ATZEKOZ AURRERA. Ainara Ibañez. 'Dudu' panpinen egilea

«Haurtzaroa berreskuratu beharko genuke»

Panpinak ez dira soilik haurren kontua, Ibañezen arabera. Eskuz egiten dituen 'dudu'-ekin ekarpena egin nahi du: kolorea eta alaitasuna. «Amaitu arte ez dut jakiten nolakoa izango den 'dudu'-a».

ANBOTO.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Kolore bizikoak, inperfektuak, begi zabal eta bigunekoak. Halakoak dira dudu-ak. Ainara Ibañezek eskuz egiten ditu panpina horiek (Iruñea, 1981). Euskara teknikaria da, baina denbora duenean panpinak jostea maite du. Bere mundu magikoa berrogeita bost izakitxok osatzen dute, eta sarean eskura daitezke: mundubatdu2du.wordpress.com.

Dudu-a niniendako panpina da?

Ez, tira, adin guztietako jendeak eskatzen dizkit. Haurtzaroarekin lotzen ditugu, baina helduei gustatzen zaigu horrelako maskotak edo panpinak izatea; ez niri bakarrik, e.

Interneten doudou bilatuz gero, niniendako direla diote.

Ez dut hala uste; agian oso umea naiz, baina asko gustatzen zaizkit.

Nola hasi zinen dudu-ak egiten?

Erroman panpinak egiten zituen neska bat ezagutu nuen, eta horiek bezalakoak egin nahi nituen. Lankide batek liburu bat utzi zidan, panpinak egiteko patroiekin. Doudou hitza ageri zen, frantsesez, eta nik euskaraz idatzi nuen: dudu.

Gogoan duzu lehenbiziko proba?

Lehenengoa eskuz josi nuen, eta ez nintzen konforme gelditu, oihala zurrunegia zelako. Nire kabuz ikasi dut makinarekin josten, eta horrela askoz hobeto geratzen dira. Amak txikitan erakutsi zidan apur bat josten, baina tolestura bat egiteko.

Panpinekin mundu oso bat sortu duzu. Inportantea zen hori?

Hasi nintzenean ez neukan ideia hori buruan: bat egin nuen, gero beste bat... Gustatzen zitzaidan nola gelditu ziren, eta jarraitu nuen. Azkenean 45 modelo egin ditut.

Zer dira dudu-ak zuretzat? Zer da mundu hau?

Alderdi alaia eta umoretsua dut. Iruditzen zait gauza txar asko ikusten dugula inguruan, pesimismo handia dago, eta ekarpentxoa egin nahi nuen zerbait alaia eginda, kolore biziak erabiltzen ditut eta. Dudu inperfektuak egiten ditut: begi okerrak, belarri bat bestea baino luzeagoa... sare sozialetan saltzen zaigun perfekzio horretatik ihes eginez. Sexu aldetik ere, ez nituen sailkatu nahi. Deskribapenak gaztelaniara edo frantsesera itzultzean asko pentsatu behar dut dudu-ei genero markarik ez jartzeko.

Zer behar dena sailkatzeko...

Mu deitzen den dudu bat dut, arrosa. Jendeak uste du behi bat dela, baina zezen arrosa da.

Nola sortzen zaizkizu ideiak?

Ez dakit zer daukadan buruan halako gauzak sortzeko. Hasten naiz ideia batekin eta ateratzen zait beste zerbait. Adibidez, pinguino bat egiten hasi nintzen, eta estralurtar bat sortu nuen azkenean. Amaitu arte ez dut jakiten nolakoa izango den.

Amélie filmeko ipotxa nola, zure dudu-ak ere han eta hemen ageri dira sare sozialetako argazkietan.

Txango bat egiten dudan bakoitzean, motxilan dudu bat eramaten dut, eta argazkiak ateratzen dizkiot. Dudu-ak zaintzeko jarraibideak ematen ditut, eta jendeari argazkiak bidaltzeko eskatzen diot.

Mundu honi magia emateko modua da argazkiena?

Bai, bai. Niri sekulako ilusioa egiten dit dudu bat Boisen, Kuban edo Parisen ikusteak. Fiji irletaraino ailegatu dira! Urruti iristen ari dira, eta, gainera, euskaraz.

Zer diote jarraibideek? Nola zaindu behar da dudu bat?

Orokorrean ez zaie gustatzen uretan murgiltzea, ezta toki ilunetan egotea ere. Gustatzen zaie bidaiatzea, selfie-ak egitea, pertsonen kezkak entzutea... Besarkatzea maite dute; besoak dituztenek. Baina bakoitzak bere berezitasunak ditu.

Konfinatzea tokatzen denean, konpainia egokia dira?

Niri konpainia egiten didate. Agian pentsatuko dute zoratuta nagoela, baina batzuetan hitz egiten diet. Butakan txerritxo bat izatea, ohean beste bat... Bai, gustatzen zait.

Normalean haurtzaroa baztertzen dute helduek?

Bai, eta alderdi hori berreskuratu beharko genuke. Haurtzaroa da gozatzeko garaia, gehienetan kezkarik gabekoa, umoretsua. Hori behar dugu, batez ere garai hauetan.

Merkatuetara joan eta begiratzen ibiltzea maite duzu?

Bai, asko. Artisauena sekulako lana da, eta ezin da balio duena kobratu; ez litzateke lehiakorra izango. Hala ere, geroz eta gehiago balioesten dira eskuz egindako lan originalak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.