ATZEKOZ AURRERA. Kremena Pavlova. Pipita saltzailea

«Pipita beltzak probatzen dituztenak beti itzultzen dira»

«Gatzarekin edo gatzik gabe?»; Pavlovaren dendan horixe entzuten da gehien. Bulgariako pipita beltzen inguruan aritu da, baita saltoki bat mantentzeko dauden zailtasunei buruz ere.

JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2022ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Las Pipas Iruñeko Arrosadia auzoko saltoki txiki bat da, batez ere produktu bat saltzen duena: pipitak. Bulgariatik Euskal Herrirako bidaia egin behar dute pipita horiek, gero Kremena Pavlovak (Varna, Bulgaria, 1982) bere dendan arratsaldero saltzeko. Horretaz gain, dendariak bere sorterriko edariak, janariak eta gozokiak ere saltzen ditu, baina pipita beltzak dira produkturik ezagunenak.

Denda noiz ireki zuten lehen aldiz?

Denda hau Iruñean bulgariar produktuak saltzeko ireki zen lehenengo denda da. Duela hogei urte ireki zuten, baina aldatu den gauza bakarra jabeak izan dira.

Noiz hasi zinen dendan lanean?

Senar ohia eta biok 2017an hasi ginen lanean, baina duela bi urte hasi nintzen denda ni bakarrik eramaten.

Zergatik hasi zinen pipitak saltzen dituen dendan lan egiten?

Bulgarian pipita beltzak asko jaten dira; oso ohikoak dira gatzarekin edo gatzik gabe jatea. Orduan senarra nuenarekin denda bat irekitzeko ideia izan nuen, non, pipitak saltzeaz gain, Bulgariako edariak eta janaria ere salduko genituen.

Pipita beltzak hemen ohikoak direla uste duzu?

Ez. Hemen usoentzako erabiltzen dira soilik, eta horregatik beste dendetan gordinik saltzen dira. Denda honetan ez.

Zein da pipita horien berezitasuna?

Bulgariako pipita beltzek azala biguna dute, hortzekin errazago zatitzeko. Ez dira batere gogorrak.

Zein da jendearen erreakzioa probatzen dituenean?

Bitxiak direla pentsatu ohi dute; ez dute testura hori espero. Baina beti itzultzen dira nire dendara, pipita beltzen bila.

Nondik jasotzen dituzu pipitak?

Bulgariako enpresa batetik jasotzen ditut. Baina orain pipita mota gutxiago ekartzen dizkidate, salmentak jaitsi direlako.

Zenbat pipita mota dituzu?

Pipita beltzak gatzarekin eta gatzik gabe saltzen ditut, eta hemengo ekilore hazi handiak. Gainera, kakahuete txigortuak ere egiten ditugu, etxekoak. Lehen kalabaza pipitak ere saltzen nituen, baina orain ez ditut.

Zeintzuk dira gehien saltzen diren pipitak?

Gehien saltzen diren pipitak beltzak dira, gatzik gabekoak.

Pipitaz aparte, zein da gehien saltzen den produktua?

Gehien saltzen dena Bulgariako jogurta da; hemen jaten duzuenaren guztiz kontrakoa da; oso zapore berezia du. Ez dakit nola azaldu, probatu beharreko zerbait da.

Nortzuk dira zure bezeroak?

Dendan hasi ginenean adostu genuen ez genuela nahi bulgariarrak bakarrik etortzea gure dendara: hemengo bezeroak ere nahi genituen. Orain askoz bezero gehiago ditut hemengoak Bulgariakoak baino.

Zer-nolako presentzia du Bulgariak Arrosadian?

Duela hamasei urte etorri nintzen, eta, geroztik, auzoa asko aldatu da. Orain ez gara hainbeste bulgariar, eta beste herrialdeetako dendak ere badaude.

Nolakoa izan da pandemia garaia?

Denda ez dugu itxi. Salmentek behera egin zutela nabaritu genuen, baina gero, amaitu zenean, auzoko kaleetan lanak egiten hasi ziren. Beraz, ez dugu asko berreskuratu.

Auzoko lan horiek ere kalte egin dizute, beraz?

Bai, bezero asko galdu ditut horregatik. Lehen, goizetan eta arratsaldeetan irekitzen nuen denda, baina obren ondorioz ez da hainbeste jende etortzen. Beste lan bat bilatu behar izan dut goizetarako, baina ez dut denda itxi nahi.

Zein da negozio honen zailtasun nagusia?

Bezeroak mantentzea. Gainera, gero eta supermerkatu gehiago irekitzen dituzte, eta hori nabaritu da salmentan. Baina hasieratik etorri direnak etortzen jarraitzen dute; bezero leialak ditut.

Zer dira pipitak zuretzat?

Niretzat, haurtzaroa. Bulgarian, pipitak garaje txikietan prestatzen dituzte, eta paperezko konoetan jasotzen genituen, bero-beroak. Oroitzapen horrekin lotzen ditut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.