TXAPELA BURUAN. Jone Igartua. Argentinan bizi den bergararra

«Herrimina daukadanean, euskal etxeak ondo datoz»

Ikastera joan zen, baina euskara irakasle ere ari da Argentinan. Sobera maite ez zuen matea edaten ikasi du han, baina, batez ere, bakarrik bidaiatzen. Hango euskal sentimenduak hunkitu du gehien.

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Jone Igartua (Bergara, Gipuzkoa, 1999) Euskal Filologiako ikaslea da, eta hirugarren urtean atzerrira joateko aukera izan du. La Platan dago uztailaz geroztik, Argentinan. Euskal diasporak erakarri zuen bertara, eta, azkenean, euskara eskolak ematen bukatu du han.

Zerk eraman zaitu Argentinara?

Argentina lehenengo aukera gisa nuen, banekielako hemen euskal etxe asko zeudela eta harreman estua zutela Euskal Herriarekin. Irakurtzen aritu nintzen, eta alde hori interesatzen zitzaidan. Bigarren aukera Txile zen. Seguru nengoen Latinoamerikara etorri nahi nuela. Ez nuen ingelesez bizi nahi.

Zer da lehenbiziko kolpean ezustean harrapatu zintuena?

Segituan joan nintzen euskal etxera, eta hunkitu egin nintzen: ikustea zelan bizi duten hemen euskal kultura, eta ikustea argentinarrak euskaraz berbetan, niretzat hunkigarria izan zen. Ezin nuen sinetsi. Gutako asko baino euskaldunagoak dira. Banekien bazeudela euskal etxeak, bazegoela sentimendu hori, baina uste nuen gehiago zela dantzekin eta. Oso polita izan zen.

Asko joaten zara euskal etxera?

Euskara eskolak ematen ditut hemen; irakaslea naiz unibertsitatean. Ikasgaiak baliozkotzea zaila da. Bi ezin nituen eman, urte osokoak zirelako; beraz, eskola horiekin baliozkotzen ditut.

Zer moduzko esperientzia da han euskara eskolak ematea?

Oso-oso polita; hemen gehien aberasten nauen gauza dela uste dut. Sekulakoa da ikustea zelan ikasten ari diren euskaraz, haien arbasoak euskaldunak zirelako eta euren izaera oso sendo sentitzen dutelako. Sekulako jakin-mina dute gure kultura ulertzeko, eta, horretarako, hizkuntza ulertu nahi dute.

Herrimina baretzeko balio dizu euskal etxeak?

Bai, pila bat. Necochean [Argentina] sansebastianak ospatzen dituzte. Joan nintzen, eta sagardotegia ere muntatu zuten! Etxean bezala: bakailao tortilla, pintxoak, euskal musika... Beraz, herrimina daukadanean, horrelakoak ondo datoz.

Zeren falta sumatzen duzu?

Uste nuen baino gutxiago. Familia eta lagunak, herriko giroa bai, baina hori beti hor daukazu. Beste bizitza bat dut. Urtebete aprobetxatu behar da, ezin naiz hara begira egon.

Zeren falta uste duzu sumatuko duzula itzultzen zarenean?

Denarena, uste dut. Hemen egunero dut zerbait berria. Ez nuen uste gai nintzenik Euskal Herritik ateratzeko; oso Bergarakoa naiz. Bergara ez dut lagatzen ezta... Kostatzen zait Gasteizen egotea, pentsa. Baina hemen ez: jende berria ezagutzen dut, hamalau lagunekin bizi naiz...

Ohitu zara matea edatera?

Bai, gaur gosaldu dut. Hasieran, ez, oso txarra zegoen, baina ohitu naiz.

Orain, koronabirusarekin, kasu eman beharko duzue, ezta?

Ez dute neurririk hartu, ez, ez. Kutsatzeko aukera asko daude. Oso kontraesanezkoa da: denak etxean bakartuta, baina denak mate beretik edaten. Gauza oso kulturala da. Zaporeagatik baino gehiago, zeozer soziala delako hartzen dela uste dut.

Nola daramazu argentinarren umorea?

Oso ondo. Asko egiten dute barre euren buruaz; umore beltza dute, eta asko gustatzen zait. Gutxien gustatzen zaidana da asko hitz egiten dutela. Harrigarria da, gai dira hitz egiteko baina ezer ez esateko: chamullar esaten diote horri.

Cumbiarekin zer moduz?

Ez dut asko entzuten, baina bai, gustatzen zait. Nahiago dut hango reggaeton txarra baino.

Asado (erreki bazkaria) baten batera huts egin duzu?

Asteburuero ditut. Ez dute arraina jaten, eta ni oso ohituta nago...

Zer irakasbide atera duzu han?

Hain handia da, Europa guztia dagoela Argentinan sartuta. Ikasi dut bakarrik bidaiatzen. Sekula ez nuen egin, eta hori da nire bizitzan egin dudan onena: bakarrik bidaiatzea. Jendea ezagutzen eta hain itxia ez izaten ere ikasi dut.

Aberatsa kulturan, ez hainbeste diru kontuetan?

Egoera oso gaizki dago. Euro bat 90 peso inguru dira. Miseria dago. Igartzen da egoera; hemengo jendeak geroz eta gehiago begiratzen du zertan gastatu eta zertan ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.