TXAPELA BURUAN. Itsaso Velez del Burgo. Gasteiztar bat, Kongoko Errepublika Demokratikoan

«Txinpantze umezurtzek duten aukera bakarra gara»

Lwiroko primateen errehabilitaziorako zentroko zuzendari teknikoa da Velez del Burgo: «Naturan txinpantzeek bizirik irautea bermatu behar dugu».

BERRIA.
Iker Tubia.
2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Etologoa izan nahi zuen Itsaso Velez del Burgok (Gasteiz, 1984), baina ez zuten ongi bideratu, eta Ingurumen Zientziak ikasi zituen. Primatologia masterra eginda, Mexikon eta Ginean izan zen lanean, eta orain Lwiron bizi da, Kongoko Errepublika Demokratikoan, primateen errehabilitaziorako zentroan aritzen baita.

Nolatan joan zinen Kongora?

Doktoretza hasi aurretik nire tutoreak babesleku batean esperientzia hartzeko gomendatu zidan. Carmen Vidal hemengo zentroko zuzendari ohia ezagutu nuen, eta hartu egin ninduen. Zoritxarrez, gaixotasun larri batengatik alde egin behar izan zuen. Sei hilerako etorri nintzen, eta sei urte daramatzat.

Nolakoa da zuen zentroa?

Animalia umezurtzentzako zentroa da. Hemen arazo bat dago basabere haragiarekin: ehiztariek animalia helduak hiltzen dituzte haragitarako, eta haien kumeak saltzen dituzte, horrela diru gehiago irabaziko dutelakoan. Hemen, 92 txinpantze, 105 tximu eta loro grisak ditugu.

Egunerokoan, zein izaten da zuen zeregina?

Batez ere, animaliak behatzen ditugu eta jaten ematen diegu.

Animaliak naturara itzultzea da zuen helburua?

Posible denean, hori da azken helburua. Prozesu luzea da, bost edo hamar urtekoa, eta burutu daitekeela segurtatu behar izaten dugu. Oraingoz, talde txikiak sartu ditugu, edo lehendik zeudenetan indibiduo berriak gehitu. Gure ideia da 40 txinpantzeko familia bat sartzea, batera, txinpantze basekin elkartuz gero, defendatzeko aukera izan dezaten.

Bestela arazoak izan ditzakete?

Askotan, sartze horiek huts egiten dute, txinpantze basek hil egiten dituztelako, batez ere arrak. Onena da orain txinpantzerik ez dagoen baina garai batean egon ziren tokietan egitea sartzeak. Gerokoa prozesu zail eta luzea da: sartzea modua suabean egiten dugu. Txinpantzeak oso inteligenteak dira, amarekin eta familiarekin gauza asko ikasten dituzte, baina hemen ditugunak umezurtz dira; beraz, gauza horiek ikasi behar dituzte. Txinpantzeak naturan bizirik iraungo dutela bermatzea da gure lana.

Nola sartzen dituzue berriz naturara modu suabean?

Lehenbizi, itxita daude, eta, hor,ohitu egiten dira. Ondoren, basoa erakusten diegu. Hasieran, zaintzaileak dituzte fruta arbolak eta landareak erakusteko, baita izan ditzaketen arriskuak ere. Errazagoa da prozesua emeekin hastea, eta gero haiek irakasten diete besteei.

Zer arazo izan ditzakezue?

Askatasunaren eta oihanaren irudi bukoliko bat dugu, baina ez da hala. Batzuk izutu egiten dira oihanean, eta kontent bizi dira babeslekuan. Horregatik, itzuli nahi duten txinpantzeak hemen gera daitezke.

Eta nola lortzen duzue txinpantze horiek zuenera ailegatzea?

Guk ezin ditugu konfiskatu, Poliziak arduratu behar du. Informazioa jaso ohi dugu, eta, gero, konfiskazio lana babesten dugu logistikoki eta ekonomikoki. Pentsa, askotan hegazkinez ekarri behar izaten dituzte.

Nola ailegatzen dira zuenera?

Traumatizatuta eta fisikoki indarge, gaixo eta deshidratatuta. Nire lanaren alderik onena da ikustea zaintzarekin, maitasunarekin eta elikadura onarekin nola bueltatzen diren berriro txinpantze izatera.

Zuretzat bereziak dira zentroan dituzuen txinpantzeak?

Ezagutzen dituzunean, bakoitzak balio du, bakoitza bada nor. Nork bere izaera du, eta berezia da; gugandik hain gertu daudenez, lotura berezia sortzen da. Gu gara umezurtz hauek duten aukera bakarra.

Nolakoa da egunerokoa Kongon?

Bukavu hiritik 47 kilometrora dagoen landa eremuko herria da Lwiro. Hemen bizitza sinplea eta lasaia da: batez ere, lan egiten dugu, ez baitago askorik egiteko. Gehienez ere, ostatuan garagardo bat hartu edo hiriko jatetxe batera joan. Baina izan ditugu garai okerragoak.

Zer gertatu da?

Gauean tiro hotsekin esnatzea ez da atsegina. Lehen gaizkile armatuak deitzen dituztenak ibiltzen ziren etxeetan lapurtzen. Herriko jendea antolatu zen, ez baitago poliziarik, eta azken urtea lasaia izan da.

Han geratzeko asmoa duzu?

Oraingoz, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.