ATZEKOZ AURRERA. Josu Zuberogoitia. Filosofia irakaslea

«Gizakiok gure kasa aritzeko ahalmena galduko dugu»

'Zalantzen amaiera? Argien mendetik irudiaren arora' liburua idatzi du Zuberogoitiak, Aitor anaiarekin batera. «Distrakzio ekosistema jarraitu batean» bizi garela nabarmendu du irakasleak.

MARISOL RAMIREZ / FOKU.
urtzi urkizu
2019ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Filosofia lizentziaduna da Josu Zuberogoitia (Etxebarria, Bizkaia, 1969), eta Euskal Herriko hainbat herritako eta hiritako institutuetan aritu da filosofia eta balio etikoak irakasten. UEUrekin argitaratu duten liburuan, pentsaeraren alorra landu du, eta Aitor anaiak, komunikabideena. «Aztertu dugu nola izan duten hedabideek harreman dialektikoa diskurtsoarekin, eta alderantziz». Material didaktiko gisa erabiliko dute datorren ikasturtean Huhezi fakultatean eta beste zentro batzuetan.

Liburuan jaso duzuenez, Neil Postmanek esan zuen politika denbora-pasa huts bilakatu dela. Ados zaude horrekin?

Giovanni Sartoriren Homo videns: Televisione e Post-pensiero saiakera hartu dugu abiapuntutzat. Hark esaten zuen logozentrismo garaitik ikonozentrismo batera pasatu garela, eta gaurko garaian diskurtso sakonek indarra galdu dutela. Errealitatea bera aldatuz doa etengabe, eta gaur egun distrakzio ekosistema jarraitu batean bizi gara. Hala ere, badira diskurtso sakonak jorratzen dituztenak ere.

Postmanek berak idatzi du: «Telebistak unibertso ludiko bat sortu du, eta apurka kultura berria mamitu». Zer eragin du horrek?

Telebistaren eragina handia da. Gure errealitatea askoz zatikatuagoa dago; albistegiak ikusi besterik ez dago: inpaktu batetik bestera pasatzen gara, arineketan. Liburuan, bestalde, Clay Shirky AEBetako irakaslea aipatu dugu; hark esaten du distrakzio ekosistemak gaitasun sortzaileak ere eragin ditzakeela, eta errealitatea zatikatua izateak badituela bere abantailak. Gauzak ez dira zuri edo beltz.

Zer tresna ditu Euskal Herriak eta euskararen munduak gizartean izan diren aldaketa horiei aurre egiteko?

Beste guztiek dituzten tresnak dauzkagu guk ere. Kontua da heltzen zaigun ia guztia kanpokoa dela, eta arazoak izan ditzakeguidentitate aldetik. Baina, aldi berean, Interneteko tresnak erabili ahal dira gurea bultzatzeko.

Teknologia berriek filosofikoki gizartean eragin dituzten aldaketen inguruan arreta jartzea garrantzitsua al da?

Funtsezkoa da arreta jartzea batez ere sortuko diren galdera etikoetan. Marxismoaren porrotarekin hasi ziren eztabaida batzuk, eta Frankfurteko eskola hasi zen esaten zerbait egin behar zela; une horretan, planteatu zuten teknologiek esklabo bihur dezaketela gizakia. Orain arte, gizakiok erabili dugu teknologia, baina aurreikusita dago aldamenean eramango dugula, ziborg bihurtuko garela. Ez dugu gure kabuz pentsatuko: delegatu egingo dugu teknologian gure kabuz pentsatu ditzakegun erantzunak.

Inteligentzia artifiziala galdera etiko berriak ari da eragiten, ezta?

Bai, zalantzarik gabe. Arazoa izango da gizakiok galdu egingo dugula gure kasa aritzeko eta galderak egiteko ahalmena. Deshumanizazio potentzial bat dago hor.

Eztabaidak daude, curriculumetik filosofia ikasgaia kendu nahi dutelako. Zergatik da garrantzitsua gazteek filosofia ikastea?

Autokritika ere egin behar dugu filosofiaren arlotik: filosofiaren galdera ez da zertarako, baizik eta zergatik. Ikasleak argazki finkoetara ohituta daude: 2 +2 = 4. Filosofiaren berezitasuna da galderak formulatzen dituela, eta ez erantzun finkoak. Galderak egitea oso garrantzitsua da, errealitatea ez baita finkoa.

Irudiaren aro berria azaldu al daiteke filosofo klasikoekin?

Bai, Platonen haitzuloaren mitoa oso grafikoa da. Matrix filma askotan erabili dut eskolak ematerakoan, irudi hori gaurkotzen duelako. The Simpsons marrazkien sortzaile Matt Groening filosofoa da, eta, arreta jarriz gero, filosofiako ziri asko sartzen ditu saioan. Nire garaian, Platonekin kredo kristaua ikasten ari zinela ematen zuen, eta ez du horrela izan behar: garai bakoitzaren testuingurua ezagutu behar da.

Filosofiak garrantzia izango al du hurrengo hamarkadetan?

Filosofia gizakiaren ondare bat da. Denok dugun potentzialitate bat da, eta ezinbesteko tresna bat. Helburua da bakoitzak bizitzan gaitasuna izatea bere buruari galderak egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.