Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Euskal letren errepublika

2017ko urriaren 26a
00:00
Entzun
Rikardo Arregi Diaz de Herediak joan den asteko zutabean sarien gaia papereratu zuenez —eta sari-denboraldi betean gaudenez—, hitz egingo dut nik ere sariez txoko honetan.

Idazten eta argitaratzen hasi nintzen garai dagoeneko nahiko urrunean, nire amets kitzigarrienenetako bat zen ospe, oihartzun eta ponperia handiko sari bat irabazi eta, motibo etikoengatik, nire errebeldia menderagaitzak ezinbestean hartaratuta, sariari uko egitea. Idazle ibilbide oparo eta koherente baten gailurra irizten nion hori egin ahal izan eta egiteari.

Gaur egun, ordea, aitortu beharra daukat, edozein sari hartzeko prest nago, hura ematen duena edozein delarik ere, edo ia-ia edozein behintzat. Garai batean nintzen Panfleto Octavillari lotsagarri irudituko litzaiokeen sari bat jasotzea egokitzen baldin bazait, gaur egun naizen Pantuflo Zapatillak prestatua du saria jaso ondoren, inork ezer leporatuz gero, emango liokeen erantzuna, bi zatitan ematekoa: batetik, literaturaren munduko sari guztiak dira, aldez edo moldez, berez eta ezinbestean, bidegabeak; bestetik, langilea naizen aldetik —areago soldata finkorik gabeko langile autonomoa izanda—, beste edozein diru-sarrera bezain zilegiak zaizkit sarien bidez eskuratutakoak. Bigarren arrazoia edo aitzakia indartzeko, eranskin gisa, Pantuflo Zapatillak argudia lezake bereziki absurdoa irudituko litzaiokeela, saria agintean den erakunde ofizial batek emana izanez gero, hilero-hilero bide batetik baino gehiagotik dirua derrigorrean eta hutsik egiteko aukera txikiena ere utzi gabe kentzen dizunari ezezkoa ematea noiz eta dirua eman nahi dizunean.

Badaezpada ere —inoiz ez da jakiten noiz— Pantuflo Zapatillaren aitzakia horiek aipatu eta gero, esan behar dut zilegiak ez ezik aintzat hartzekoak ere iruditzen zaizkidala, gutxienez, sariei uko egiten dieten idazleek plazaratutako argudioetako batzuk. Koldo Izagirreren honako hau da azkenaldian lepo gaineko nire errotari bira gehien emanarazi diona: «Euskadi sarietan gu Euskarazko Literatura gara, ez Euskal Literatura, erdaldunena Gaztelaniazko Literatura da, ez Erdal Literatura. Biak parekatuak gaude Salomonen erako elebitasunean». Izagirreren ustez, Euskadi sariak «funtsean, euskararen subordinazioaren zeremoniak dira».

Parekidetasun guztiz fikziozko bat itxuratzen dute Euskadi sariek; Euskal Herriko herririk euskaldunenetako liburu dendetako erakusleihoek eta —eskela kopuru handiena argitaratzeaz gain— publizitate instituzional gehien jasotzen duten Euskal Herriko hedabideetako kultura arloko orrialdeek egunero-egunero, zalantzari tarterik txikiena ere ez uzteko moduan, gezurtatzen duten ustezko parekidetasuna.

Eusko Jaurlaritzak Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoko gaztelaniazko literatura sustatu nahi badu, sustatu dezala, baina ez dakit egokia den gaztelaniazkoa eta euskarazkoa ekimen berean, molde berean eta irizpide berberekin sustatzea, biek egoera, estatus eta premia berak balituzte bezala. Adibide objektibo bat jartzearren, euskarazko literaturako Euskadi sariak euskarazko liburuen munduko txapelketen pareko zerbait dira, eta horietan Euskal Herrian inoiz izan gabeko japoniar bat edo zimbabwetar bat izan daiteke, adibidez, irabazlea; gaztelaniazkoak, aldiz, gaztelaniazko liburuen EAEko txapelketatzat baino ezin dira jo. Horrek ez du esan nahi —argi dago, baina esan dezadan badaezpada ere— euskarazko obrak gaztelaniazkoak baino maila handiagokoak edo hobeak direnik, baina sariek oso izaera desberdina dutela erakusten du.

Beste kalte batzuen artean, aurten gertatzen dena gertatzeko arriskua sortzen du parekatze faltsu horrek: Euskadi sariei esker sustapen handiena izango duen liburua inolako sustapen premiarik ez duen bat izatea; Euskadi saria, lortu dituen gainerako sari eta goraipamenen aldean, txiki samar geratzen zaion liburu bat.

Euskal Herria independenterik ezin badugu izan, nahiko nuke nik euskal letren errepublika independente bat gutxienez. Behar diren harreman diplomatiko guztietara irekia —estimatzen eta irakurtzen ditugu Euskal Herrian gaztelaniaz idazten duten idazleak—, baina independentea.

Badirudi diru-laguntza publikoz euskarazko zerbait egiten den bakoitzean, erdarazko pareko zerbait bat egin behar dela derrigorrez, handiagoa ez bada. Ez dago ba diru-publikoz majo lagundutako erdara hutsezko ezer bazterretan! Badakit beste upel bateko sagardoa dela, baina ETB1en eta ETB2ren arteko konparazioak ekartzen dizkit gogora Euskadi sarien ustezko parekidetasun faltsuaren kontuak. Ederki asko ilustratu zuen errealitate gordina Mario Zubiagak duela aste batzuk, Twitterren, urriaren 1ean Bartzelonan egindako argazki batekin: ETB1 eta ETB2ko platoak erakusten zituen argazkiak, lehena toldope txiro eta prekario bat,teknikoki ondo hornitutako aterpe duin eta erosoa bestea.

Eta behin puntu honetara iritsita, ezin dut amaitu artikulu hau salatu gabe ETBk Sautrela literatur saioarekin aspaldidanik izan duen jokabide axolagabe eta zabarra; ezta Hasier Etxeberria zenak euskal letren errepublikak telebistan leku duin —eta independente— bat izan zezan beti egin zuen lan suharra laudatu eta eskertu gabe ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.