ATZEKOZ AURRERA

Esku txiki bat guztien eskura

Jende anitz joan da Irulegiko Eskua ikustera. Iruñeko Planetarioan paratu dute zenbait orduz, eta ilara luzean zain egon behar izan dute eskua bertatik bertara ikusi nahi izan dutenek.

Bisitariak Irulegiko Eskua arreta handiz ikusten eta argazkiak egiten, Iruñeko Planetarioan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Burua aurreratu eta bizkarra makurtu zuen aldi berean. Bitrinak aurrerago segitzea galarazi zionean, begiak zimurtu eta bekainak beheititu zituen, begitartea belztuz. Ez zegoen haserre: kontzentraturik zegoen. Bat-batean, begiak erabat zabaldu zituen, eta atzera egin zuen. Eskua zorroan sartu, eta sakelako telefonoa atera zuen. Klisk. Argazki bat. Klisk. Beste bat, badaezpada. Albotik: Klisk. Minutu pare batez so egin zion aurrean zuenari, goitik behera, xehe-xehe aztertu nahiko balu bezala. Buelta eman, eta aretotik atera zen, ezkerrean zuen jende ilara atzean utzita. Azkenean, bertatik bertara ikusi zuen aldez aurretik hainbeste argazkitan begietsitako tresna: Irulegiko Eskua. Atzo Iruñeko Planetarioan ikusgai izan zen hiru ordu eta erdiz. Jendetza pasatu zen aurretik.


Duela hogeita bat mende bere etxeko atarian objektu apotropaikoa paratu zuen baskoi hark nekez imajinatuko zuen hainbeste denbora pasatuta jende ilara luze bat egonen zela hura ikusteko. Ilara amaigabea zen, batzuk aretoan sartu ahala beste batzuk batzen baitziren itxaronaldira. Planetarioko sarreran zuten idazketa iberikoz sorioneku eta deszifratu gabeko beste hitz batzuk izkiriaturik dauzkan esku famatua. Bitrina batek gordetzen zuen, eta foku handi batek argitu. Sabaian zodiakoaren zeinuak agertzen zituen beirate urdinak goxatzen zuen atmosfera, eta misterio puntu bat gehitu. Harridura aurpegiak, irribarre zabalak eta begi zorrotzak ikusi zituen eskuak aurretik etengabe igarotzen.

Ilara luzean, zain

Ordua 16:30ean jarrita bazegoen ere, Mari Karmen eta Lourdes Martinez ahizpa ordiziarrak planetarioko atarian ziren 14:50ean. Ordua gerturatu ahala, luzatuz joan zen atzetik zabaltzen zen jende ilara. «Gertutik ikusi nahi dugu. Momentuz ezagutzen den gure historiaren abiapuntua da», esan zuen lehenbizikoak. Askoz ere atzerago ziren Maite Aranburu eta Ainhoa Aznarez gaztetxo iruindarrak. «Interesagatik etorri gara», esan zuen Aznarezek. «Nafarroako historia ezagutzeko. Aldez aurretik telebistan ikusi genuen etxean». Ez zuten irudikatzen zer ikusiko zuten, ordea. «Selfie bat eginen dugu agian».

Areto barruan arretaz begiratu zioten Martinez ahizpek eskuari. Lourdesek «sekulako poza eta emozioa» sentitu zituen esku horrek euskaldunentzat zer esan nahi duen pentsatuta. Ez zitzaion batere damutu Iruñera horretarako propio joan izana: «Ez da berdin argazkian ikustea; hau beste sentimendu bat da».

Sarrera eta irteera ongi markaturik zeuden jendea pilatu ez zedin: sarrerako ilara, eskua, kazetariak mikrofono eta kamerekin, irteera. Txintxo-txintxo bete zuten bidea denek, baita hitzartu gabeko gidoia ere: aurrekoaren buruaren albo batetik begiratu lehenik, eta eskua aurrez aurre zegoela ongi aztertu eta zenbait argazki atera. Batzuek, selfie eta guzti. Ibai Lopez de Pariza gurasoekin zegoen ilaran. Eskuari buruz ari ziren. Beiraren aurrean zirela, beren burutazio eta sentsazioak komentatu zituzten. Gasteiztik joanak ziren espresuki eskua ikustera. «Gertu dagoenez, animatu gara ikustera. Jakin-minagatik etorri gara. Gero bueltatxo bat emango dugu Iruñean».

Eskuaz galdetuta, berehala erantzun zuen: «Oso-oso txikia da. Egia esan, argazkietan handiagoa ematen du». Horixe errepikatzen zuten gehien bisitariek: eskua txikia zela. Handiagoa espero zuten, nonbait. Saioa Castillok ere bai: «Oso txikia da, baina ez dut desilusiorik hartu; oso polita iruditu zait. Agian argitasun handia jarri diote, baina tira». Argazki txukunak egiteko oztopo zen eskuaren azpiko fokua.

Berezia izan zen Castillorentzat. Irulegiren magalean sortua da, Mutiloan (Nafarroa), baina, Madrilen ikasten duenez, ezin izan zuen ikusi haren herriko udaletxean ikusgai paratu zutenean. «Euskararen historian, sekulako aurkikuntza izan da, eta euskararen babeserako ere oso garrantzitsua», azaldu zuen. Askotan joaten da Irulegira, eta inguruetan txakurrarekin ere ibiltzen da sarri. Berak hainbeste zapaldutako lurretan agertu zen eskua. «Sentsazio polit-polita da euskara gure inguruan beti egon dela jakitea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.