ATZEKOZ AURRERA. Isaak Erdoiza eta Nazario Diaz. Artistak

«Soinuaz ari gara ikusizko zerbaiten bidez: dantza»

Erdoizak eta Diazek 'Fuego verde' ikuskizuna egin dute, entzutearen inguruko gogoetetatik abiatuta: soinua eta dantza uztartu dituzte. Bilboko Fundicion aretoan ikusi ahalko da bihar eta etzi.

Nazario Diaz eta Isaak Erdoiza artistak, Bilboko Fundicion aretoaren harreran. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko urtarrilaren 14a
00:00
Entzun
Dantza eta soinua batzen dituen performancea, kontzertua... Hainbat diziplina nahastu dituzte Isaak Erdoiza (Abadiño, Bizkaia, 1975) eta Nazario Diaz (Linares, Espainia, 1985) artistek Fuego verde «hibrido eszenikoa» ontzeko. Bilboko Fundicion aretoak hartuko du ikuskizuna bihar eta etzi, 19:00etan.

Soinu esperimentaziozko lana da. Zertan datza, zehazki?

NAZARIO DIAZ:Fuego verde pieza Conversation pieces izeneko ikerketa batetik dator. Interesatu ginen David Toop musikologoak proposatutako soinu eta entzute kontzeptuez: ikertu zuen nola agertzen den soinua entzunezkoak ez diren arteetan, eta soinuaren izaera antzemanezinaz hitz egiten du. Oso erraza da ikusizkoa den zerbaiten garrantzia lokalizatzea, hierarkikoki. Soinua, baina, ezinegona eragiten duenaz hitz egiteko erabili ohi da. Soinuaz ari gara ikusizko zerbaiten bidez: dantza.

Diziplinak nahastu dituzue, beraz.

ISAAK ERDOIZA: Dantzatik eta performancetik nator ni, eta beste diziplina batzuetako artistekin osatu genuen lantaldea, leku hibrido batean egon ahal izateko. Kontzertu performancea da, hibrido eszenikoa: ikusten denetik harago doan iruditeria bat indartzen da soinuaren bitartez.

Nola?

ERDOIZA: Oinarrian dauden galderak dira nola entzuten dugun, zer den entzutea, zer paisaia eragiten dituen soinu mota batek edo besteak, zer gertatzen den entzuten den elementua ez denean ikusten, zer gertatzen zaion entzuten ari denari... Gironako [Katalunia] Nyamnyamen egindako egonaldian, beste elementu bat sartu zen: airea. Objektuen airea, horren irteera eta presioa, arnas sistemarekin sortzen duguna... Airearen oroitarazteko ahalmenaren bidez proposatzen dugu bidaia hori.

Beste elementu bat gorputza da, dantza. Zer toki du?

DIAZ: Soinuaren aktibatzailea da.

ERDOIZA: Dantzan, gorputza izan ohi da zentralena: hark sortzen du irudia, eta etengabe dago aktibo, zerbait egiten. Ikasi dugu gorputza zentrotik kentzen: dantzan, gorputzak sostengatzen du presentzia; Fuego verde-n, presentzia beste leku batean dago.

Zer soinu mota erabili duzue?

DIAZ: Airetik abiatu ginen; antzemanezina da, soinua bezala. Estrategiak asmatu genituen aire hori ikusgarri egiteko, biltzeko, mugatzeko, eramateko...

ERDOIZA: Zentzumen bat ulertu genuen besteekin duen loturaren arabera. Gironan, Helena Vinentekin egin genuen lan: gorra da, eta berarentzat oso garrantzitsua da bibrazioa. Beste ideia batzuk agertu ziren: entzutea ukimenaren edo entzuten ez den bibrazio baten bidez. Lanean, haptika dugu hizpide: zerbait bibrarazten da ukimenaren bidez antzemana izan dadin.

Nola garatu duzue ideia hori?

DIAZ: Momentu horretan pentsatzen hasi ginen ikusten ez den zerbaiten aukera estetikoen inguruan. Latexa erabili genuen: Maya Villot eszenografia arduradunarekin, kamiseta erdi-gardenak eta distiratsuak egin genituen. Helenak latexarekin egindako eskultura asko zituen: material hori mintz batekin lotzen zuen, eta, aldi berean, entzumen aparatuarekin.

Diozuenez, ikuskizuna soinu bodegoiz osatua dago. Zer dira, zehazki?

ERDOIZA: Dantzan trantsizioaren oztopoa dugu: material batetik bestera goaz, eta hurrengoak zentzua du aurrekotik eratortzen delako. Soinu bodegoi bakoitza autonomoa da; beraz, mugimenduak sortu ditugu. Piezak zazpi mugimendu ditu momentu honetan, bakoitza bere hasierarekin eta bukaerarekin, baina ordena horretan kokatuta daude bidaia bat sortzen dutelako.

Ordenak zer helburu du?

DIAZ: Gorputza prestatzea entzuteko. Erabakitako ordenak hipersentsibilizazioa eragiten du publikoen gorputzetan. Bukaeran, gorputza afinatu egin da, soinu eremu konkretu batzuetatik igaro delako, eta gai da aditzeko mikrosoinuak, xehetasunak, barruko eta kanpoko soinuen arteko ezberdintasuna, zeini lehen ez baitzitzaion garrantzirik ematen...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.