ATZEKOZ AURRERA. Mikel Edorta. Tatuatzailea

«Marrazteko era askeago bat ezagutu dut amonari esker»

Bere amonak marraztutakoa tatuatzen du Edortak Aizkora tatuaje dendan. Bien proiektuaren eta artista izatearen inguruan aritu da: «'Artista' hitza formakuntza akademikoarekin lotzen da soilik».

IÑIGO URIZ / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2022ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Duela hamabi urte hartu zuen lehenengo aldiz tatuatzeko makina Mikel Edortak (Iruñea, 1991). Hala ere, betidanik izan du margotzeko zaletasuna, bere amona Josefina Altunari esker. Bi artistek proiektu berri bat abiatu dute Aizkora Tattoo dendan: Altunak egiten dituen marrazkiak tatuaje bihurtzen ditu bilobak. Gainera, Leihoa. Ilargia. Artizarrak liburua atera berri dute, bien artean sortutako proiektuaren ezaugarriak azalduz.

Zure amonarekin marrazteko ohitura daukazu?

Txikitatik marraztu dut nire amonarekin. Nire lehendabiziko oroitzapenak haren etxeko sukaldean dira, margotzen. Haztean, ahaztu egin nituen momentu horiek.

Nondik sortu zen zure amonaren marrazkiak tatuatzeko ideia?

Egun batean, nire bezeroetako bat Henry Darger artistaren marrazki batekin sartu zen dendara. Hurrengo astean, nire amona bisitatzera joan nintzen, eta marrazten topatu nuen. Momentu horretan, sukalde horretako oroitzapenak berreskuratu nituen, eta deskubritu nuen zer-nolako artista den nire amona: artista marjinala, Henry Darger bezala. Beraz, nire amonaren marrazkiak sare sozialetan jarri nituen, eta50 tatuaje baino gehiago egin ditut haren marrazkiekin.

Zure amona eroso sentitzen da artista deitzen badute?

Artista marjinalekin beti gertatzen da haiek ez diotela garrantzirik ematen egiten dutenari. Baina artistak dira. Orduan, ez dakit nire amona horrekin eroso sentitzen den, baina onartu du. Oso lotsatia da, baina proiektu honi esker ahaldundu egin da. Gainera, askotan artista hitza formakuntza akademikoarekin lotzen da, eta hortik kanpo geratzen diren guztiek ez dute eskubide bera.

Uste duzu tatuatzaileek lekua aurkitu duzuela artisten artean?

Ez dakit. Niri bereziki gustatzen zaidan tatuaje estiloa klasikoa da, duela 100 urte baino gehiago sortu zena. Pertsona horiek ez zeukaten beren burua artistatzat, beste irudi batzuen bertsioak egiten zituztelako. Haientzat, ofizio bat zen, besterik ez. Gaur egun, badaude ikuspegi artistiko gehiago tatuajearen munduan.

Zure marrazteko eran amonaren influentzia nabaritu duzu?

Bai. Proiektuarekin hasi nintzenean, estilo klasikoan aritzen nintzen batez ere; estilo nahiko itxia da hori. Nire amonarekin proiektua hasi nuenean, ikusi nuen marrazteko era askeago bat bazegoela. Gaur egun, libreagoa sentitzen naiz, eta orain hurbilago sentitzen naiz tatuajeen alde artistikotik.

Nolakoa da marrazkia tatuaje bihurtzeko prozesua?

Normalean, prozesuan nire amonaren marrazkiaren zati bat galtzen da, nik nire ikuspuntua ematen diodalako.

Zein izan zen zure amonaren erreakzioa bere marrazkia norbaiten azalean ikusterakoan?

Harrituta geratu zen. Gainera, marrazkiak sare sozialetan jarri nituenean, jende askok partekatu zituen, eta hori ez du ongi ulertzen. «Nola da posible Japoniako batek nire marrazkiak ikustea?», galdetu zidan.

Josefinak marrazkiak zuzendu ditzake, baina tatuajeak ezin dira moldatu. Nola bizi du hori?

Ezin da; horregatik, orain borragoma baztertu du, eta zerbait konpondu nahi duenean gainean marrazten du. Horren adibide da beti kontatzen duen istorioa: ezpainak marrazten dituenean eta gaizki ateratzen zaizkionean, bere pertsonaia zigarro batekin agertuko da. Beraz, bere marrazkiak norbaiten azalean ikusten dituenean ez du sentitzen zerbait moldatzeko beharra.

Zuen liburuan zer aurki daiteke?

Lehendabiziko atalean, proiektua nola hasi zen azaltzen dut. Gero, nire amonak bere bizitza azaltzen du. Hirugarren atalean, arkatzez eta akuarelaz egindako marrazkiak jarri ditugu, poema batzuekin batera. Azkeneko orrietan, diseinu horiekin egindako tatuajeak daude.

Zure amonaren zaletasuna zure lanbide bilakatu duzu, beraz?

Bai. Nik uste dut hori izan dela proiektu honetatik atera dudan gauzarik politena. Nire amonari erakutsi diot berari esker ikasi dudan guztia, nahiz eta berak horrela ez ikusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.