ATZEKOZ AURRERA. Irune Lujanbio Ibarreta. Saharako umeen harrera familia eta Afanis elkarteko kidea

«Etortzen diren umeak beren herrialdearen isla dira»

Oporrak Bakean programan parte hartzen hasi ondoren, Saharako errefuxiatuen kanpalekuetara ere joan da, «hango familiari» bisita egiteko.
ENDIKA PORTILLO / FOKU

Jon Rejado -

2019ko martxoak 27
Udaberria hasi berri da, baina Oporrak Bakean programan udara begira ari dira lanean. Uztailean eta abuztuan Saharako kanpalekuetako haurrak hartuko dituzten familien bila ari dira Hego Euskal Herrian. «Haurrak etxera itzultzen direnean, hurrengo urtera begira hasten gara lanean; ez dago etenik», azaldu du Irune Lujanbio Ibarretak (Gasteiz, 1973). Afanis elkarteko kidea da Lujanbio, eta zazpigarren urtez izango da harrera familiako kidea. Araban, besteak beste, hamar familia gehiago behar dituzte udan ume saharar bat hartzeko.

Programan parte hartu nahi duten familiek zer behar dute?

Denbora. Gaur egun, zaila da denbora izatea, eta horrek zailtzen digu familiak erakartzea. Umeak bi hilabeterako datoz, eta haiekin egon behar dute. Bizipen oso ezberdinak dituzte umeek: errefuxiatuen kanpalekuetan bizi dira, oso zoriontsu, eta egun osoa kalean. Familia horiek bidaiatu dezakete oporretan, baina estatu barruan. Umeak errefuxiatuak dira, eta ez dute atzerrira bidaiatzeko agiririk.

Zer laguntza edo aholku ematen diezue familiei?

Egia da alor batzuetan arreta jartzen dugula. Umeak osasuntsu daude, baina, adibidez, anemia apur batekin hel daitezke. Heldu eta handik gutxira pediatrarenera eramateko eskatzen diegu familiei, halakoak antzemateko. Osakidetzak haurren hortzak zaintzeko daukan zerbitzua jasotzen dute, gobernuz kanpoko erakunde batek begiak zaintzen laguntzen digu...

Begiak?

Latetan bidaltzen dieten janari asko jaten dute; Finlandiatik arrain lata asko bidaltzen dituzte, adibidez, giza laguntza gisa. Horrek abitaminosia eragiten die, eta kalte egiten die. Askok betaurrekoak behar dituzte.

Nola erabaki zenuen zuk lehen aldiz programan parte hartzea?

2013an izan zen lehen aldia. Hainbat hilabete lehenago, harrera familia ziren auzokide batzuk ikusi nituen egunkari batean. Proiektuak liluratu egin ninduen. Senarrak eta biok hitz eginda eman genuen pausoa. Urte horretan berandu zen, eta 2013an etorri zen Sabah gurera.

Ordutik, etenik gabe parte hartu duzue programan.

9 eta 12 urte arteko umeentzat da. Sabah lau urtez etorri zen, eta laugarrenean Marian gehitu zen. Aurrez etorri zen Euskal Herrira, baina hasierako harrera familiak ezin izan zuenez, guk ireki genizkion ateak. Sabah jada ez dator, eta aurtengoa izango da Marianen azken urtea.

Haiek etortzen ez badira ere, harremana mantentzen duzue?

Bai, noski. Elkarri mezuak bidaltzen dizkiogu sakelako telefono bidez. Aurten Oporrak Bakean kanpainarako aukeratutako leloa oso polita da, eta bizi dudana islatzen du: Nik bi familia ditut: bat Euskal Herrian eta bestea Saharan.

Duela urte batzuk, kanpalekuak ezagutzeko bidaiatu zenuten.

Harrera familia izatea harrigarria da, eta bertara joatea... bizitzekoa. Hasieran pentsatu genuen egokiena zela bidaia egiteko dirua haiei bidaltzea. Joan ginenean, ikuspuntua aldatu zitzaigun.

Nola?

Umeak pozik bizi dira. Oso maitatuak dira, familia handiak dituzte, ez dute besterik bizi izan, eta harro daude; are, hona etortzen diren bi hilabeteak amaitzean, jaioterrira itzultzeko irrikan daude. Kanpalekuetan bizi diren helduentzat, ordea, oso gogorra da. Bertara joatean, familiaren egunerokotasuna aldatzen duzu; poztasunez betetako aste bat da, haientzat eta guretzat. Sortzen den lotura harrigarria da. Lehen gaua biziki gogoratzen dut.

Zer gertatu zen?

Sabahren familiak ez zuen autorik, eta oinez etorri ziren gure bila. Iluntasunean argi bat ikusten genuen gugana etortzen, mantso. Sabah zen, amarekin. Ez dut sekula ahaztuko elkartu ginenean amak eman zidan besarkada.

Programak Saharako errealitatea bistaratzen du, urtez urte.

Etortzen diren umeak beren herrialdearen isla dira. Han 42 urtez gertatu dena erakusten dute. Sabah eta Marianen amak errefuxiatuen kanpalekuetan jaio dira. Gaur egun, nire inguruko guztiek ezagutzen dute hango egoera eta historia.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Jon Rejado

Informazio osagarria