TXAPELA BURUAN. Paula Belzunegi. Suitzan bizi den iruindarra

«Basileako irakasleek izugarrizko maila dute»

Paula Belzunegi piano jotzaileak bi urte daramatza Basilean bizitzen (Suitza). Hango giroa maite du, Europako metropoli handien parean bizimodu «lasaiagoa eta erosoagoa» eskaintzen duelako.

BERRIA.
Ion Orzaiz.
2020ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Piano teklei helduta joan zen atzerrira Paula Belzunegi (Iruñea, 1996): Londresera lehenbizi, eta Suitzara gero. Han bizi da oraindik, Basilea hirian, graduondoko ikasketak bukatu arte.

Musika ikasketek eraman zintuzten Euskal Herritik kanpora. Hasieratik argi izan zenuen atzerrira joan beharko zenuela?

Bai. Iruñean egin nituen erdiko mailako piano ikasketak, Jan Maarten Van der Mark irakaslearekin, eta, horiek bukatuta, Londresera joan nintzen goi mailakoak egitera. Lau urte egin nituen Royal College of Music kontserbatorioan, titulua lortu arte, eta, horren ostean, master bat egin behar nuen. Basilea hautatu nuen horretarako.

Bi urte daramatzazu han...

Bai, eta oso gustura bizi naiz. Ez naiz damu Suitza aukeratu izanaz.

Aldaketa handia izan al da zuretzat?

Ez. Egia esan, Suitzako bizimoduak gogora ekartzen dit Euskal Herrian bizitakoa. Batez ere, Londresen gisako hiri handi baten aldean: han, ordubete behar nuen etxetik kontserbatoriora joateko soilik; Basilean, berriz, bizikleta hartu, eta, bost minututan eskolan nago. Giro lasaiagoa nabari da.

Kultur eskaintzan antzeman al zenuen alderik?

Londresek bazuen bizitza kultural ezin oparoagoa, baina ez pentsa Basilea atzean gelditzen denik. Hiri txikia izanagatik, kultur giro aberatsa dauka. Ikasle ugari daude, eta horrek bizitasuna ematen dio.

Akademikoki, zer eman dizu Basileak urte hauetan?

Batetik, irakasleek itzelezko maila dute. Orokorrean, oso maila altua, eta garrantzi handia ematen diote ganbera musikari. Arlo horretan, aurrerapauso handiak eman ditut Adrian Oetiker eta Anton Kernjak irakasleei esker. Bestalde, hainbat taldetan jotzeko aukera izan dut, eta horrek ere aberastu nau.

Suitzan lau hizkuntza ofizial dituzte. Nola moldatzen zara?

Ingelesez, gehienbat. Alemana ikasten hasia naiz, eta gai naiz apur bat hitz egiteko, baina ez testuinguru akademikoan. Horretarako, nahiago dut ingelesa. Hala ere, ikasten ari naiz. Heldu den urtean, zenbait ikasgai emanen dizkidate alemanez, eta ordurako gai izan nahi dut hizkuntza horretan ere moldatzeko. Ikasleen artean gaztelania ere aditzen da, Espainiako gazte asko daudelako han. Eta baita Iruñeko batzuk ere.

Suitzarrak hotz samarrak direla esaten da, baina, topikoaz harago, nolakoa da tratu pertsonala?

Ez naiz ni pertsona egokiena galdera horri erantzuteko, hemengo gutxi ezagutzen ditudalako. Nire piano irakaslea suitzarra da, ezin adeitsuagoa, eta edozein estereotipotik at dago. Gainerakoan, kontserbatorioko giroagatik eta eguneroko lan erritmoagatik, mundu osoko jendearekin dut harremana, eta ez hainbeste Basileako herritarrekin.

Suitzan, gutxieneko soldata ez dago ofizialki onartua, baina lan itun askotan 3.000 eta 4.000 euro artean ezarri dute. Neurri berean, bizitzaren kostua oso altua da. Nola moldatzen zara diruarekin?

Erosketak egitea izugarri garestia da Suitzan, bai, baina ez pentsa Iruñean askoz merkeagoa denik. Andaluziatik etorritako ikasleek, adibidez, nafarrok baino askoz gehiago nabaritzen dute aldea. Hala ere, Basilean bizitzeak badu abantaila bat: Suitzako iparraldeko mugan egonda, ondo-ondoan ditugu bai Frantzia, bai Alemania. Hortaz, gertu dauden Frantziako eta Alemaniako herrietara joaten gara erosketak egitera.

Zer asmo duzu datozen hilabete eta urteetarako?

Maiatzean nuen masterraren bukaerako emanaldia, baina, COVID-19aren ondorioz, bertan behera gelditu zen. Irailera mugitu dute. Horren ostean, nire asmoa da Basilean beste pare bat urtez segitzea, Pedagogia master bat egiten. Etorkizunari begira, gustatuko litzaidake kontzertuak eta irakaskuntza uztartzea. Ahal bada, Iruñean edo Euskal Herriko beste edozein herritan, baina etxetik gertu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.