BILBOKO ASTE NAGUSIA. ATZEKOZ AURRERA. Ester Garcia Garcia. Rossini abesbatza

«Zarzuela elitista delako ideia baztertu nahi dugu»

Mozarten edo Vivaldiren musika ezaguna da mundu osoan, baina hori baino gehiago da musika klasikoa. Rossini abesbatzak hori helarazi nahi du Aste Nagusiko emanaldiarekin.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Ume bat zenean familiarekin batera herrira egiten zituen bidaiak ditu gogoan Ester Garcia Garciak (Bilbo, 1974). Bidaia horietan hasi zen musika klasikoarekiko bere zaletasuna, Brahmsen edo Mozarten kaseteei esker. 2014tik da Bilboko Rossini abesbatzako kide. 40 kantari ditu taldeak, eta gaur eskainiko dute emanaldia Bilboko Aste Nagusian, Gizakunde elizan, 20:30ean.

Nola definituko zenuke Rossini abesbatza?

Niretzat garrantzi handia du alderdi sozialak, familia bat bezalakoak gara. Abesbatza hasi zenean, 1980ko hamarkadaren bukaeran, zarzuela eta opera abesten zen soilik. Izan ere, abesbatza Arriagan sortu zen horrelako piezak abesteko. Hala ere, abesbatza ez zen antzokian errotu, eta denborarekin urruntzen joan ginen. Gure helburuetako bat zarzuela hedatzea da, musika estilo elitista bat delako ideia alde batera uzteko. Hau da, publiko orokorra musika mota horretara gerturatu nahi dugu. Horregatik, erakargarriak izan daitezkeen obrak bilatzen ditugu, barregarriak izan daitezkeenak, esaterako.

Zein da gustukoen duzun obra?

Eliz musika dut gustukoen: Verdiren, Mozarten edo Brahmsen requiemak, esaterako. Uste dut abesteko orduan asko transmititzeko gai garela, eta eliz musikarekin, fedearen atala alde batera utzita, entzuleen artean zirrara eragiteko, pozarazteko edo tristura helarazteko gai gara.

Eman dituzuen kontzertuetatik zein izan da zure gustukoena?

Azkenaldian aurrera eraman ditugun proiektuen artean Zarzuela on air izan da gehien gustatu zaidana. Bertan, 1950eko hamarkadako irrati saio bat antzezten dugu. Zarzuelaren ingurukoa da saioa, eta abesbatza ezberdinen inguruan hitz egiten den heinean, guk horiek eszenaratzen ditugu, pianista batekin batera. Jendeari asko gustatu zaio proiektua; batez ere, emanaldian zehar egiten ditugun garaiko iragarkien bertsioak.

Zer da zailena musika klasikoa zuzenean abesteko orduan?

Momentu oro zuzendariari jaramon egitea. Inoiz ez dira gauzak berdin egiten obrak antzezteko orduan. Momentuan dagoen soinuaren arabera, entseguetan baino azkarrago edo motelago abestu beharra dago. Hori dela eta, opera edo zarzuela abesteko, arreta mantentzea da garrantzitsuena.

Bilboko jendeak musika klasikoa gustuko du?

Geroz eta gutxiago. Zaletasuna duen jendea egon badago, baina zahartzen doa. Belaunaldi berriak ez datoz musika klasikoa entzutera. Egia da egon badaudela musika klasikoan interesa duten gazteak, baina horiek abesbatzetan eta orkestretan daude. Bilboko Udaletxean egiten diren Gabonetako kontzertuetan ikusten da argi entzuleen artean aldaketarik ez dagoela. Hirian tradizio handia duten arren, urtero pertsona berberak datoz.

Musika klasikoak zergatik ez du publiko berri hori bereganatzen?

Aisialdi gutxi eta garestia zegoen garai batetik, edozein motatako denbora-pasak gure esku ditugun sasoi batera igaro gara. Gainera, berehalakotasuna maite duen gizarte batean bizi gara. Hori musika klasikoaren kalterako da. Izan ere, hau ez da berehalakoa, entsegu eta doitze prozesu bat igaro behar da abestu ahal izan aurretik. Baina ikus-entzuleentzat hori ikusezina da. Hainbeste eskaintza kultural dugu, non musika klasikoa atzean gelditzen ari den.

Nola bultzatu beharko litzateke musika klasikoa?

Jada ari gara gauzak egiten. Kontzertu didaktikoak antolatzen dira, antzezlan bat agertokiaren atzealdetik ikusteko aukera dago, kontserbatorioek irakasteko era aldatu dute, eta abar, eta abar. Baina egia da ez duela zaletasunik pizten.Ez dakit zein izango den musika klasikoa aurrera eramateko gai izango den makilatxo magikoa. Hala ere, nire ustez, oinarria eskoletan ematen diren kontzertu didaktikoetan egon beharko litzateke. Baina, filosofiarekin gertatzen den modura, urte batzuk badira ikasketa planetan musika alde batera uzten dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.