ATZEKOZ AURRERA

Boza, eskubidea lortu zutelako

Ez zen jende lerro handirik atzo goizean Baionako bozkalekuetan Europako hauteskundeetarako boza emateko. «Betebeharra» dela esan zuten gehienek.

Emakume bat botoa ematen, Baionako herriko etxeko bozkalekuan, atzo. BERRIA.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2019ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Ohiko igande bateko giroa nabari zen atzo goizean Baionako karriketan. Europako hauteskundeak izanik ere, jende gutxi zebilen, eta mugimendu gutxi nabari zen bozkalekuen aitzinean. Kanpaina apala izan da Ipar Euskal Herrian, tentsio gutxikoa; Frantzia mailako eztabaidek eta gatazkek hartu dute gaina. Merkatuetako eskuorri banaketez gain, kasik ikusezina izan da kanpaina. Bixente Vrignon kazetariak orain dela aste batzuk sare sozialetan ezarritako argazkia da horren erakusgarrietako bat: hutsik erakutsi zituen Izturitzeko hauteskunde panelak (Nafarroa Beherea); hauteskundeetan aurkezten den zerrenda bakar batek ere ez du lanik hartu hara afixa ezartzera joateko. Gisa bereko irudia erakutsi du berriki Patxi Berhouet kazetariak ere Bidarrain (Nafarroa Beherea).

Baionako herriko etxearen aitzinean, aurkezturiko 34 zerrendetatik hamalauren afixak baizik ez ziren ageri. Hori azpimarratu zuen atzo bozkalekura sartzera zihoan adineko gizon batek. Erdi hutsak ziren panelei begira gelditu zen momentu batez, eta, «zein tristea!» erranez, aurpegi goibelarekin sartu zen herriko etxera. Barnean aurkituko zuenak ez zion sentsazio hoberik eraginen: 34 zerrenda izanik ere, 19 boz paper baizik ez zeuden aukeran. Gainerakoek ez dute lanik hartu paperak Baionara ekartzeko, itxura guzien arabera.

«Biziki garrantzitsua zait Europako hauteskundeetan boza ematera etortzea, eskubide bat delako, eta erabili nahi dudalako», azaldu du Marie Guichenduqek. Bere haurrekin batera etorri da boza ematera, «eskubide hori betetzeko engaiamendua» transmititu nahi dielako. «Biziki garrantzitsua zait haiekin etortzea bozkatzera, erakustera nola pasatzen den. Juliette alabak oharra egin dit bozkatu aitzin, historiako klaseetan Bigarren Mundu Gerla lantzen ari baitira, Hitlerren alde herriak bozkatu zuela, baina bozkatu aitzin ez zutela aztertu haren hauteskunde programa. Horregatik, biziki garrantzitsua da hautagai bakoitzak duen programa ongi begiratzea bozkatu aitzin», adierazi du irribarre batekin.

Ezkerrean zalantza

Guichenduq ez da haurrekin etorri den bakarra. Bilobekin etorri da adineko emazte bat, «beti» bezala, «engaiamendu herritar bat» delako. «Europako hauteskundeak interesatzen zaizkit, nahiz eta orain niretzat beranduegi den. Ondoko belaunaldientzat ari naiz», esan du bilobei begira.

Gaurko egoerak kezkatzen duela erran du beste emazte batek. «Bozkatzera etorri naiz, ez bereziki aldaketa bat nahi dudalako, baizik eta nire betebeharra dela kontsideratzen dudalako. Gauzak gaizki doazela uste dut. Espero dut nire bozak jendearen inozokeria aldatuko duela».

Beti da inportantea boza ematea, Veronique Philippen arabera. «Batetik, emaztea naizelako. Nire aitzinetik emazteak borrokatu dira boz eskubidea izan genezan. Baina, gaur egun, klima larrialdia da gehien kezkatzen nauena». EELVrentzat eman du boza. Hautagai anitz agertu dira klima larrialdiari aurre egitearen alde; EELV zergatik hautatu duen galdetuta, honela erantzun du: «Macron ez dut ikusten ahal, eta lotsagarria iruditu zait hark klimaren argumentua erabiltzea. Dudak izan ditut ezkerreko zerrenden artean, baina pentsatu dut berdeek zenbat eta boz gehiago lortu orduan eta aukera gehiago izanen genuela diskurtso jakin bat entzunarazteko. Gero, ez naiz espezialista, aski gogoeta sinplista dut». Haurrekin etorri da bera ere, bozkatzera joateko ohitura har dezaten.

Egoera sozialak eta ekologiak kezkatuta etorri da Segolene Belbachir, baina bestelako hautu bat egin du. «Gaur bozkatu dut gerora marmarka aritu ahal izateko», nabarmendu du. «Egia da badirela urgentzia ekologiko eta sozial larriak. Arteka soziala gero eta handiagoa da, eta, ekologiari dagokionez, ez dute ezer egiten. Diruak gaina hartzen die gizakiaren beharrei», azaldu du. Haren hitzetan, politikaz ez daki «asko», baina ahotsa entzunarazteko aukera ikusten du hor: «Gainerakoan ez gaituzte entzuten».

Norentzat bozkatu duen galdetuta, «ez naiz oroitzen» izan da haren lehen erantzuna. «Azken momentuan, [Raphael] Glucksmanentzat bozkatzea erabaki dut, gaztea delako, eta diskurtsoan ekologia eta arlo soziala aipatu dituelako. Dena berde diren horiek, ondoan ez dute gauza handirik proposatzen. Lehen, Frantzia Intsumisoari ematen nion boza, baina azken urte honetan beldur pixka bat eman dit gizonak».

Erdi korrika atera da adineko emazte bat bozkalekutik. Ez du erran nahi izan nori bozkatu dion, baina, itzuli, eta zehaztu nahi izan du: «Ez dut Errepublika Martxan-en alde bozkatu, ezta beste eroarentzat ere ez; nola da... Marine Le Pen». Ezin jakin gainerako 32 zerrendetatik zein hautatu duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.