ATZEKOZ AURRERA. Raisa Alaba. Ilustratzailea

«Asko gustatzen zait mugimendua marraztea»

Mundu osoko ekitaldi eta komunikabideetarako marraztu duen artista da Alaba. Oraingoan, 2023ko Frantziako Tourreko kartela egin du. Kolore asko eta oso biziak dituen ilustrazioa da.

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
unai etxenausia
2022ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Raisa Alaba (Zuhatza, Araba, 1990) ilustratzaileak sortu du 2023ko Frantziako Tourreko kartela. La Taller Bilboko galerian egiten du lan. Arte Ederretan lizentziatua da EHUn, zeramikan masterra egin zuen, eta Bartzelonako Elisava eskolan Ilustrazioa eta Komikia graduondokoa egin zuen. Polonian egonaldi artistiko bat egina da, eta Artium museoak beka bat eman zion Eskualdea lanagatik.

Kartelak Bilboko Guggenheim museoa, itsasadarra eta Parisko Garaipenaren Arkua uztartu ditu, Tourraren 110. aldiak Bilbo eta Paris lotuko baititu; lehen hiru etapak Euskal Herrian jokatuko dira. Komikietako irudiak dira egilearen inspirazio iturri nagusia; hain zuzen, kartelean ikus daiteke hori. Kolore biziak ditu kartelak; izan ere, Alaba «beti» saiatzen da kolore biziak sartzen.

Zer sentitu zenuen lehiaketa irabazi zenuenean?

Ez nuen espero. Horrelako lehiaketa batera aurkezten zarenean, batzuetan espero duzu irabaztea, eta beste batzuetan ez. Honetan, bereziki lehia handia eta kalitate handia zegoen marrazki guztietan. Horregatik, ezuste handia hartu nuen berria eman zidatenean. Oso pozik nago, eta aukera bikaina dela uste dut.

Zerk bultzatu zintuen lehiaketan parte hartzera?

Ilustratzaile gisa beti adi egoten zara lehiaketa edo aukera desberdinak atera daitezen. Ez naiz oso kirolaria, baina asko gustatzen zait mugimendua marraztea: hori izan zen erronka. Azkenean, zirriborro asko marraztu ondoren, marrazki irabazlea atera zitzaidan.

Hainbat elementu ezberdin batzen ditu kartelak.

Lehiaketaren oinarrien arabera, inportantea zen marrazkian mugimendua adieraztea. Gainera, mendiak eta kolore berde eta urdinak garrantzia hartzen dute; Euskal Herrian asko ikusten ditugun koloreak baitira. Horrez gain, izarrak ere badaude, mugimenduari laguntzen dioten lerroekin batera. Eta kolore gorriak, horiak, arrosak... ukitu alaia ematen diote kartelari. Normalean, oso serioak izaten dira kirolari lotutako kartelak, eta ideia horrekin apurtu nahi nuen nik.

Zure lanetan, koloreak oso garrantzitsuak dira, ezta?

Arte Ederrak karrera ikasi nuen, eta marrazketa arloan zentratu nintzen batez ere. Halere, duela bost urte bakarrik hasi nintzen nire marrazkietan kolorea erabiltzen, eta niretzat gauza berria da oraindik. Hasieran,ez nekien koloreak nola sartu, eta gehiegi erabiltzen nituen. Kantitatea murriztu dut, baina fluor koloreak sartzen saiatzen naiz beti.

Paperean marrazten duzu?

Normalean, bai, eskuz marraztea gustatzen zait. Gehienetan, rotrin bidez sortutako marrazkiak egiten ditut. Egia da prentsarako marrazkiak egin behar ditudanean edo azkar entregatzea eskatzen didatenean ordenagailuan egiten ditudala. Hala ere, niri gehiago gustatzen zait eskuz eta paperean egitea.

Nola definituko zenuke zure ilustrazioen estiloa?

Komikiak dira nire erreferentziarik garrantzitsuena eta inspirazio iturria. Komikien oso zalea izan naiz betidanik: denbora asko pasatzen dut haiek irakurtzen, beti nago azken nobedadeak itxaroten, eta autore desberdinek argitaratzen dutenaren berri izatea gustatzen zait. Beraz, nire marrazketa estiloa komikian oinarritzen dela esango nuke.

Nola erabakitzen duzu zer eta nola marraztu?

Apur bat arraroa da inspirazioarekin zerikusia duen guztia. Inspirazioa ez dator bakarrik: lan asko egin behar da, eta asko marraztu. Zirriborro asko desegin behar dira nahi duzun emaitza lortzeko. Ni beti hasten naiz zirriborro azkarrak egiten, eta gehien gustatzen zaidana lantzen dut ondoren.

Besteak beste, The New York Times egunkarirako zein Pikara Magazine aldizkarirako egin izan dituzu lanak. Orain zer duzu esku artean?

Oraingoz, BALA Bilboko Arte Liburu Azokaren kartela egin berri dut. Horretaz gain, animazio batzuk egiten ari naiz. Horretan nabil buru-belarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.