TXAPELA BURUAN. Eli Guruzeaga. Irlandan bizi den hernaniarra

«Hasieratik etxean bezala sentitu naiz Killarneyn»

Kerryko konderrian dagoen Killarney herrian bizi da Eli Guruzeaga, 2003tik. Urteetan bidaiaria eta motozalea izan arren, erroak bota ditu Irlandan.

ELI GURUZEAGA / BERRIA.
Ion Orzaiz.
2020ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Ingelesa ikasteko joan zen, baina bizimodu berri bat aurkitu zuen han. Eli Guruzeagak (Hernani, Gipuzkoa, 1977) hamazazpi urte daramatza Killarney herrian, Irlandako hego-mendebaldean. Hangoa du familia ere: Matt O'Leary senarra eta bi semeak. Euskal Herriaren eta Irlandaren arteko «lotura politiko eta kulturalez harago», bizitzeko toki «ederra eta lasaia» topatu du han.

Zergatik joan zinen?

Nire asmoa zen ingelesa ikastea. Kerryko konderria ezagutzen nuen lehendik ere, zenbait urte lehenago egona bainintzen Cork hirian. Bidaia hartan, Killarney bisitatu nuen, eta izugarri gustatu zitzaidan. Hortaz, 2003an, bigarrenez Irlandara etorri nintzenean, hara abiatu nintzen zuzenean.

Ingelesa ikasteko helburua beteta, ordea, han gelditzea erabaki zenuen. Zer aurkitu zenuen?

Argi dago betidanik egon dela lotura bat euskaldunon eta irlandarren artean. Lilura moduko bat. Izan daiteke politikoa, izan daiteke kulturala edo beste era batekoa... Ni neu etxean bezala sentitu naiz hasieratik. Ez dakit nola azaldu, baina giroak erakarri ninduen: nik behar nuen Hernanitik atera, deskonektatu, eta Irlandak eman zidan beste lasaitasun bat.

Familia berria sortu duzu han ere...

Bai. Ingeles eskolak jasotzen nituen bitartean, taberna batean egiten nuen lan, eta han ezagutu nuen Matt, orain nire senarra dena. Hasierako plana zen handik Dingle herrira eta landa eremuko beste toki batzuetara mugitzea, irish edo irlandera ikasteko, baina, azkenerako, Mattekin ateratzen hasi, eta Killarneyn bota nituen erroak.

Nolakoa da Killarney?

Ez da oso handia, ezta oso txikia ere. Biztanle kopuruari dagokionez, Hernani baino apur bat txikixeagoa [14.000 biztanle inguru ditu], baina oso bestelako itxura du: hirigunea oso-oso txikia da, eta biztanle gehienak handik kanpo bizi dira, landaguneetan.

Euskal Herrian Irlandarekiko lilura dagoela diozu. Irlandarren artean ere antzeko lilura bat antzeman duzu?

Kerryko biztanleen artean, ez. Ezustea hartu nuen horrekin: hemengo jende askok ez daki deus ere Euskal Herriaz. Nire senarrak berak ere, hasieran, ez zuen ideia handirik. Interesa dutenak eta gehiago dakitenak Ipar Irlandakoak dira, eta, hein batean, baita Irlandako beste probintzia batzuetakoak ere. Kerry nahiko berezia da alde horretatik: landa giroko probintzia bat da, eta hemengo jendeak, oso jatorra eta atsegina izan arren, ohitura du bere arazoei bakarrik erreparatzeko. Badute harrotasun puntu bat, baita Irlandako beste eskualdeekiko ere.

Nola eragin dizue COVID-19aren itxialdiak?

Zuek Euskal Herrian baino lasaiago ibili gara. Hain zuzen, Hernanin izan nintzen martxoaren 5eko astean, amaren eta bion urtebetetzea ospatzen, eta kezka apur bat nabari zen; ez zegoen argi zer zetorren.Ni Irlandara bueltatu eta berehala ezarri zuen Espainiako Gobernuak itxialdia, baina Killarneyn nahiko lasai ibili ginen egun horietan. Geroago, Dublingo gobernuak ere lockdown agindua eman zuen, baina ez zen Euskal Herrikoa bezain gogorra izan: hemen aukera genuen etxetik bi kilometroraino ateratzeko; gero, bost kilometrora zabaldu zuten muga; eta orain hogei kilometroko eremuan mugi gaitezke. Egoera bestelakoa izan da Dublinen, adibidez. Hiri handietan neurri zorrotzagoak ezarri dituzte, baina, mendialdean, ia ezinezkoa da kontrolatzea jendea etxean gelditzen dela. Bestalde, izurriaren eragina ez da oso handia izan hemen: 310 positibo izan ditugu Kerryko konderrian, eta hildako bakar bat ere ez.

Amerika motorrean zeharkatu zenuen 2004an. Ez duzu bizimodu ibiltari horren falta sumatzen?

Aspaldiko kontua da hori, bai. Matt motozalea izan da betidanik, eta hari bururatu zitzaion Alaskatik Argentinaraino joan nahi zuela motorrean. Polita izan zen, baina, egun, haurrekin eta, ez dut neure burua horrelako abentura batean ikusten. Motorrean ez, behintzat. Karabana batean, agian.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.