ATZEKOZ AURRERA. Peio Bilbao. Baserritarra

«Mendi artean egoteak egiten du berezia Urbiako Fonda»

Urbiako Fonda mendizale ugariren elkargunea da. Maiatzaz geroztik, itxita egon da, baina berriz ere ireki ditu ateak uztaileko azken egunetan, Naiara Romatet eta Peio Bilbaoren ardurapean.

ENDIKA PORTILLO / FOKU.
Iraia Irazusta Mujika.
2022ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
Betidanik izan du harreman handia mendiarekin Peio Bilbaok (Elgeta, Gipuzkoa, 1992). Altzelai-Altube familia arduratu da Urbiako Fondaz 25 urtean, baina, osasun arazoak zirela medio, itxi egin zuten fonda maiatzean. Gipuzkoako eta Arabako Patzuergoa berehala hasi zen arduradun berrien bila, berriz ere martxan jartzeko. Orain, Bilbaok hartu du erreleboa, Naiara Romatetekin batera, eta, hala, Aizkorriren magalean dagoen mendizaleen elkarguneak berriz ere ireki ditu ateak.

Zergatik erabaki duzue fonda hartzea?

Aspalditik ezagutzen dugu Urbia, baina, ez genuenez fonda barrutik ezagutzen, itxi zenean aukera zegoela entzun, eta ikustera etorri ginen. Hasieran proiektu handia zela iruditu zitzaigun, baina, hamaika buelta eman ostean, hartzea erabaki genuen.

Irekiera uztailaren 23an egin zenuten, San Ignazio egunaren aurretik. Zergatik?

Bai, aste bat lehenago ireki genuen. Argi genuen San Inazio egunaren aurretik ireki nahi genuela, erritmoa hartuz joateko egun handia baino lehen. Urbiako baselizako santua da San Ignazio, eta, egun horretan jende asko etortzen denez hara, ordurako motorrak berotuta eduki nahi genituen.

Zer moduz joan ziren azken prestaketak? Urduri egon zarete?

Bai. Beti gertatzen den bezala, denbora gainera etortzen da, baina, eguna gerturatuz joan ahala, dena prest genuen. Azken ukituak egitea bakarrik falta zitzaigun azken egunetarako.

Zer espero zenuten irekiera egunerako?

Egun horretarako, jende asko espero genuen. Eta aurrerago ere uste dugu jende asko etorriko dela gurera, ez San Ignazio egunean bezainbeste, baina makina bat bai.

Zer du berezia zuretzat Urbiako Fondak?

Urbiako Fonda berezia da: batetik, urruti dagoelako herrietatik, eta, bestetik, mendiz inguratuta dagoelako. Noski, horrek egoera zaildu egiten du, gehienbat negu garaian, elurra eta hotz handia izaten baitira maiz. Baina horrek, aldi berean, berezi egiten du lekua, eta, gainera, ikusi da bideragarria dela hartan lan egitea.

Jende asko zegoen fonda hartzeko gogoz. Nola jaso zenuten berria?

Hartzeko gogoz baino gehiago, jakin-minagatik gerturatu ziren hainbat eta hainbat. Fondara bertara joan ziren nola zegoen ikustera, baina, azkenean, bi pertsona ginen hartzeko interesa genuenak. Azkenean, guri eman digute aukera. Gure erabakia izan da; hala eta guztiz ere, erantzukizun handia da, eta saihetsezina da guretzat urduri egotea.

Naiara Romatet eta zu izango zarete fondaren arduradunak. Beste norbaiten laguntza izango duzue?

Hau bakarrik egitea ezinezkoa denez, egunerokoan etxekoak izango ditugu alboan. Bestalde, inguruko lagunak ere egongo dira, eta langileren bat edo beste ere izango da gurekin.

Aldaketarik egin duzue? Edo orain arte ezagutzen zen fondak berdin eutsiko dio?

Denak berdin jarraituko du, eta gu behintzat azken jabeek bezain ondo egiten saiatuko gara. Hala ere, aldaketa txikiren bat edo beste egin dugu. Batetik, Basatxerri produktuak salduko ditugu, eta, bestetik, produktu begetarianoren bat ere gehituko dugu menuan.

Zer harreman duzu mendiarekin?

Txiki-txikitatik bizi izan naiz mendizaletasunean barneratuta: etxekoengandik datorkit zaletasuna. Baserriaren mundu hori ere asko gustatzen zait, eta, azken batean, nire ustez, fondak denak batzen ditu.

Altzelai-Altube familiak hainbat bizipen bitxi bizi izan ditu fondan. Baduzue horien berri? Eta prest zaudete horiei guztiei jarraipena emateko?

Espero dugu baietz. Haiek askotan esan bezala, bizipen ugari izan dituzte fondan, eta espero dugu hemendik 25 urtera berriz ere elkarrizketa eginez gero aukera izatea horrelako hainbat pasadizo polit kontatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.