ATZEKOZ AURRERA. Idoia Gillenea eta Xavi Perez. Bereko Bentako jabeak

«Helburua da hemen bizitzea bertakoekin saretuz»

Gilleneak eta Perezek labea berriz piztu dute Izpegiko Bereko benta zaharberrituan. Bertaratzen den orok Mediterraneoko ukitua dastatuko du.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Ainize Madariaga
2020ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Izen beraren pean historia berria hasi dira idazten Idoia Gillenea (Bera, Nafarroa, 1976) eta Xavi Perez (Vilafranca del Penedes, Herrialde Katalanak, 1973). Hogei urtez hetsia egon ondoren, Izpegiko (Erratzu, Nafarroa) Bereko Bentak ostera ere uzten dio argiari eta jendeari bere barrurat sartzen. Bata ziklista, bertzea musikari eta sukaldaria: usaiaz kanpokoa da Hauzak bere magalean aterpetzen duen benta hori: ez baitu tabakoa eta alkohola saltzea xede, baizik eta bertakoa eta kalitatezkoa, Mediterraneoko kutsu batekin, eta kulturaren saltsan.

Aspaldian lo zegoen piztia berpiztu duzue. Zergatik? Nolaz?

IDOIA GILLENEA: Aspalditik bizikletaz ibiltzen naiz, askatasuna ematen baitit. Hemendik pasatzean, lekuaz maitemindu nintzen. Benta itxia ikusteak nire piztia ernatu zidan. Izan ditudan mendiko ostalaritzako esperientziek bultzatu naute Baztanen, mendian, nire bizimodua sortzen saiatzera. Bi urte zail izan dira martxan ezarri arte.

XAVI PEREZ: Bikote proiektu pertsonalerako arras polita eta egingarria ikusten genuen aspaldi zerratua zen benta berriz martxan ezartzea, eta zahartzarora iristea Izpegiren gisako ametsetako paisaian.

Benta Xabi eta Peioz gain, badea bertzerik: Bent-Eroak?

I.G.: Nahiko eroak, bai! Kur-kur. Hasmentan jendeak ez zuen gugan konfiantzarik, baina, behin emaitza ikusita, bertze historia bat da.

Zu, Xabi, musikaria zara. Musikak ba ote du mugarik?

X.P.: 30 urte daramatzat baxua jotzen, Katalunian Inadaptats taldean ari nintzen. Adierazpidea den aldetik ez du inolako mugarik, ez.

Bentak beti izan dira kontrabando lekuak. Baina atipikoa da zuena, ez baituzue alkohola eta tabakoa saltzetik bizi nahi.

I.G.: Tabakorik ez dugu salduko; bai, ordea, kartan dauden arno eta kontserbak, zeinetan baitaude Kataluniatik ekarriak ere. Denda arras ttipia da. Gure helburua da jatetxe antzeko bat egitea, leku polit eta goxoan momentu on bat pasatzeko. Eta nahi dugu jendeak gozatzea guk maite ditugun produktuekin.

Kontzerturik antolatuko duzue?

I.G.: Bai, baina pixka bat geroago izanen da hori; bentak bere martxa hartu eta ondoan. Ideia dugu kontzertu bermutak edo arratsaldepasakoak izanen direla. Hasmentan inguruko musikariak ekarraraziko ditugu.

Erakusketarik?

I.G.: Proposamen orori irekiak gara.

Euskal Herriaren mugen barneko janaria zerbitzatzen duzue?

X.P.: Ahal den tokikoena eta zero kilometrokoa.

Mugaldetik Euskal Herrira ekarri duzue Bereko Benta?

X.P.: Katalunian ere berdin gaude, inposatutako mugekin. Baigorri eta Erratzuko jendearekin berdin harremanetan naiz: ez da muga linguistikorik guretzat. Gastronomikoki espero dut Euskal Herri osoko jendeari gustatuko zaiola. Ni euskaldun berria eta belarriprest naiz.

I.G.: Hau topalekua izatea nahi dugu. Helburua da hemen bizitzea hemengoekin saretuz, ingurua bizirik mantentzeko.

Euskal Herritik Kataluniaraino hedatzen zarete.

X.P.: Entseatzen gara Mediterraneoko nire kultura ere ekartzen: cava, arrozak, alioli saltsa... Bertako platerekin ere esperimentatu nahi dugu gure sukaldari artistarekin. Adibidez, arkumea txilindronean. Ez baitugu nahi tokiko platerak gal daitezen.

I.G.: Betiko plater konbinatuak eskaintzen ditugu, baita bereziak ere. Bildotsa, enkarguz, oso haragi on ekologikoa lortu baitugu.

Kanpokoei ala etxekoei so zarete?

X.P.: Bertan obretan egon naizen zortzi hilabeteetan ikusi dut udan pasatzen diren gehienak turistak direla. Datozenen %80 Frantziatik heldu dira. Bertzeak, Alemania, Herbehereak, Espainia eta Kataluniatik. Ez dugu bereziki turistentzako lan egin nahi. Nahi dugu jendea etor dadin gozatzera guneaz, apainketaz eta, batez ere, gastronomiaz.

I.G.: Nik uste dut neguan hemengo jendea dela, eta udan, kanpokoa. Guri igual zaigu: estimatzen badute gure bazkaria, ongi etorri!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.