ATZEKOZ AURRERA. Ainhoa Resano eta Savina Lafita. Argazkilaria eta antropologoa

«Etxeko argazki albuma desagertzen ari da gaur egun»

Emakumeen memoria gordetzeko, Resanok eta Lafitak Bilboko San Frantzisko auzo inguruko emakumeen argazki albumak bildu dituzte, esparru pribatuaren eta publikoaren arteko gogoeta egiteko.

MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2018ko uztailaren 3a
00:00
Entzun

Bilboko San Frantzisko auzo inguruko emakumeen familia albumetako erretratuak bildu eta erakusketa batean zintzilikatu dituzte Ainhoa Resano argazkilariak (Iruñea, 1974) eta Savina Lafita antropologoak (Bartzelona, 1985). Auzoko emakumeen memoria bildu eta berreskuratu nahi izan dute, denetariko emakumeenak, gainera: prostitutena zein mojena. Gorte kaleko 28. zenbakiko lokalean jarri dute Ellas erakusketa, Club Eden prostituzio etxearen parean. Aurreko astean soilik eduki behar zuten zabalik, baina, jendearen erantzuna ikusita, aste honetan ere zabalik edukiko dute. Bideoa: Ellas (Ainhoa Resano).

[Vimeo]https://vimeo.com/276905636[/Vimeo]

Familia albumak bilatzen aritu zarete. Nolakoa izan da prozesua?

AINHOA RESANO: Azken bi urteetan egin dugun ikerketaren kapa bat besterik ez da hau. Nahi bateratu batetik abiatu ginen, baina fase teorikoago bat eduki genuen.

SAVINA LAFITA: Bagenekien emakumeekin eta argazkiekin lan egingo genuela, eta auzoan hasi ginen bibliografia bila.

Zergatik familia albumak?

A.R.: Nire bizitza albumen bidez gogoratzen dudalako. Etxetik kaleratu behar zuten bizilagun baten albuma ikusten hasi nintzen, eta hor ohartu nintzen zein garrantzitsua den identitate propioa sortzeko.

S.L.: Nik memoriaren aktibazioan lan egin izan dut, eta argazkia oso erakargarria iruditu zitzaidan jendearen memoriara iristeko. Familia albumak emakumeek babestu izan dituzte, eta bilaketa egiteko modu bat izan da hori.

Eta zergatik auzo honetan? Bertako emakumeei ez zaielako ahotsa eman?

A.R.: Hemen bizi garelako, eta gertutasun hori interesgarria da. Auzoa, gainera, aldaketa etengabean dago, eta konpromiso hori sentitzen genuen istorioak bilatzeko. Auzo maskulinizatua da, gainera, eta emakume batzuei buruz hainbeste hitz eginda, ez dakigu ezer. Hori ikertu nahi genuen.

Pribatua publiko bihurtu duzue...

S.L.: Hori zen gure helburua, ikustea zer gertatzen den eremu pribatuan egoteko pentsatua dagoena publikora pasatzen duzunean.

Nola hartu du auzoko jendeak?

S.L.: Gure bilaketa lana kalean egin dugu, tabernetara joanez, adinekoen egoitzara, liburutegira... Jendeari interesgarria iruditu zaio, eta beharrezko iruditu zaio.

Nola ordezkatzen dira emakumeak album horietan?

A.R.: Poseak ikusi besterik ez dago. Harremanetan ere, albumetako orri batzuk gizonentzat bakarrik dira, eta beste batzuk emakumeentzat; ezkontzek ere garrantzia daukate... Hortik egin dugu tira istorio horiek ateratzeko, interesgarriak ziren galderak egiteko.

Adibidez?

S.L.: Horretan gabiltza orain. Sortutako eragina aztertzen eta gogoeta egiten ari gara. Ikusten ari gara nola erantzuten duen jendeak, eta azkenean ikusi nahi dugu zer gertatzen den norberarena publikora eramatean. Emakume bat ordezkatua sentitzean, harreman berriak sortzen ote diren.

Galdutako ondare bat berreskuratu nahi duzue? Auzoa asko ari da aldatzen azken boladan...

S.L.: Sorreratik, auzoa asko aldatu da, eta beste aldaketa garai bat dago orain. Emakumeek auzoari buruz hitz egiten dutenean, haiena sentitzen dute, eta iragana bizi dute oraindik.

A.R.: Halaber, esan daiteke argazkilaritzaren ikuspegitik ere aldaketa garaian gaudela, paradigma batean. Azken batean, etxeko argazki albuma desagertzen ari da, eta esan daiteke lubaki bat dagoela ondarearen eta ahanzturaren artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.