ATZEKOZ AURRERA. Jon Etxekopar. Xiberoots taldeko kantari eta musikaria

«Lehen saioak irudi zuen haurtzaindegi batena»

Xiberoots taldeak kontzertuak eman ondotik ditu ateratzen diskoak. Arnasa bezain berezkoa zaio musika Etxekoparri, eta kutsatzeko gaitasuna du.

GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
2020ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Musika jotzera taula gainera igoaraz dezake musikaria ez den nornahi. Gaitasun hori du Jon Etxekopar Xiberoots taldeko kantariak (Gotaine-Irabarne, Zuberoa, 1989). Musikaren mareak harrapatzen du beregana hurbiltzen den oro: ezerezetik bigarren diskoaren xendran baitaude jada musikari ez ziren musikariak. Bihar arratsean joko dute, Urruñako Xaia ostatuan (Lapurdi).

Jon? Raul? Nola deituko zaitut?

Jon; Jon da ene izena!Raul lagunek eman didaten izena da, arrailerian. Orain, El Pulpo ere deitzen naute: ileengatik. Kur-kur.

Taldearen izena, Xiberoots, nondik norat?

Pette Saragoien taldekide eta lagunak zuen atzeman. Biltzen ditu bere baitan: Xiberoa, erroak ingelesez roots, eta, roots Jamaikako reggae musika estiloa ere bai.

Xiberootsek non ditu sustraiak?

Jordirekin [Foucher] beste talde batean ari ginen, Jose Replayen, bainaenbeia ukan genuen guhauren taldea sortzeko. Hala, lagun zenbait bildu ginen, ez baitezpada musikariak: lehen saioak irudi zuen haurtzaindegi batena! Kur-kur. Erakutsi genien gitarra pixka bat jotzen kanapearen gainean, lasai, ezagutzen ez zutenentzat reggaea maitatzen... Hola hasi ginen a cappella kantu batzuk reggae akordeekin eta bozekin arramoldatzen. Emeki-emeki handitu da, hitzak ere hasi ginen idazten, Manimoi, adibidez.

Maule Muffin diskoa atera zenuten arte.

Errepikak egiten hasi ginen, eta zazpi-zortzi kanturekin jada hasi zitzaizkigun deika kontzertuak emateko. Hola hasi ginen prest izan gabe kontzertuak ematen! Horrek motibatu gintuen gehiago entseatzeko, eta, emeki-emeki, hola gara trebatu. Hiruzpalau urtez kontzertuak eman ondotik, diskoa jalgi genuen. Ez dugu besteek bezala egin: lehenik diskoa eta gero kontzertuak. Baina ez ote da hobe errepikarik gabe ematea, errepikatu bai baina kontzerturik ez ukaitea baino?

Euskal Herria, Zuberoa, Maule... Nongoak zareten argi duzue.

Bai, funtsean kontent baikara hemen bizitzeaz eta erakusteaz. Erakutsi nahi dugu Euskal Herriaren parte garela. Ez dugu nahi kantatu ingelesez edo frantsesez, hemengoak baikara. Gutariko bi zuberotarrak ez izanagatik hemen bizi dira kontent, kultura maite dute.

Geroztik ere kantu berria eta bere bideoklipa atera dituzue: Eia.

Epherra ikastolaren 40. urtebetetzea kari diskoa atera behar zutenez, proiektuan parte hartzera deitu gintuzten. Haurrek parte hartzeko parada ikusi genuen. G7aren kontrako kantua eta bideoklipa ere atera genituen: Flashball, Frantziako Poliziaren arma. Jordi jin baitzen etxerat gaiaz kantu bat egiteko ideiarekin, nik bizpahiru hitz idatzi, eta Pette Etxebarria ere motibatua zenez, bideoklipa egiteko, atera genuen.

Bigarren diskorik jalgitzekotan?

Preseski, pausa bat eginen dugu kantu berri zenbaiten sortzeko. Musikalki denok hobetzen ari baikara. Plazer handia da aldatzea ere. Aldi honetan ez dugu kanturik arramoldatu, gure konposizioak izanen dira denak, nik idatziak. Nahiko genuke udarako kontzertu berria prest izan dadin, eta ondotik diskoa atera. Guk maite dugu egiten ari garena, pentsatzen dut jendeak ere hala eginen duela.

Zuen hitzek zer mezu daramate?

Ez dira zentzurik gabekoak: preso politikoez kantu eder bat izanen da, etorkinez... Musika egitea jadanik ongi da plazer hartzeko, baina kantuek beraien zentzua izanen dute.

Publikoa oso zabala duzue, adin orotako zaleak dituzue.

Amatxi zenbaitek maite dute, bai haien arra haurrek ere! Guk gurea egiten dugu, eta hainbat hobe jendeak maite badu! Plazera da publikoaren erantzun hori ikustea.

R dardarkaria ahoskatzen duzu, zergatik ez frantses guturala?

Bere sonoritatea maite baitut, eta horren gainean jokatzea. Lehengo hemengo euskara ere holakoa baitzen, eta haiek bezala egiteko da. Idaztean kasu ematen dut sonoritateari, hitzak bata bestearen gibeletik erraten baitira zalu-zalu. Maite ditugun reggae edo hip-hop taldeek egiten dutenaz ahal bezainbat hurrantzen gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.