ATZEKOZ AURRERA. Piet Oudolf. Paisajista

«Nik ez dut natura sortzen; nik lorategiak sortzen ditut»

Landareekin «arkitektura» egiten du Oudolfek, naturari begira. Urteekin, begirada ere aldatu zaio, eta edertasuna ulertzeko beste modu bat du orain, zabalagoa: «Lorea ederra da ihartzean ere».

TXILLIDA LEKU MUSEOA.
Andoni Imaz.
2019ko urriaren 11
00:00
Entzun
Piet Oudolf paisajista da (Haarleem, Herbehereak, 1944): munduan eragin handiena izan duenetako bat, lorategiak diseinatzean erabili izan dituen egiturengatik eta landareen koloreengatik. New Yorkeko High Line parkea du lanik ezagunena, baina aurten berriro ireki duten Txillida Leku museoan ere parte hartu du. Bihar, Hernanin (Gipuzkoa) izango da, Orona auditoriumean proiektatuko duten Five Seasons: The Gardens of Piet Oudolf dokumentala aurkezten.

Nola azalduko zenuke zure lana?

Paisajista naiz, paisaia diseinatzailea. Batzuetan, egunak igarotzen ditut batetik bestera bidaiatzen, bezeroekin elkartzeko. Bestetan, inguruak behatzen ditut. Hala ere, nire lana ez da kanpoan egiten dudana soilik, oso praktikoa da: diseinatu egin behar da, ondo prestatu, eta, landatu ondoren, lorategiak zaindu egin behar dira.

Zer da paisajista izatea?

Niretzat, paisajista arkitektoa da, paisaia bera arkitektura delako. Ez nuke esango landareen inguruko gauza bat denik, arkitektura lan bat baizik. Alegia, eraiki egin behar da, eraikuntzak egin behar dira, eta, horretarako, landareen inguruko jakintza behar da. Paisajista batek landareak ezagutu behar ditu, horiek direlako eraikuntza materiala.

Zer moduz egin zenuen lan Txillida Lekun, artelanen artean?

Aldendu egin nintzen artetik, eskulturetatik; ez nuen haiekin lehiatzeko inolako asmorik. Nolabaiteko edertasuna gehitu nahi nion periferiari, arteak horrenbesteko garrantzirik hartzen ez duen inguruari.

Inguru iradokitzailea da lanerako?

Asko gustatu zait Txillidaren lana. Lekuan bertan zaudenean, nabaritzen duzu hori, sentitzen duzu zerbait, eta horrek pizten dizu barrena lanean ari zarenean.

Euskal Herriko paisaiek eman dizute arreta?

Deigarria egin zitzaidan zein berdea den dena. Ingurura begiratu, eta dena da berdea. Europa hegoaldean, ez da edonon topatzen horrelako paisaiarik. Lanerako aukera asko ireki zizkidan horrek.

Lanean aldatu zaizu naturari begiratzeko modua?

Ni lorategiak diseinatzen egin nintzen paisajista. Lorategi bat izan daiteke paisaia, baina lorategi arruntak bereziak dira, eta, normalean, ez dute zerikusirik paisaiekin. Oso pertsonalak dira, apaingarriak. Ez da gauza bera lorategiak diseinatzea eta paisaiak diseinatzea. Halere, ni lorategi diseinatzailea ere izan naiteke agian. Paisaiak sortzen ditut, baina lorategiak dira oraindik.

Naturarekin jolasten duzu lanean.

Baina nik ez dut natura sortzen. Nik lorategiak sortzen ditut. Lorategi arruntak baino basatiagoak eta berezkoagoak diren lorategiak.

Eta zer da natura zuretzat?

Natura inspirazioa da, eta landareak bidea dira. Horrekin lan egin behar dugu. Orokorrean, saiatzen gara lorategi espontaneoak sortzen, basatiago irudikatzen, eta lorategi tradizionaletan erabiltzen ez diren landare batzuk erabiltzen.

Lehen begi kolpean ederra ez den horren edertasuna aldarrikatzen duzu?

Ez da aldarrikapen bat. Artean edo sorkuntzan aritzen den pertsona bakoitzak modu batean begiratzen dio erabiltzen duen materialari. Nik ez diot paisaia baten kanpoaldeari begiratzen, orokortasunari; begiratzen diet landareei, ikusten dut nola alda daitezkeen urtaroak pasatu ahala.

Denborak aldatzen du zure lana.

Batzuetan, jendeak pentsatzen du zimelduta dauden landareak ezin direla ederrak izan. Udazkenean badago halako beheraldi bat naturan, eta hori nabarmena da landareetan. Asko ikasten duzu lehen begiratuan ederrak ez diruditen landareetatik. Jendeak landareetan pentsatzen duenean, loreetan pentsatzen du. Nik landareetan pentsatzen dudanean, urtaroetan pentsatzen dut. Zer egin dezake landare batek urtaro bakoitzean? Lorea ederra da ihartzean ere.

Edertasuna edonon topa daiteke?

Baita zeure buruarengan ere, saiatuz gero. Hala ere, 40 urtez lorategiekin lanean aritu baldin bazara, begirada aldatzen zaizu. Zaletasunagatik egiten duenak beste modu batean ikusiko du edertasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.