ATZEKOZ AURRERA. Adrian Cervetto. Euskara ikaslea

«Ez da hizkuntza zail edo errazik existitzen»

Alacantetik euskara praktikatzeko Twitter kontua sortu, eta ehunka euskaldunen babesa izan du Cervettok. Euskara ikastera ausartzen ez direnei «saiatzeko» eta «animatzeko» dei egin die.

BERRIA.
ane insausti barandiaran
2022ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Bi urte eta erdi inguru daramatza Adrian Cervettok (Alacant, Herrialde Katalanak, 1992) euskara ikasten, Alacanteko Hizkuntza Eskolan. @Alacantekoa Twitter kontua ireki zuen, euskara praktikatzeko asmoz. Konturatzerako, animo eta esker oneko mezu zaparrada jaso du bueltan. Euskaraz erantzun ditu galderak, telefonoz.

Zergatik erabaki zenuen euskara ikastea?

Unibertsitatean lan txiki bat egin nuen katalana eta euskara konparatzen, eta interesgarria iruditzen zitzaidan. Bi urte geroago, gutxi gorabehera, konturatu nintzen hizkuntza eskolan euskara ikasteko aukera zegoela, eta izena ematea erabaki nuen.

Nolakoak dira zuen euskara klaseak?

Klaseak oso interesgarriak dira, oso dinamikoak. Egia da ez garela ikaskide asko, baina klima oso dibertigarria da.

Hiru ikaskide zarete, ezta?

Oraintxe bertan bai, ikaskide batzuk mailaz igo direlako. Baina hasieran sei edo zazpi ikaskide ginen.

Noiz arte daukazu ikasteko asmoa?

Ez dakit zer mailatara arte jarraituko dudan; ikusiko dugu. Pixkanaka joan nahi dut.

Zergatik erabaki duzu Twitterren kontu bat irekitzea euskaraz?

Nire helburua praktikatzea zen, baina jarraitzaile asko ditut, eta mezu asko jaso ditut. Zelako eromena! Nire helburua da idazteko eta praktikatzeko erabiltzea kontua, ez egunero, baina astean behin edo.

Harrera beroa egin dizu txioherriak.

Bai, ez dakit zer gertatzen den. Nik hiru txio idatzi nituen... Orain mila jarraitzaile baino gehiago ditut, bi mila 'gustuko dut'...

Halakorik espero zenuen?

Ez, batere ez.

Zer idatziko duzu kontu horretan?

Egia esateko, ez dut pentsatu. Berez, nire bizitzari buruz idatzi nahi dut, eta Alacanteko gauzak kontatu nahi ditut. Baina ez daukat argi, ez nuen planik, hori inprobisatzeko asmoa neukan.

Hizkuntza zaila iruditzen zaizu euskara?

Hori galdera ona da, baina nik uste dut ez direla hizkuntza zailak edo errazak existitzen. Egia da gaztelaniarekin edo valentzierarekin konparatuz gero desberdina dela, baina zaila? Nire ustez, gaztelaniaz, adibidez, aditzak zailagoak dira euskaraz baino. Praktikatuz gero, nik uste dut euskara ez dela hain zaila.

Zer gustatzen zaizu gehien euskararengandik?

Dena. Baina, batez ere, beste kultura bat ezagutzea, musika talde berriak ezagutzea... Hizkuntzari buruz dena gustatzen zait: desberdina da, eta oso interesgarria.

Zer musika talde gustatzen zaizu bada?

[Barrez] Batez ere Oskorri. Niri musika tradizionala gustatzen zait. Baina Gatibu ere sekulakoa da, Huntza asko gustatzen zait, Zetak-en kontzertua ikusi nuen Valentzian... Talde interesgarri asko daude.

Euskarazko poesia bilduma bat ere aurkitu zenuen Alacanteko azoka batean, katalanera itzulita, eta ezin izan zenion uko egin erosteari.

Bai, arraroa da Alacanten euskarazko gauzak aurkitzea, eta zerbait aurkitzen badut erosi behar dut, bai ala bai; hori horrela da.

Euskaraz ez ezik, gazteleraz eta katalanez hitz egiten duzu, eta ingelesez pixka bat, ezta?

Bai, baina ingelesa pixka-pixka bat bakarrik. Gramatika ezagutzen dut eta kontrolatzen dut, baina hitz egitea txarto daramat.

Zer esango zenieke euskara ikastera ausartzen ez diren horiei?

Nire aholkua oso erraza da: saiatzeko eta animatzeko esango nieke. Ez dago besterik.

Euskal Herria bisitatu duzu inoiz?

Egia esan, Euskal Herrian hiru aldiz edo egon naiz, baina bidaia motzak izan dira beti. Futbol edo saskibaloi partidak ikusteko bakarrik joan izan naiz.

Orain etorri beharko duzu hainbeste jarraitzailerekin...

Bai, orain behartuta nago. Twitterren ere jende askok esan dit baita ere Alacantera datozela oporretan. Eguzkia beharrezkoa da eta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.