ATZEKOZ AURRERA. Xabi Larrea. Zirkuko artista

«Hausnartzeko eta barre egiteko bidea ireki nahi diot ikusleari»

'Pin-pang' ikuskizuna estreinatu berri du Xabi Larrea zirkulariak. Gizarteko arazoen inguruan hausnartzeko bidea ireki nahi dio publikoari, magia, umorea eta pilotak lagun.

OSKAR MARTIN EDESA / FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ping-pongeko pilotak gora jaurti eta jaso. Ahoan bat sartu eta dozena bat atera. Magiaz eta umorez beteriko jolas horren harira eraiki du Xabi Larrea zirkuko artistak (Bilbo, 1976) estreinatu berri duen emanaldia: Pin-pang. Kezka sozialak plazaratzen ditu, baina txintik esan gabe; antzerki mutua baita. Gijonen (Asturias, Espainia) egin du estreinaldia, baina Euskal Herrira ere ekarriko du ikuskizuna: martxoaren 6an, 12:30ean, Arrigorriagako Lonbo Aretoan (Bizkaia) izango da.

Zer kontatuko duzu Pin-pang ikuskizunean?

Urte eta erdi pasatu dut emanaldi hau egiteko sorkuntza eta ikerketa lanetan. Malabarismoa, magia, umorea eta antzerkia nahastuz, erakusten dut egungo gizarteko bizi baldintzak ez direla bideragarriak. Nire emanaldiak gutxiagorekin bizitzera gonbidatu nahi du ikuslea.

Kezka sozialak adieraziko dituzu, beraz.

Bai. Gizartean badaude kezkatzen nauten gai batzuk, eta ideia horiek eraman nahi nituen antzerkira. Gaur egun bizi gaituen dinamika salatzea da nire helburua; ez baitugu denborarik nork bere buruari eta ingurukoei eskaintzeko. Horren guztiaren inguruan hausnartzera gonbidatu nahi dut jendea; produkzio dinamika horretatik irten eta lurraren erritmora bizitzera, alegia.

Eta nola egiten da hori hitzik esan gabe?

Azken batean, nire helburua ez da jendeari diskurtso bat botatzea, baizik eta nire ideien bitartez jendeari hausnarketa hori piztea. Horretarako, hitzak beharrean, ping pong-eko pilotak izango ditut lagun.

Hala ere, hausnarketarako bide bat irekitzeaz gain, jendeari momentu on bat pasarazi nahi diot, barre eginarazi. Horretarako etortzen da jendea antzokietara.

Beti ez da erraza izaten jendeari barre eginaraztea.

Ez, beti ez. Horretan asko baldintzatzen du lekuak eta uneak. Jakin behar da neurtzen non eta zein momentutan zauden.

Egia da nik hogei urte daramatzadala dagoeneko zirkuaren mundu honetan. Beraz, niretzako ez da hain zaila. Baina beti ez da erraza izaten, ez.

Hogei urte eta emanaldi dezente egin dituzu, gainera. Zerk desberdintzen du Pin-pang beste emanaldietatik?

Desberdintasun nagusia da emanaldi hau aretoetan egiteko pentsatuta dagoela; kale antzerkian aritutakoa bainaiz. Emanaldi hau mutua da, eta horrek ere desberdintzen du hau besteengandik. Izan ere, orokorrean, egin ditudan guztietan hitz egin izan dut. Jarraitzen dut, dena den, malabarismoarekin, umorea egiten eta tontoarena egiten [barreak].

Oraingoan, ordea, berezia eta politikoa den zerbait kontatzen dut hitzik esan gabe. Clown eta mimo gehiago sartu dut, gainera.

Gijonen estreinatu zenuen lehengo astean zirku emanaldia. Zergatik joan zara haraino?

Uste dut artistok saltsa askotan sartu behar garela gure espazio erosoetatik irteteko, eta horixe izan da nire apustua. Pentsatu nuen hoberena zela beste leku batera joan eta bertan ere aurkeztea. Uste dut esperientzia lagungarria izango zaidala gerora ere; bai artista moduan eta baita pertsona bezala ere.

Eta zer moduz joan da Gijongo estreinaldia?

Oso-oso ondo. Oso gustura gelditu naiz egindakoarekin eta jasotako erantzunarekin. Hasieran banuen urduritasun puntu hori, baina oso kritika onak jaso ditut.

Gijongoa azoka moduko zerbait da. Artistak joaten dira beren ikuskizunak aurkeztera eta saltzera, nolabait. Programatzaile eta banatzaile asko egoten dira. Andaluziako, Madrilgo eta Kataluniako banatzaile batzuk etorri dira Gijonera eta gustatu zaiela dirudi, nire ikuskizuna bertara zabaltzeko esan baitidate. Beraz, oso hasiera polita izan du emanaldiak. Oso pozik nago emaitzarekin.

Emaitza horren atzean ez dago lan makala, ordea.

Ez dago, ez. Lan handia dago, urte eta erdikoa. Gijongo estreinaldiko kritikak dira horren erakusle, eta eskertzekoa da egindako lanaren aitortza hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.