ATZEKOZ AURRERA

Egongelako ateak, zabalik

Laba aretoa ireki dute Iruñeko Gazteluko plazan. Hilabeteetako lanen ondoren, aretoa inauguratu dute: kulturgunea, kafetegia eta denda izanen da. Musikarik ez da faltatu.

Iruñeko Laba aretoaren aurkezpena, atzo, inaugurazio ekitaldian. ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Atea irekita egon arren, hasieran leiho zabaletatik begira geratu dira tantaka ailegatu diren herritarrak. Zurez eta auzolanez eraiki dituzte harrera egiten duen barra, dendako produktuak gordetzen dituzten apalategiak eta artisten lanak goratuko dituen oholtza. Aretoaren erdian, mahaiak eta aulkiak daude: Nafarroako Gobernuak ezarritako neurriek denak jar daitezen agindu dute. Bozgorailuetatik tronpeta baten jazz doinu leuna aditu daiteke. Iruñeko egongelan, Gazteluko plazan, arkupeen azpian eta euskararen gerizpean, ateak ireki zituen atzo Laba aretoak.

Inaugurazioaren ordua iritsita, barrura sartu ziren jakin-minez bertaratutako herritarrak. Berehala agertu ziren garagardoak eta kafeak haien eskuetan; atzean liburuak zituzten, apaletan txukun paratuta. Begien aurrean oholtza, eta haren gainean bi besaulki gorri, aulki koloredun bat eta landareak. Egongela bat zen, euskaldun guziei irekia.

Bete zen aretoa; Labak sortua zuen aurretik ere jakin-mina, eta aisa sumatu zen. «Lagun batek erran zidan Laba irekiko zutela, eta bertsoak eta musika daudelako etorri naiz», azaldu zuen Fermin Txibitek, Laba garagardoa mahai gainean zuela. «Espero dut kultur eskaintza zabala egotea: musika, bertsoak... agian antzerkia ere bai». Parean zuen Nerea Eugi, aurkezpenerako gogotsu: «Jakin-mina nuen ikusteko aretoa nola geratu den eta jakiteko zer eginen duten. Espero dut euskaldunen arteko topagune ezberdin bat izatea, lagunarteko giroa aurkitzeko».

Ez ziren soilik iruindarrak Labak erakarritakoak; baziren beste herrialdeetakoak ere; tartean, Josu Gomez. Ermuko kuadrillarekin batera (Bizkaia) agertu zen. Iruñera tarteka joaten direla azaldu zuen, eta orain izanen dutela beste aitzakia bat bertaratzeko: «Espero dut Iruñearen erdialdean arnasgune bat izatea Laba, komunitate eder bat, eta hona etortzen garenerako erreferentzia gune bat, euskalduna eta askea».

«Zer da Laba?»

Azalpen bat behar zuten Laba aretoan zirenek, eta horretara igo ziren Uxue Rey eta Yasmine Khris oholtza gainera. Labako kideek umorez ekin zioten aretoaren inaugurazioari: «Zer da laba?», Khrisek. «Hori da azaltzeko zailena. Guk ere ez dakigu erantzuten», Reyk. «Nik ere ez dakit ongi zer den», onartu zuren Khrisek. Aurkezpen bat prestatzea erabaki zuten, eskolan egiten zuten bezala. Eta, hala, diapositibaz diapositiba, Laba sarea nola ehundu den azaldu zuten: bilerak, dirua biltzeko kanpaina, diseinua, auzolanak, Seismoa aurkezpen ekitaldia...

Umorez aritu ziren Labako bi kideak, hitz joko eta guzi: «Auzolabaz egin dugu», kontatu zuen ƒKhrisek. «Goiz eta arratsaldez lanean aritu garela esan dugu, baina uste dut Igor gauez ere aritu dela», ohartarazi zuen Reyk. Proiektua sortzen eta eraikitzen aritu zirenak aipatu zituzten, konfinaturik zeudenak barne, eta esker hitzak eskaini. Azkenik, Laban egin zitezkeen gauzak proposatu zituzten: adibidez, aholkuak emateko podcast bat sortu, edo Ipar Euskal Herriko bertsolariak gonbidatu eta xiLABA antolatu.

Umorearen ondotik, serioago paratzeko tenorea etorri zen. Erkuden Aldasarok eta Igor Lopez de Uraldek xehe-xehe azaldu zuten Gazteluko plazako bigarrenean zegoen apustu etxea nola bihurtu duten kultur areto. Labako bi kideek onartu zuten ez zirela profesionalak, baina, emaitza ikusirik, agerian geratu da zurgintza enpresa bat irekitzeko gai izan daitezkeela. Sekretuak ere kontatu zituzten haiek egindako oholtza gainetik: esaterako, egurra bertakoa nahi zutela, baina azkenean Galiziatik ekarri behar izan zutela.

Kafetegia eta denda dituen arren, kultur eskaintza da Laba aretoaren zutarria; beraz, kultur jarduerak ezinbestekoak ziren inaugurazio bestan. Saioa Alkaiza eta Sarai Robles arduratu ziren Ander Perezek zuzendutako bertso saioaz. Agurrean ohartarazpen bat egin zien Roblesek Labakoei: «Kartelak beti bezperan eta beti informazio eza». Alkaizak aretoaren garrantzia nabarmendu zuen: «Horren ezkertiar eta horren euskaldun, oso eder zaude Iruñea».

Bertsoen ondotik, barran hasieratik ukitu gabe ziren pintxoak eta postreak banatzen hasi ziren. Oraindik bazen oholtza gaineko azkenburukorik, hala ere: Peru Galbetek eta Xanti Etxeberriak Labako lehenbiziko kontzertua egin zuten. Abenduan behar zuen, Ibil Bediren eskutik, baina osasun neurriek bertan behera uztera behartu zituen Labakoak.

Barraren atzean lasai antzean ziren aurrerantzean Laba kafetegiko langileak izanen direnak. Garazi Loiarte da haietako bat: «Hasieran, euskaldun jendea etorriko da, baina espero dut Gazteluko plazako giroa eraldatzea eta hemen ibiltzen direnak ere etortzea». Ekitaldia ere hizpide izan zuen: «Lasai egon gara, ekitaldi xumea izan da, Laba izango denaren erakusgarri».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.