo azkarrak zaildu egiten du barrura begirako lan hori.

Nola egiten diogu aurre bakardadeari?

Abandonatze esperientziak eragindako mina saihestea da helburua. Modu batean edo bestean, denok pairatu dugu estali ezin den bakardade hori. Halere, bakardade prekarioa izaten da: horren ordez, bakardade solidoagoak behar ditugu.

Eroso bizi gara horrela?

Moliereren Le misantrope [Misantropoa] antzezlanean, subjektu bat bakartzen da biktima posizio horretan eroso dagoelako: arbuiatua, ez ulertua. Subjektuari batasuna ematen dio horrek. Paziente batzuek hartzen dute biktima posizio hori, eta, agian, hori errespetatu egin behar da. Besteek laguntza behar dute, sare sozialekin nahiz drogarekin bakartzen direnek, esaterako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.